Sagardoaren lurraldea

Iker Garate: "Se intuye cuando la sidra sale mejor o peor"

Descripción

Eventos / concursos / Concurso de Sidra de Azpeitia / sidra / calidad / Iker Garate / entrevista / corcho / características de la sidra / jurado

evento entrevista jurado calidad corcho concurso sidra

Ficha

  • Autor: Nerea Uranga
  • Fuente: urolakosta.hitza.info
  • Fecha: 2014-07-24
  • Clasificación: 5.6. Concursos
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-005847

Texto completo

Seguru ez daki, baina 13-14 urte ingururekin hasi zen Azpeitiko Sagardo Txapelketaren munduan Iker Garate (Azpeitia, 1973). Alex Garmendiarekin batera jarduten du epaimahaikoei lehiaketan parte hartzen duten sagardoak zerbitzen. Gipuzkoako zaharrena da Azpeitiko sagardo txapelketa, eta biharkoa 42. aldia da. 23 sagardogilek hartuko dute parte bertan. Nola hasi zinen Azpeitiko Sagardo Txapelketan sagardoa ateratzeko lanean? Garai batean Berdura Plazan egiten zen sagardo txapelketa, eta orduan Tolosako batzuk ibiltzen ziren sagardoa ateratzen. Haiek gustura etortzen ziren, baina Sebastian Lizasok beti animatzen gintuen gu hastera. Baina, gure aitak eta guk gazteegiak ginela esaten genion. Azkenean, ordea, probatu egin behar genuela, eta pare bat urtean jendeari sagardoa ateratzen behean ibili ginen. Gero, Loiolatxo elkartera joaten ginen bazkaltzera, eta han ere sagardoa zerbitzatzen geu ibiltzen ginen. Orain dela 26 urte inguru hasi ginen. Sagardoa nola atera, alderik ba al dago? Nire ustez bai. Askotan sagardoari ateratzerakoan antzeman egiten zaio hobea edo okerragoa den. Eta, zer ikusten zaio, bada? Desberdin irteten du botilatik: batzuk olioa bezala irteten dute, eta beste batzuk, puskatuta. Agian urteen poderioz ikasi dugu, baina igartzen zaio. Beti jendaurrean, oholtza gainean, aritzen zarete txapelketan. Horretara ere jarri egiten da bat. Ateratzea ez da zaila, guri tolosarrek botilari edo edalontziari begira ez egoteko esaten ziguten: ‘Erraza daukazue, zuek botila hartu, aurrera begira egon eta bi begien erditik bota. Horrelaxe jardun behar dik!’. Azkenean, edalontzia eskuan daukazula sentitu egiten duzu nora ari zaren botatzen. Kanpora ere joaten da sagardo pixka bat, baina baita barrura ere. Nekagarria al da? Beno, azkenerako egin egiten da. Eskua goian edukitzen da, eta lehendabiziko botila erraz joaten da, baina bukaerarako pultsua ez da gauza bera. Hasieran 23 sagardo dira, eta gero beste hamar edo pasatzen dira; azkenerako nekatu ez, baina botila mordoxa da, eta pultsua galdu daiteke. Orain sagardoa ateratzeko kortxo edo tresna bereziak egiten hasi dira. Bai, baina sagardogileek ez dute horrelakorik erabiltzerik nahi. Asko ez, baina sagardoaren gustua aldatu egin daiteke. Sagardozaleek eta enologoek hori diote. Sagardoaren mundua oso konplexua da; ez du ematen, baina hala da. Sagardoa ateratzeko erreleborik ikusten al duzue? Ez da askorik ikusten. Sebaxtiani [Lizaso] esan nion, gu goraka goazela, baina kasurik ez digute egin nahi. Behean, sagardoa banatzeko ere jende asko behar da, eta gazteei eskatzen diegu parte hartzeko. Denok boluntarioki jarduten dugu, bazkariaren truke. Baina egun eder bat da. Ordea, orain gazteek aurreko egunean ere parranda egiten dute, eta ez dira animatzen parte hartzera. Iaz, sagardoa ateratzen jarduteko hamar gaztek aurretik baiezkoa eman zuten, eta egunean bertan bi bakarrik azaldu ziren. Epaimahairako ere beharko da erreleboa, ala? Nik aita [Javier Garate] ibiltzen nuen hor, urteetan ibili zen utzi egin behar zuela esanez, baina jenderik ez zuten topatzen eta beste hainbat urtez segitu behar izan zuen. Azpeitiko sagardo txapelketako epaimahaian ere aldaketa batzuk egin nahi ditugu: emakumeek parte hartzea da nahi duguna, baina ezin ditugu bilatu. Zeu animatuko al zinateke epaimahaian egotera? Epaimahaikide baino, nahiago behean, arkupeetan, sagardoa ateratzen aritzea. Txapelketa ari den bitartean sagardorik dastatzen al duzue? Bai, bai. Sagardoa atera eta ederra ematen duela ikusiz gero dastatzen dut. Igoal deskuidatuta egoten naiz, ordea. Sagardo txarra normalean berehala antzematen da. Nolako sagardoa duzu gustuko? Bizi-bizi hori ez zait gustatzen. Sagardoa orain dela urte batzuetatik hona aldatzen ari da: nire ustez, gaur egun sagardo bigunagoak egiten dira, errazago edatekoak edo. Asturiasen ere ibilita nago, eta haiek gure aurretik doaz kontu horretan. Han sagardoa hemen aldean asko edaten da. Ardoa ez dut gustuko, sagardoa gustatzen zait, eta sagardotegi asko, gehienak, pasatuko ditut. Autobus gidaria naiz, eta askotan sagardotegira jendea ematea ere egokitzen zait, baina orduan ezin izaten dut edan. Sagardoaren mundua gustukoa dut, eta gustura ibiltzen naiz. Azpeitiko sagardo txapelketak zer du berezi zuretzat? Gipuzkoako sagardo txapelketa zaharrena da, eta bere lilura badauka. 23 sagardozale datoz, baina Gipuzkoan gehiago daude, eta denek hona etorri nahi izaten dute, Azpeitikoari garrantzia ematen diotelako. Azpeitian parte hartu nahi dutenak erreserban daude, plazako arkupeetan ez dagoelako horientzako tokirik. Gaur egun etortzen den bateren batek baja emango balu, itxaron zerrendako aurrena etorriko litzateke haren tokian. Sagardo txapelketarekin batera, gazta eta txahal eta hegaluze errea ere egoten da, eta egun polita izaten da. Garai batean, sagardozale bakoitzak launa sagardo kaxa ekartzen zituen, eta orain hamaikana ekartzen dituzte; bada zerbait.