Sagardoaren lurraldea

Txinparta handiko hiztegia

Descripción

'Sagardoaren hiztegia'-k ez du soilik etnografikoa izan nahi, eta gaur egungo sagardogintza ere deskribatzen du.

publicaciones diccionario miel joxe astarbe museo sidra sagardoetxea

Ficha

  • Autor: Felix Ibargutxi
  • Fuente: El Diario Vasco
  • Fecha: 2009-01-13
  • Clasificación: 3.6. Publicaciones
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P10-3
  • »
  • Código: NA-000564

Texto completo

'Sagardoaren hiztegia'-k ez du soilik etnografikoa izan nahi, eta gaur egungo sagardogintza ere deskribatzen du «Behin Aran-tzazuko fraide bat azaldu zen Taula baserrira. Han sagardoa egiten zuten eta eman egin zioten edateko. Gustatu zitzaion eta gehiago eskatu zuen. 'Hau mama gozoa', esan omen zuen. Hitz hori ere -mama- sartu dut hiztegian», adierazi digu Miel Joxe Astarbek, Sagardoaren hiztegia egin duen Astigarragako semeak. Hiztegi hori Astigarragako Sagardoetxeak eman du argitara. Ez dago salgai ohiko liburu dendetan; soilik bi tokitan eskura daiteke: Sagardoetxean eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian; han aspaldiko dolarea baitago ikusgai, besteak beste. Urte asko dira, berrogei bat, Miel Joxe hitzak biltzen hasi zela, sagardoaren ingurukoak. Eta astarbetarrak ez dira edozein Astigarragan: Mendiola baserrikoa da leinu hori, eta baserri horretan oso aspalditik egiten da sagardoa. Miel Joxek sarri galdetzen zien aitari eta osabari, biek ala biek ondo ezagutzen baitzuten lantegi hori. Osaba izan zuen ofizioz sagardogilea. Miel Joxek bildutako hitz horiek aspaldikoak dira, usadiozkoak. Eta sagardogintzak iraultza teknologiko gogorra izan du azken urteotan. Helburua ez zen hiztegi etnografikoa egitea, baizik eta sagardoaren kultura zahar eta berria bilduko dituen argitalpena, eta, beraz, atal eta kapitulu asko erantsi zaizkio Astarberen bildumari. Dena dela, Astarbek orain dela 25 urte plazaratu zuen aurreneko aldiz hitz-sorta, herriko aldizkarian. «Orduan ehun bat hitz atera nituen, eta 52 sagar moten izenak», esan digu. Oraingoan, berriz, azkenean bi lagunen artean burutu da lana: Miel Joxe Astarbe bera eta Urkiri Salaberria emakume gaztea. Eta azken orrazketa UZEI terminologia institutuak egin du. Badira tartean hitz batzuk berri samarrak, adibidez eraso. «Hitz hori Mikel Garaizabal enologoaren Euskal Herriko ardoak liburuan ikusi dugu. Ardoa edatean izaten den lehenengo sentsazioari esaten dio berak eraso, eta iruditu zaigu sagardorako ere balio duela», esan digu Urkiri Salaberriak. Erabiltzen diren hitzez gain, bi egileok uste dute badaudela beste batzuk «ezezagunagoak, baina sustatu, promozionatu beharrekoak». Txertaketaren inguruko atalik ere badauka liburuak, eta arlo hori ongi ezagutzen du Astarbek. «Aspaldi, Zabalegin, txertaketari buruzko ikastaroa egin nuen, Txomin Aldalur izan nuelarik irakasle. Gero, argitalpen honetarako, Josu Osa txertatzaileak ere lagundu dit, bera Mutrikukoa da eta hango hitz bat edo beste eman dit». Liburua argitaratu eta gero, beste hitz baten berri jakin du Astarbek. «Miguel Zapiain sagardogileak esan zidan bere aitonak agoztoketak hitza erabiltzen zuela. Orain ia ehun urteko kontuak dira. Hitz horrek adierazten zuen abuztuan hasten zirela sagardo-lanak», esan digu adituak. Dirudienez, garai hartan sagardo-upel batzuk betetzen ziren udan bertan, goiz-sagarrak bilduta. Liburuak marrazki dezente ditu, Antton Olariagak eginak, hau ere Astigarragako semea. «Marrazkiek informazio handia ematen dute. Marrazkilariak, lehenbizi, ulertu egin behar duelako marraztu behar duena», esan digu Urkiri Salaberriak. Azkeneko atalak Sagardoa, herri baten erroak du izenburu, eta zaku horretan era askotako aleak datoz, besteak beste klinkatze delakoa. Edalontzitik edatea esan nahi du hitz horrek. «Astigarragan bazen Domingo San Sebastian zeritzan gizon bat, elizako sakristaua. 