Sagardoaren lurraldea

Infraganti: Oihana, Maialen y Jaione Gaincerain

Descripción

Oihana, Maialen eta Jaione Gaincerain ahizpek Zelaia sagardotegiaren ardura beren gain dute.

familia gaincerain cultura sidra elaboración de la sidra sidrería zelaia

Ficha

  • Fuente: gaur8.info
  • Fecha: 2014-02-15
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-005488

Texto completo

Oihana, Maialen eta Jaione Gaincerain ahizpek Zelaia sagardotegiaren ardura beren gain dute. Aitaren lekukoa natural hartu dute. Txikitatik sagardoaren kultura bizi izan dute, eta beren bide propioa egin edo gurasoek egindakoari jarraipena eman erabakitzeko ordua iritsi zaienean, etxekoaren alde egin dute. Xole Aramendi Oihana, Maialen eta Jaione Gaincerainek egin digute ongietorria Hernaniko Zelaia sagardotegian. Eguneroko martxan ari dira. Bulegoan, telefonoa etengabe jotzen ari da –sagardozaleak aurtengo uzta probatzeko irrikitan daude– eta alboan langileak botilak garbitzen ari dira. Kupeletan egiten ari den sagardoa pixkanaka botilaratzen joango dira datozen hilabeteetan. Erreleboa naturalki hartu dute. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatu. Oihanak hamar urte daramatza aitarekin batera etxeko negozioan lanean. Ondoren Jaione batu zen eta azkena Maialen izan da. Familiakoak izanik, ingurukoak ez dira harritu. «Gure aitak hiru emakume kanpotik lanerako kontratatu izan balitu, hori bai, ulertzen zailagoa izango litzateke», diote. «Sagardoaren munduan beti gizonezkoak ikusi dira, nahiz jakin badakigun emakumezkoak ere lanean ibili direla, sukaldean. Ez zen ulertzen ardoaren edo edarien munduan emakumea egotea, baina nire ustez ja normalizatu egin da; dagoeneko bidea irekita dago». Oihanaren hitzak dira. Sagardogintza gertutik ezagutzen du eta ez du inoiz begirada mesfidatirik sentitu. «Ni izan naiz beste sagardogileekin sektoreko bileretara joan dena eta sekula ez dut inolako trabarik sentitu. Are gehiago, ilusioz hartu izan dute ni han egotea; ez dakit gaztea izateagatik edo emakumea naizelako, baina harrera ona izan da beti», adierazi du. «Aitari askotan esan diote ‘noiz ekarriko duzu semea sagardotegiarekin jarrai dezan?’, kontatu dute, barrez. Eta hazi ginenean, ‘eta orain nork jarraitu behar du sagardotegiarekin, ez dago mutilik etxe honetan!’. Makina bat aldiz entzun dugu, baina ez zaigu iruditu fundamentuzko ezer zenik». Joxe Antonio aitak ez zituen oso aintzakotzat hartzen, kontuan izanik Zelaia sagardotegia izan zela emakumeei ateak irekitzen lehena. «Lehen, txotx garaian ez zen ulertzen emakumeak sartzerik. Debekatuta zegoen. Eta aitak emakumeei sarbidea ematea erabaki zuen. Komunik ere ez zegoen eta berak kontatzen du emakumeak baserrira, bere etxera, laguntzen zituela komunera joateko. Duela 30 urte inguru izan zen. Beste sagardotegiak atzetik etorri ziren eta ondoren gauza natural bezala hartu zen», kontatu dute. Horrek beren burua sagardotegian natural ikusten lagundu die. «Emakumea ala gizonezkoa izan, formakuntzan dago gakoa. Etxean gurasoek beti ikasteko esan izan digute», nabarmendu du Maialenek. Oihanak sagardoaren ekoizpena du bere gain, Maialenek bezeroei bisitak egiten dizkie eta Jaione arlo ekonomikoaz arduratzen da. Aita ere alboan dute eta amak sukaldean lanean jarraitzen du. Bi ahizpa zaharrenak, Oihana eta Maialen (34 eta 32 urte), nekazaritzako teknikariak dira eta ondoren enologiaren alorrean sakondu dute. Txikiena, Jaione (26 urte), administraritza