Sagardoaren lurraldea

En busca de la mejor manzana para llenar la botella

calidad marca sagardo mahaia sidra sagarlan manzana

Ficha

  • Autor: Nerea Pikabea
  • Fuente: Argia aldizkaria
  • Fecha: 2008-01-20
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Revistas
  • Procedencia: Gipuzkoako Foru Aldundia - Iñaki Larrañaga
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P23-102
  • »
  • Código: NA-000595

Texto completo

Euskal sagardogintzaren ezintasun nagusia bertako sagarrik ez izatea da. Sagardogileek kanpora jo behar izaten dute urtero sagar bila. Sagardotarako egokia den bertako sagarra bultzatu asmoz, Gipuzkoako hainbat sagastiren egoera aztertzen ari da Sagardo Mahaia Usurbilgo Sagarlan aholkularitza enpresaren laguntzarekin. SAGARDOGINTZAREN sektorerako plan estrategikoa abian jarri zuten Gipuzkoako sagardogileek 2005ean. Sagardotegiz sagardotegi diagnostikoa egin zuten upategien egoera eta sagardogile bakoitzaren beharrak aztertzeko. Hortik, Sagardo Mahaia sortu zen: Gipuzkoako hainbat sagardogilez osatua dago eta Gipuzkoan sagardoa ekoizten duten sagardogile ia gehienek babesten dute bere lana. Eratu zenetik hiru ikerketa bideratu dituzte: merkatu ikerketa, sagastien ikerketa eta upa upategietako ikerketa. Horien emaitzekin sektore guztian aplikatuko diren erabakiak hartzea da asmoa. Sagardo litro kopuru handiena Gipuzkoan ekoizten da, baina ez dute nahikoa sagar litro horiek guztiak egiteko. Mende erdi bat atzera eginez gero, sagarrondoak ziren Euskal Herriko zati handi baten paisaiaren elementu nagusiak. 36ko Gerraren ondoren, eskasiak pinuaren landaketa ekarri zuen. Azken berrogeita hamar urteetan sagarrondo gutxi landatu da, ez du lehentasunik izan baserritarren eta nekazarien zereginetan. Horrez gain, belaunaldi aldaketa eman da. Ondorioz, sagarraren kultura eta sagarrondoak era egokian zaintzeko ezagutza galdu egin da. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, gutxi gorabehera 300.000 sagarrondo daude Gipuzkoan, 800 hektareatan sakabanatuta. Barietate gazi-garratzak dira nagusi. Iaz hamabost tona eta erdi sagar baino gehiago erabili ziren sagardoa egiteko; horietatik %45 Gipuzkoako sagarra izan zen, beste %45 Frantziatik ekarritakoa, %8 Galiziakoa eta %2 Txekia, Asturias eta Bizkaitik etorritakoa. Sagastien ikerketa Sagardo Mahaiak eskatuta Gipuzkoako sagastien ikerketa egiten ari da Usurbilgo Sagarlan aholkularitza enpresa. Sagardogileen sagar-hornitzaileen sagastiak dira aztertzen ari direnak. Sagasti guztiak aztertzea ezinezkoa zenez, 250 bat sagargile aukeratu zituzten .horietako batzuk bizpahiru Sagasti dituzte.. Ekainean hasi ziren lanean eta martxo ingururako amaituta izatea espero dute. Sagastien ebaluaketa eta sailkapen teknikoa egiten ari da Sagarlan. Lurrari lotutako azterketa da, eta beraz, ez du zerikusirik enologiarekin. Ondoren, horren azterketa estatistikoa egingo du Neiker-ek. Aitor Etxeandia eta Antton Olaizola dira Sagarlaneko teknikariak. Urte asko daramatzate fruitugintzaren sektorean aholkulari gisa lan egiten eta sagar transformazioan ere aritzen dira: Sagar Dultzea izeneko produktua eta sagar zukua egiten dituzte. Antton Olaizola Sagarlaneko teknikariaren esanetan, ebaluaketa honen helburua, batetik gaur egun dauden sagastietatik homologazio prozesu batean zeintzuk sar daitezkeen