1964an hil zen, uste dut. El Día egunkarian 1931n kronika hau argitaratu zuen: «Gizondia sagardotegian urre kolorezko eraria klinkatzen». SAGARDOAREN EZAUGARRI ORGANOLEPTIKO BATZUK Argitaratzailea: Astigarragako Sagardoetxea (943-550575). Orrialdeak: 82. Marrazkiak: Antton Olariaga. Aho-igarotze Sagardoa ahotik igarotzen den unea. Bertan hautematen dira zapore nagusiak. Anbar Sagardoaren kolorea, horiaren eta laranjaren artekoa. Arrautza ustelaren usain Usain txar eta desatsegina, sufrearen antzekoa. Arre Sagardoaren kolore edo itxura zikin eta iluna. Eraso Sagardoa edatean izaten den lehenengo sentsazioa. Espezia-usain Aroma edo usain ona, espeziak gogora ekartzen dizkiguna. Fruta-usain Aroma edo usain ona, fruta gogora ekartzen diguna. Garratz Ahoan eta mihian halako laztasuna eta mintasuna eragiten edo sentiarazten duena. Ahoan azidotasun desorekatua nabaritzen da, batez ere mihi-ertzetan. Gazi-gozotsu Sagardoaren zapore gazi-gozo akastuna, gaitz batek eragina. Bak-terio laktikoek sagardoaren hainbat azukre erasotzen dituzte, eta oso alkohol gozoa sortzen da, manitola. Geroko Sagardoa edan eta irentsi ondoren ahoan geratzen den zaporea. Gorputz Sagardoak, bere onenean dagoenean, duen ezaugarri-multzoa. Zenbat eta indar gehiago, orduan eta gorputz handiagoko sagardoa izango da. Gozo Azkurearen edo eztiaren antzeko ahogozoa duena. Gozo-garratz Gozo eta garratzaren nahasketarekin sortzen dena. Hezetasun-usain Usain txarra, onddoek sortutako hezetasuna gogora ekartzen diguna. Itxi-usain Usain txarra, toki itxiak gogora ekartzen dizkiguna. Kortxo-usain Kortxoak sagardoan utz dezakeen usain desegokia. Laino Sagardoa edalontzian garbia ez ikustea eragiten duen kolorea edo itxura. Sagardoa upeletik edalontzira botatakoan garbia azaltzen ez denean, baizik eta iluna, sagardo horri esaten zaio lainatua dagoela. Lasto-hori Sagardoaren kolorea, horiaren eta zuriaren artekoa. Marroi Sagardoaren kolorea, gorriaren eta berdearen arteko nahasketa. Mikatz Behazunaren antzeko ahogozo desatsegina duena. Min lehorra, astringentea. Min Ahoan eta mihian halako erredura edo berotasun sentsazioa sor-tzen duena. Mingotsu Sagardoaren zapore mikatz desegokia, gaitz batek eragina. Bakteria laktikoek glizerolari (alkohol leun eta gozo bati) eraso egin eta hura deuseztatzen dute; gainera, akroleina sortzen da, zapore mikatza areagotuz. Motel Sinonimoa: pattal. Ahula, indar eta bizitasunik gabekoa. Oliotze Sagardoaren gaitzetako bat. Bak-terio batzuen eraginez, sagardoak txinparta galtzen du, olioaren an-tzeko testura hartuz. Tejo Sagardoak ahoan utzi dezakeen usain txarreko zapore nabarmena. Txinparta Sagardoan berez eta arinki ager-tzen den gas karbonikoa. Txotxetik nahiz botilatik sagardoa edalontzira botatzerakoan aparra agertzea eragiten du. Ukuilu usain Usain txarra, ukuilua gogora ekar-tzen diguna. Urre-kolore Sagardoaren kolorea, urrearen an-tzeko horia. Zipriztin Isurkari bat zerbaiten gainean eror-tzen denean, adibidez sagardoa basoaren gainean, ateratzen den tanta.