Recorrido guiado: Sagardoetxea de Astigarraga y el centro D'Elikatuz de Ordizia han creado un itinerario turístico para dar a conocer la sidra y el queso de Idiazabal
Ficha
- Autor: I. Gurrutxaga
- Fuente: Goierriko Hitza
- Fecha: 2010-01-14
- Clasificación: 3.0. Museo de la Sidra Vasca
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-000591
Texto completo
Aurretik martxan zituzten hiru ibilbide gidatuei beste bat gehitu die aurten Delikatuz Goierriko Interpretazio Zentroak eta Elikadura eta Gastronomia Guneak: Sagardoaren eta Idiazabal Gaztaren Ibilbidea. Euskal gastronomia ezagutarazteko modua da horrelako ibilbideak antolatzea, eta elkarren osagarriak diren bi produktu bateratzeko erabakia hartu du Delikatuzek. Goierrin ere sagardotegiak badira, eta horren jakitun dira Delikatuzekoak, baina Idiazabal Gazta eskualdetik harago zabaltzeko intentzioarekin jarri ziren harremanetan Astigarragako Sagardoetxea museoarekin. Hasieran asmo zena egia bihurtu dute aurten, eta dagoeneko izena eman dezakete ibilbide gidatu horretan parte hartzeko interesa dutenek. Astigarragatik Idiazabalera Delikatuzeko arduradun Gema Lopezek aurreratu duenez, batez ere taldeei begira pentsatutako ekimena da ibilbidearena. Egun osoko plana da, eta Astigarragan du abiapuntua, goizean. 10:00etatik 11:30era Sagardoetxea bisitatzen da: museo gunea, sagastia eta sagardoa dastatzeko gunea. Behin museoa ikusita, Idiazabalera joango lirateke bisitariak, eta 12:30etik 13:30era bitartean, Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa bisitatuko lukete. Idiazabaldik Ordiziara Ordiziako Tximista sagardotegian bazkaltzeko plana da hurrengoa. Ohiko menua jarriko dute: bakailao tortilla, bakailao puskak piperrekin, txuleta, Idiazabal Gazta eta sagardoa, noski. Kafea ere menuaren barruan dago. Otordua egin eta gero Ordiziako Delikatuz zentroa bisitatzea da hurrengo hitzordua, 16:30etik 17:30era. Hori bukatzean Idiazabal Gaztaren dastaketa egingo lukete, eta 18:00etatik aurrera Ordiziako herrigunea ezagutzeko aukera legoke. Egun pasa hori guztia pertsonako 35 euro ordainduta egin daiteke.