aztertzea da; prozesu honek gutxieneko sagar kopurua eta kalitatea ziurtatu beharko lituzke. Bestetik, hobekuntza plan bat prestatzea, denborarekin hasieran sartzen ez diren sagastien homologazioa bultzatzeko. Sagardo Mahaiak hiru ikerketa bideratu ditu: merkatu ikerketa, sagastien ikerketa eta upategietako ikerketa. Emaitzak sektore guztian aplikatuko dira Ikertzen ari diren parametroak Sagardotarako sagarrondoen laborantza Euskal Herrian oso heterogeneoa da; hazkuntza sistema eta txertaka (txertatu gabeko zuhaitz) desberdinak erabiltzen dira. Sagar mota asko landatzen dira sagastietan eta gehienetan lerrokatu gabe. Horrez gain, lursail kopurua gure baserrietan handia izan daiteke. Olaizolak dioenez, .ez da profesionalik sektorean sagar zaintzan heziketaren beharra nabaria da. Ondorioz, sagar gutxiago ematen dute arbolek eta sagarraren kalitatea ere bestelakoa da.. Lursail eta ustialeku bakoitzeko diagnostiko bat egiten ari dira. Banan-banan aztertzen dituzte sagastiak. Landatuta dituzten sagarbarietateak aztertzeaz gain, beste parametro ugari neurtzen dituzte: landaketaren egokiera; aldapa; egindako lur mantentze lanak; sagarrondoen osasun maila; osasun tratamenduak egiteko erabili dituzten metodoak; ongarriketa egiten den edo ez, eta egiten bada, zer erabiltzen den; kimaketa intentsitatea; sagarrondoen landaketa eta zaintzarako lurjabeek duten prestakuntza; erabilitako txertakak; gidatze sistema: ontzia, erdiko ardatza, eta abar; zurkaiztatzea; makineria; sagastiaren adina; azken hiru urteetako uztaren datuak; erlauntzak; kizkiaren erabilera; sagastiaren orientazioa; lur analisiak; azalera/ lursaila; lursail bakoitzaren koordenatuak GPSarekin jasota; lursailetarako sarbideen egoera; ebaluaketari buruzko jarrera; lehenbizi eroritako sagarraren bilketa; sagastia handitzeko asmoa. Bertako sagarra sustatzeko lehen urratsak Bestalde, Gipuzkoan baserriak husten eta sagastiak galtzen ari zirela ikusita, sagardotarako balio duen bertako sagarra berreskuratzeko eta sustatzeko lanean hasi zen Euskal Sagarraren Ikerle Taldea (ESI) 70eko hamarkadan. Talde horren lanean oinarritu zen gero Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Sustapen Pomologikoaren programa, 2007an hogeita bost urte bete dituena. Aurrekariak gogoratuz gero, XX. mendearen hasieran Zizurkilgo Fraisoron estazio pomologikoa egiteko proposamena egon zen. Sagardoaren sail bat ireki zuten eta sagardoa ikertzeko programa ere bai; sagardotegi esperimentala ezarri eta pomologia gaietan aditu ziren teknikarien batzordea eratu zen. Ekimen horien buruan egon ziren, besteak beste, H. Delaire, Vicente Lafitte eta Ignacio Gallastegi. 36ko Gerraren ondoren, 1975ean ekin zitzaion berriz ere Fraisoron bertan sagardogintzari. Hain justu, sagardoa egiteko metodoei buruzko ikastaroa eskaini zuten horretarako. Hala ere, hirurogeita hamarreko hamarkadan baserriak husten ari ziren oro har; landa utzi eta kalera zihoazen baserritarrak, industrian lan egitera. Baserriarekin batera sagarrondoak galtzen hasi ziren. Egoera horri aurre egiteko eta baserriari diruiturri gehigarri bat aurkitu nahian sortu zen ESI. Lauzpabost urtetan hara eta hona ibili ziren sagardoa egiten zuten beste toki batzuetako esperientziak ezagutzen. Lan hori guztia saritze aldera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako Sailak Euskal Sagarraren Ikerle Taldea omendu zuen joan den azaroaren 9an Donostian egindako ekitaldian eta oroigarri bana jaso zuten. Hauexek dira proiektuan parte hartu zuten taldekideak: Joxe Uria (presidentea), Angel Segurola (presidenteordea), Martin Zendoia (idazkaria), Kerman Rekondo (diruzaina), Enrique Samaniego (bokala), Miguel Zapiain (bokala eta taldeko sagardogile bakarra) eta Guillermo Otaegi (bokala). Kerman Rekondo eta Guillermo Otaegi jada hil direnez, haien senitartekoek jaso zituzten oroigarriak. 1982an, ESIkoek azterketa amaitu zutenean, Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuten euren kezkaren berri ematera: Gipuzkoako sagastiak erabat utzita zeuden, galtzen ari ziren, eta betidanik sagardotarako erabili izan ziren sagar-barietate asko galtzeko arriskuan zeuden. Barietate horien fitxak egin, barietateak aztertzera bidali eta harreman bideak ireki zituzten Asturiasko estazio pomologikoarekin. Esperientzia horiek guztiak jasotzen zituen txostena aurkeztu zioten Aldundiari; Gipuzkoan sagarrak eta bere eratorriek zuten egoeraren berri ematen zuten bertan, eta estazio pomologiko bat sor zezala proposatu zioten. Egoeraren larritasunaz ohartuta, Foru Aldundiak Sustapen Pomologikoaren programa abiarazi zuen. Duela 25 urtetik, programa horren bidez hainbat lan egin da Gipuzkoako sagastiak berreskuratzen eta sustatzen: herri honetako sagarbarietateen mintegi bat ezarri; sagar-sail esperimentalak, sagastien erroldak eta barie- tateen prospekzioak egin; aholkularitza teknikoa; esperimentazioa sagardoan; sagar-sailetarako, sagardotegietarako eta elkarteetarako laguntzak eman; sagardo lehiaketa antolatu; gai horri buruzko liburuak kaleratu; eta abar. Ezer ez da gehiegi gure sagastiak, sagarrak eta kalitateko sagardoa bultzatzeko. Joxe Angel Goñi, Astigarragako Gurutzetako sagardogilea eta Sagardo Mahaiko kidea .Sagastien zaintzan kultura pixka bat galdu da. Zer moduzko sagarra izan duzue aurten? Tenperaturak eta eguraldiak lagundu dute eta sagarra oso baldintza onetan etorri da: nahiko freskoa, ustelik gabekoa, garbia. Aurtengo arazoa sagar eskasia izan da; gutxi etorri da. Izan den apurra Hernani, Astigarraga, Andoain, Oiartzun eta inguru horretakoa izan da. Gutxi etorri da, baina etorri den apur hori arbolan denbora asko pasatakoa, heldua, ondo egindako sagarra izan da. Zergatik izan da hain sagar gutxi aurten? Sagarrak bi urtetik behin ematen du eta aurten ez zaio ematea tokatu. Gero, sagasti asko zaindu gabe daudenez, behar baino fruitu gutxiago ematen dute. Orain, Sagardo Mahaitik bultzatuta hemengo sagastien diagnostikoa egiten ari da Sagarlan guretzat. Azkenaldian gero eta gehiago hitz egiten da klima aldaketaz. Antzeman al duzue aldaketa hori sagarrean? Azkeneko urteetan ohartu gara uztak aurreratu egiten direla pixka bat. Jende guztiaren ahotan dabilen kontua da. Ardogintzan ari direnek ere aipatzen dute, hau da, mahastien eremu hori gero era gorago doala. Azken urteetan urrian hego haizea izaten dugu noiznahi, hotzik sartu ere ez askotan. Azkenean horrek guztiak upategian ere eragina du; lehen Pilarikatan hasten ginen sagardoa egiten. Azkeneko urteetan, berriz, irailaren bukaeran hasita egoten gara; baina horretan sagar-barietateek ere eragina dute, barietate berri asko sartu baitira. Sagastien azterketa aipatu