El domingo la Feria Ecológica de Zerain cumple 20 años
Descripción
Eventos / otros / Feria Ecológica de Zerain / sidra / productos ecológicos / pinchos / Xapre trikilariak
feria evento gastronomía sidra
Ficha
- Fuente: Goierriko Hitza
- Fecha: 2014-09-19
- Clasificación: 5.4. Ferias
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-005919
Texto completo
Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren 20. Azokak 50 postu inguru bilduko ditu etzi Zerainen. Denetariko produktu ekologikoak egongo dira salgai, 10:00etatik 14:30era; besteak beste, barazkiak, fruta, ogia, gazta, sagardoa, ardoa, olioa, txerrikiak eta germinatuak. Gipuzkoako ekoizleak izango dira erdia baino gehiago, baina Zerain ingurukoak ere gerturatuko dira. Produktu ekologikoez gain, tailerrak eta erakusketak ere izango dira goizean zehar. Haurrek, esaterako, gozoak egiten eta baratzean landatzen ikasteko aukera izango dute. Helduek, berriz, sendabelarrekin ukenduak egiten. Bestalde, Goierriko artisauak ere izango dira, keramika, makilak, kandelak, tailak… egiten. Xapre trikitilariak girotuko du azoka. Eta jan edana ere ez da faltako. Pintxo ekologikoak jateko aukera izango da, eta baita aintzinako eran ekoitzitako sagar muztioa edatekoa ere. Horrez gain, gazta eta sagardo dastaketa izango dira Guillermo Castañoren eskutik. 20. urteurrena ospatzeko, zozketa ere egingo dute aurten. Batetik, bi otar ekologiko zozkatuko dituzte. Bestetik, gau bat Tellerine baserrian. Sari hori lortzen duenak Ohiarte sagardotegian afaltzeko aukera ere izango du. Azoka goizean amaitu arren, arratsaldean jarraituko du jaiak. Aurreko urteetan bezala, kirol ekitaldiak antolatu dituzte. Seiak aldera, giza proba desafioa izango da. Astigarragako nesken taldea Zeraingo mutil gazteen aurka arituko da, 550 kiloko harriarekin, zeinek plaza gehiago egin. Jarraian, aizkolariek eskainiko dute ikuskizuna. Txanda librean arituko dira, kana erdiko sei enbor ebakitzen. Zerainera joaten denak, egun osoko egitarauaz gain, herriko ondarea ezagutzeko aukera ere izango du. Denen eskura izango dira Herri Museoa, diaporama, Larraondoko zerrategia, kartzela eta Hamabostaldi ekologikoa Aurten zazpigarren urtez, Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldia antolatu dute Zeraingo azokaren harira. Irailaren 23tik urriaren 4ra hitzaldiak, tailerrak eta bisitak izango dira Albatzisketan, Olaberrian, Ordizian eta Zerainen. «Ekologiaren inguruko eremua ahalik eta zabalena izaten saiatzen gara», esan du Danel Etxeberria Goierriko Baratzako ordezkariak. Hitzaldi guztiak doakoak izango dira. Jakoba Errekondok egingo du lehena: Zure landareak modu ekologikoan zaindu. Landareak produktu kimikorik erabili gabe nola zaindu azalduko du usurbildarrak, euskaraz. Garbiñe Etxanizek, berriz, elikadura makrobiotikoaren inguruko azalpenak emango ditu Que el alimento sea tu medicina y la medicina tu alimento hitzaldian (gaztelaniaz). Esklerosi anizkoitza du Etxanizek, eta bere esperientziaren berri emango du. Azken hitzaldian Goiener proiektua aurkeztuko dute: . Eguzki energiaren garapenaz, energia berriztagarriez eta alternatiba ezberdinez arituko dira, besteak beste. Bi tailer ere antolatu dituzte. Irailaren 27an izango da lehena, eta parte hartzaileek ilargiak eta planetek baratzan duten eragina ikasiko dute Xabier Akizuren eskutik. Bigarren tailerrean, berriz, pate naturalak nola egin, kontserbatu eta prestatu irakatsiko du Martin Mujikak. Azkenik, Olaberriako Etxeberri-Goikoa baserrira bisita egiteko aukera ere izango da. Haragi eta esne ekologikoa nola ekoizten dituzten erakutsiko dute, eta probatzeko ere emango dituzte. Tailerretan edo bisitan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da 943 08 74 98 telefonora deituta. Tailerren salneurria 15 eurokoa da; bisita, berriz, doakoa. Herritarrenganako esker ona Gipuzkoako lehen azoka ekologikoa da Zerainen urtez urte egiten dena, eta antolatzaileak gustura agertu dira izandako garapenarekin. « Harro gaude urtetik urtera gero eta egitarau potoloagoa sortzeko gai garelako; dagoeneko, azoka bat baino gehiago da», adierazi du Jakoba Errekondo Zerain Dezagun Fundazioko teknikariak. «Ekologiaren ideia gero eta hedatuago dago». Zerain Dezagun Fundazioarekin batera, Biolur Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Elkarteak eta Goierriko Baratzak antolatzen dute Zeraingo azoka, elkarlanean. Herritar askok ere haien laguntza eskaintzen dute, eta esker ona adierazi du Juan Mari Iztueta Zerain Dezagun Fundazioko ordezkariak: «85 pertsona inguru ariko dira postuak jartzen, trafikoa bideratzen… lan handia egiten dute». EGITARAUA Igandeko azoka Goizean. Azoka ekologikoa, tailerrak, ikuskizunak, pintxo ekologikoak, artisautza, sagar muztioa, erakusketak, gazta eta sagardo dastaketa eta erromeria Xapre trikitilariarekin. Arratsaldean. Giza proba desafioa. Astigarragako (Gipuzkoa) nesken taldea Zeraingo mutil gazteen aurka, 550 kiloko harriarekin. Ondoren, aizkolariek sei kana-erdiko enbor ebakiko dituzte txanda librean. Jarraian, erromeria. Hamabostaldia Irailak 23, asteartea. Hitzaldia: Zure landareak modu ekologikoan zaindu. Jakoba Rekondo. Zeraingo Kultur Etxean, 19:00etan. Irailak 25, osteguna. Hitzaldia: Janaria zure sendagaia izan dadila, eta sendagaia zure elikagai (gaztelaniaz). Garbiñe Etxaniz. Ordiziako D’Elikatuz zentroan, 19:00etan. Irailak 27, larunbata. Tailerra: Baratzako lanak Illargiarekin. Xabier Akizu. Ordiziako D’elikatuz zentroan, 09:00etatik 14:00etara. Irailak 30, asteartea. Hitzaldia: Energia-eredu berri baten alde. Zer da Goiener?. Zeraingo kultur etxean, 19:00etan. Code * Urriak 2, osteguna. Haragi eta esne ekologikoa ekoizten dituen Olaberriako Etxeberri-Goikoa baserria ikusteko bisita. 17:00etan. Urriak 4, larunbata. Tailerra: Ikas ezazu pate begetalak egiten. Martin Mujika. Albatzisketan, 10:00etan.