eta marketin kontuetan aritu da. Beste enpresa batzuetan praktikak egiten eta lanean aritu dira, baina etxeak tira egin die, azkenean, hirurei. «Gure bizitzaren zati bat da. Aita sagardotegia ixten irudikatzen nuen nire buruan, eta oso gogorra egiten zitzaidan», aitortu du Oihanak. Euskal Herriko Sagardo Gorenak elkarteko kide da Zelaia eta oraintsu Oihana bertako lehendakari izendatu dute. Gogoz hartu du. Hainbat erronka dituzte elkartean. Nagusia, Fraisoro Nekazaritza Eskolan egiten diren dastatzeak indartzea, eta horrekin batera, baserritarrei sagastiak hobetzen lagunduz, etekina handitzea eta sagardoa hobetzea. Fraisoroko dastatzeak azterketa sentsorialean oinarritzen dira. Astero, zortzi sagardo dastatzen ditu bost adituz osatutako talde batek. «Gure nahia elkartea osatzen dugun sagardogile denon ekoizpena dastatze-paneletik pasatzea da; ona izango da sektorearentzat», adierazi du. Oihanak berak kata itsuetan parte hartzen du, aditu bezala. Bisitariei zuzenduta, etxeko sagardotegian kata gidatuak ere egiten ditu, tarteka. Zelaiako alaba zaharrenak sagarrondoen kalitatea hobetzeko egindako apustua nabarmendu du. «Hemengo ekoizleak ekoizpen integratuan sartzen lehenengoak izan ginen», esan du. «Horren ondorioz, sagarrari kontrol zehatza egiten zaio –kimaketa eta tratamenduak noiz egin zaizkion, besteak beste–.Datu horiek guztiak liburuan bildu eta sagardo ekoizleak baserritarraren sagarra etxean jasotzen duenean badaki heldutasun puntu zehatza zein den. Pixkanaka ekoizpena igotzea dute helburu elkartean. Sagastiak berritzen ari dira. «Daudenak hobetu eta sagarrondo berriak sartzen ari gara. Dezente aldatu dira», esan du. Hainbat sagar barietate homologatu ditu elkarteak. Kupeletan sartu ondoren ere kontrola erabatekoa da. «Trazabilitatea jakitea lortu dugu: zer sagar zein kupeletan sartzen den, noiz eta nola izan den prozesu guztia. Botila bakoitzak atzean idatzita dauka historia osoa». Zelaiaren kasuan, merkaturatu aurretik botila guztiak Fraisoron aztertzen dira. «Bete beharreko dena betetzen duela ziurtatzen digute. Hurrengo pausoa fisiko-kimikoki egokia izateaz gain bezeroarentzat ona izatea da. Alegia, usain txarrik edo zapore arrarorik ez izatea. Hori ere ziurtatu behar dugu». Bidea eginez Sagardogileek ez dute atzean geratu nahi. «Ardoak zientzia gehiago du. Sagardoaren sektorea txikiagoa da: gutxiago gara, baliabideak ez dira berdinak eta denbora gutxiago daramagu. Ari gara bidea egiten, ez dugu atzean geratu nahi. ‘Hemengoa denez bere balorea du eta nahikoa da’ pentsatu ordez, aurrera egin nahi dugu. Egia da horren atzean kultura bat dagoela eta hori ere lantzen da. Jendeari hemengo zerbait edaten ari dela jakitea gustatzen zaio. Baina horrez gain, produktuak ona izan behar du». Etxean bertan ez dute sagastirik. «Duela lau urte, beste sagardotegi batekin, Baztan aldean jarri genuen sagastia. Hemengo sagartzat hartzen dugu, historikoki sagardorako ekoizpena izan baitu», argitu du Oihanak. Zelaia sagardotegira, eta berdin elkarteko besteetara, Gipuzkoako hainbat baserritarrek ekartzen dute urtero sagarra. Une horixe gustatzen zaio gehien, sagarra etxean jaso, kupeletan sartu eta irakite prozesua kontrolatzea. «Produktu bizia da, naturala eta bere aldaketak ditu. Horrek kezkak eta pozak ematen ditu», adierazi du. Eta bukaeran, ahosabaian eta eztarrian dastatzea. «Katak egiten, sagarra interpretatzen, asko gozatzen dut». Txotx garaian daude, bete-betean. Astuna bezain