duzu. Zer egoeratan daude orain arte aztertutako sagastiak? Sagastien zaintzan kultura pixka bat galdu egin dela esan dezakegu. Lehen baserritarrak bazekien sagarrondoa nola zaindu behar zen, ze tratamendu eman behar zitzaion, nola kimatu behar ziren, eta abar. Baina belaunaldi aldaketarekin ezagutza hori galdu egin da. Gainera, jende zaharra dago baserrietan eta erreleburik ez da ikusten zenbait kasutan. Batzuen motibazio falta gehitu behar zaio horri; behar bezala ez zaiela ordaintzen esaten du hainbatek. Sagardo Mahaitik egoera horri buelta eman nahi diogu. Nola indartuko duzue sagasti jabeen motibazioa? Heziketa eman beharko diegu; gero, dagozkion tratamenduak egiteko eta biltze lanetarako tresneria haien eskura jarri beharko genuke. Plan estrategikoa berez Euskal Autonomia Erkidegorako da; Bizkaiko sagardogileak orain sartu dira. Gure asmoa lan horren erronkak Euskal Herri osora zabaltzea da. Sagardotarako sagarrak klima ozeaniko atlantikoa behar du, inguru honetako hezetasun eta plubiometria maila behar du. Iparraldean, esate baterako, klima egokia dute sagarrarentzako. Sagastien azterketaren emaitzak eskuetan dituzuenean, zein izango da hurrengo urratsa? Sagastietan dauden sagar-barietate guztiak hartuko ditugu, ez dugu ezer baztertuko, baina sagardoa egiteko ze sagar nahi dugun erabakiko dugu. Gure marka eramango duen sagardoa egiteko gutxieneko baldintza batzuk izan beharko ditu sagar horrek. Homologazio batean sartzen diren sagarrak bereizi egingo ditugu; homologazio horretatik kanpo geratzen diren sagarrak, baina egokiak direnak ere hartu eta beste prezio bat izango dute; beste sagar batzuk erabat baztergarriak izango dira eta ez ditugu hartuko. Sagardoa egiteko prozesua ere berdinduko duzue? Bakoitzak bere erara egiten du sagardoa, baina prozesu hori ere estandarizatu nahiko genuke; prozesua berdindu ez den arren guztiok baldintza antzekoetan lan egitea lortu nahi dugu. Hotza nola erabili edota sagarra beratzen nola utzi aztertu behar dugu, esate baterako. Azken batean, marka bat egin nahi da eta marka hori sustatu eta zabaldu nahiko genuke merkatuan, baina hori urteetako lana izango da. Ze motatako kalitate ikurra izango luke sagardo horrek? Jatorrizko izendapena ezinezkoa da. Orduan, gurea izango den marka bat nahi dugu. Beharbada Kalitatea edo horrelako erakunderen baten babespean egin beharko dugu. Upategi guztiak horretan inplikatzea da gure xedea; bertako sagarrarekin egindako sagardoa egitea izango da gure konpromisoa. Hasieran sagardo litro kopuru txikia egingo dugu, baina denborarekin bertako sagarraren erabilera areagotzen joatea izango litzateke gure nahia. Ze aukera ikusten dizkiozue botilako sagardoari? Gure sagardo naturalak merkatu bat baduela ikusi dugu egindako azterketan; sagardoari buruzko iritzi ona du jendeak, naturala eta merkea. Etorkizuna produktuari ikusten diogu eta produktuak botilan behar duela argi daukagu. Oso ohikoa izaten da jatetxeko kartan edateko dituzten ardo desberdinen zerrenda irakurtzea. Sagardoari normalean ez zaio inongo aipamenik egiten, ordea. Botilako sagardoa sus- tatzeko ostalaritzak gehiago inplikatu behar duela uste al duzu? Hori gure lana ere bada. 2007an, Donostiako Euskal Jaien baitan Konstituzio plazan egiten den dastatze egunean Ostalaritza Elkartea omendu da. Beraien inplikazioa lortzeko egin dugu; jatetxeetako kartan askotan ez da sagardoaren aipamenik agertzen, eta agertzen denean, .sagardoa. besterik ez dute jartzen, bestelako xehetasunik gabe. Kontrakoa sustatu nahi dugu. Horretarako ostalaritzakoentzat sagardo-dastatzeak egitekotan gabiltza, bertako profesionalek sagardoaren ezagutza izan dezaten: zer ezaugarri dituen sagardoak, zer tenperaturan mantendu eta zerbitzatu behar den... Baina aurretik sagardo onenaren irizpideak finkatu behar ditugu. Hor ere lan handia daukagu. Enrique Samaniego, ESI taldeko kidea .Baserriarentzat diru-iturri gehigarria bilatzea izan zen gure asmoa” Donostiako Institutu Onkologikoko angiologoa eta kirurgialari baskularra, eta Gipuzkoako Gurutze Gorriko presidentea da. Arlo horietan urte luzez egindako lanagatik ezaguna bada ere, Gipuzkoako sagastiak aztertzen aritu zen duela hogeita bost urte Euskal Sagarraren Ikerle Taldean. Zein helbururekin sortu zenuten ESI? Taldeko kideetako batzuk elkar ezagutzen genuen; Josetxo Uria sagarraren gaia aztertzen hasi zen, sagarra eta sagardoari buruzko liburu bat idatzi zuen. Duela hogeita bost urte baserriak husten ari ziren nabarmen, baserriko jendea kalera zihoan industrian lan egitera; sagarrondoak moztu eta horren ordez pinua jartzen ari ziren. Horren aurrean baserriarentzat diru-iturri gehigarri bat bilatzea izan zen gure asmoa, baserriak biziraun zezan. Sagardoa egiten zuten beste toki batzuetako esperientziak ezagutzea izan zen lehenbiziko urratsa. Zer egin zenuten esperientzia horiek ezagutzeko? Gertuenetakoetatik hasi eta Asturiasera jo genuen. Ekoizpen eta kontsumo handia zeukaten, eta sagardo homogeneoa lortzeko erabiltzen zituzten taktikak erakutsi zizkiguten. 1936ko Gerraren aurretik sagardoa egiteko zortzi sagar aukeratu zituzten hainbat ezaugarri hauek kontuan izanda: sagar horiek sortzen zuten zukuaren kalitatea eta kantitatea, sagar horiek gaitzei aurre egiteko zuten gaitasuna, eta sagar uztaren aldizkakotasuna. Kontuan izan behar da sagarrak bi urtetik behin eman ohi duela fruitua. Sagar-mota horiek landatu zituzten estazio pomologikoan, gero baserritarrei emateko. Esperientzia hori bera Euskal Herrira ekarri zenuten? Gipuzkoako baserritarrek sagardotarako gomendatutako sagarbarietate guztiak gordetzea erabaki genuen. Barietate horien artean sagar gozoak, gaziak eta garratzak kopuru orekatu batean zeuden eta proportzio horiek onak ziren gure gustuko sagardorako. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako bere mintegian jasota dauzka barietate guztiak. Asturiasera ez ezik Ingalaterrara ere bidaiatu zenuten... Ingalaterrako Hereford herrian izan ginen bertako sagardogintza gertutik ezagutzen. Munduan sagardotarako sagar eta zuku gehien ekoizten zuen tokia da. Sagargintza oso zabalduta zegoela ohartu ginen. Ekoizpen handia dute eta atzerrira asko esportatzen dute. Sagar asko behar dutenez, nekazariaren lurretan barietateak landatzen dituzte, nekazaria sail hori zaintzeaz arduratzen da eta ondoren uzta guztia erosten diote. Sagardoa ekoizten duen enpresak nahi dituen barietateak landatzen ditu toki bakoitzean. Bidaia gehiago ere egon ziren; Normandian, Bretainian eta Mantxako Kanaleko irletan ere izan nintzen. Lau bat urtez hara eta hona ibili ginen, ezagutzen eta aztertzen, eta noski, ohartu ginen guk ez genuela ezer aurkitu.