polita da. «Jendea datorkigu eta orduan ikusten dugu urteko lanaren emaitza; orduan dakigu lana ondo egin dugun ala ez», esan du Maialenek. Bera ibiltzen da bezeroei barrikako ziria irekitzen. Oihana eta Jaione, berriz, jangelan aritzen dira, atzera-aurrera. Zerbitzatu bai, betidanik egin dute, baina sukaldean ez dira asko sartzen. «Orain hasi naiz amarekin batera tortilak egiten. Pixkanaka...», dio Jaionek. Txotx denboraldia hilabete batzuetako kontua da. «Gure urte osoko lana botilak saltzea da», esan dute. Izan ere, txotxean %15 besterik ez da edango hilabete hauetan. 400.000 litro dituzte barriketan zain. Ekoizpena handitu baino –«orain ez da momentua»– kalitate aldetik prozesua gero eta hobeto ezagutzea, sagardoak nola erantzuten duen jakitea dute erronka. Eta horretarako, ikerketak egitea. «Asko dago egiteko», euren esanetan. Interesa Inguruan, sagardoarekiko interesa ikusten dute. «Desberdintasun dezente dago astean zehar edo asteburuan datozenen artean. Astean zehar datozenek interes handia agertzen dute. Dastatzerakoan, desberdinak direla nabaritzen dute eta ‘hau nondik dator?’, ‘zergatik kupel batetik besterako desberdintasuna?’, ‘hau zergatik dago aurreratuago?’... jakin nahi dute. Ez dute uste adin kontua denik. «Duela aste batzuk, larunbat eguerdian, gazte talde bat etorri zen eta galdera asko egin zizkiguten», esan du Maialenek. Sagardotegira zerk erakartzen dituen da gakoa. «Kanpotarrek sagardoaren kulturaren berri izan dute eta ezagutzera datoz. Interes handia erakusten dute», azaldu du Oihanak. «Bertako jendeak, berriz, oso berea ikusten du sagardoa. Bisitariekin datorrenean, sagardoaren berri jakiten saiatzen da, berak dakiena ondoren haiei kontatzeko. Izan ere, inoiz edan ez duenarentzat ez da edari erraza, batez ere botilakoa. Noski, horrekin batera, parranda egitera datozenak daude, nahiz gure sagardotegia ez den egokiena festa giroan datorrenarentzat», gaineratu du. «Giroa badago, baina giro lasaia da», esan du albotik Jaionek. Gustura daude horrekin. «Sagardoaren kultura errespetatzen duen giroa da». Ez dira garai onenak. Maialenek ondo daki. Bera ibiltzen da hara-hona sagardoa saltzen. «Nire lanaren alderik etsigarriena da une honetan erosleari berdin zaiola botilaren barruan zer dagoen, prezioak agintzen du», bota du. Sagardotegiak garestiak direla diotenei zer esango lieketen galdetuta, honokoa adierazi dute: «Gaur egun, bakailaoa garestia da eta iruditzen zaigu tortillak ez duela garestia izan behar, baina kalitatezko bakailaoa jartzen badiogu, tortilla hori ez da merkea. Bakailaoak, gainera, eskulan asko du. Edozein erretegitan txuleta on bat jatea ere nahiko garestia da. Eta hemen egiten ditugunak horiek bezain onak dira, ikatzezko parrilan eginak. Horrez gain, nahi adina sagardo edan dezakegu. Upategian bertan egotea ere baloratu egin beharko litzateke... Hau dena kontuan hartuta, ez zaigu iruditzen prezioa garestia denik», esan dute. «Hiru hilabetetan upategia irekita edukitzea kosta egiten da. Datorrenarentzat merkea ez da, baina ez da guk garestitzen dugulako, berez kostatzen da. Dena den, besteen negozioa beti da hobea», Oihanaren iritziz. Produktua bera merkea delakoan daude. «Botilak merkatura ateratzeko atzean dagoen lana izugarria da eta marjina oso txikia. Sagardogileek bai, dirua egiten dute, baina sektorea dagoen bezala dago... Txotxeko diru-sarrera hori beharrezkoa da negozioari eusteko, ekonomikoki arnasa ematen digu», esan dute.