Sagardoaren lurraldea

Sagarra jotzetik, edatera

Descripción

Kalakan taldearen ahotsetara ireki dute 2014ko txotx garaia, Astigarragako Alorrenean.«Txinparta finekoa eta puntu lehorreko» sagardoa da.

sidrería alorrenea astigarraga kalakan protagonista sagardo berriaren eguna sidra sagardoetxea txalaparta temporada del txotx apertura del txotx

Ficha

  • Autor: Aritz Muguruza
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2014-01-16
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P15-5
  • »
  • Código: NA-004517

Texto completo

Kalakan taldearen ahotsetara ireki dute 2014ko txotx garaia, Astigarragako Alorrenean.«Txinparta finekoa eta puntu lehorreko» sagardoa da. Baten faltan hiru aitabitxi ditu aurten Astigarragako sagardoak. Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau, Kalakan musika taldeko kideak. Haiek egin dute ezagun Euskal Herritik kanpo sagardoaren aurreko muztioa sortzeko beharrezkoa den ekintza: sagarra jotzea. Horrenbeste aldiz jotako abestia sagardo bihurtuta edateko aukera izan zuten 2014ko txotx garaia ireki baitzuten, atzo, Alorrenea sagardotegian, Astigarragan (Gipuzkoa). Azken urteetan Petritegin egiten zuten ekitaldi bera, aurtengoan Alorrenean egin dute. Sagardoetxeko arduradunek jakinarazi zuten, hurrengo urteetan ere irekiera ekitaldia sagardotegiz sagardotegi aldatzeko asmoa dutela. Eraikin desberdina izan arren, urteroko ikusmina zegoen Alorreneako sarrerako upategian. Jende ugari, eta horietako asko, kazetariak. Euskal Herriko eta kanpoko hedabide askok entzun nahi baitzuten lehen lerrotik «Gure sagardo berria» esaldi ezaguna, eta izoztu hori esaten ari zireneko momentua. Irekiera bertatik bertara ikusteko, aldamiozko harmaila bat jarri zieten, eta han zeuden kokatuta argazkilari eta kameralariak. Kalakan-ekoak iritsi aurretik, ordea, zain egon behar; eta zeharka begiratzen zieten sarrerako mahaietan jarri zituzten txorizo mokaduei. Leku egokia izateak sabela betetzeak baino gehiago balio zuen atzokoan. Txalaparta doinuek jarri zuten jendea erne, eta agurraren ondoren ireki zitzaien txotxa Kalakan-ekoei. Sagardoa edan aurretik, baina, ekitaldiari ukitu propioa eman nahi izan zioten musikariek, eta inaugurazioko esaldiaren aurretik, Sagarra jo abestiaren zati bat kantatu zuten. Hala, hiru ahotsetara hasi da aurtengo garaia. Sagardoarekin zerikusi zuzena duen abestiak ireki zizkien Madonnarekin bira egiteko ateak. Lan hori aitortzeko helburuz eman zion Sagardoetxeak musika taldeari garaia irekitzeko ardura. Bereauk azaldu zuen bazuela bere logika Kalakan garaiaren inaugurazioan izateak. Izan ere, betidanik egon dira sagardoarekin lotuta txalapartari esker. Musikariek tragoa eman ondotik, jendez bete zen sagardotegiko upategia, han baitziren eskualdeko sagardogileetako asko, eta Astigarragako zenbait kultur elkartetako kideak. Guztiek zuten gogoa urteko sagardoaren zaporea aho sabaian dastatzeko. Sagardoa dena den, ez da bakarrik edateko edaria, horren jakitun txotxa ireki eta denbora gutxira bete zituzten janariz upategiko mahai luzeak. Eta gainean sagardotegietako ohiko menua: txorizo egosia, bakailao tortilla, bakailaoa saltsan eta txuleta. Egarritzen zirenerako upelak zabalik zeuzkaten hara bildutakoek. Sagardo hori-berdexka Goizetik zeuden Astigarragan Kalakan taldekoak, han landatutako sagarrondoarekin ekin baitzioten egunari. Hura landatu ondotik, bina bertso bota zizkieten Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariek. Sagarrondoaren landatzeak ziklo baten hasierari egiten diola erreferentzia esan zuen Colinak. Hori bai, fruituak ematea nahi bada zaindu behar dela zioen: «Ahal dela mimoz zaindu behar da, mimoz landatutakoa». Arzallusek umoreari heldu, eta esan zien, tarteka bada ere, joateko hura zaintzera, izango zuelako kimatzeko beharra. Sagarrondoa landatu aurretik prentsaurrekoa eman zuten sagardoaren inguruko eragileek, Astigarragako Sagardoetxean. Han aipatu zituzten, besteak beste, aurtengo sagardoaren ezaugarriak. Kolore hori berdexka du, eta zaporeari begira «mikatz puntua» duela azaldu zuen Joxe Anjel Goñi Sagardun elkarteko kideak. Uztaren hartzidura azkar eta erabatekoak sagardoa «fruitu fresko eta lehorraren» sentsazioa ematen du. Kopuruari dagokionez, osatu dituzte 10 milioi litro sagardo, baina horretarako kanpotik kantitate ugari ekarri behar izan dutela adierazi du Goñik. Frantziatik eta Galiziatik ekarri dituzte sagar horietako asko. «Horregatik du halako gorputz berezia», gaineratu zuen. Sagar uzta ohi baino txikiagoa izan dela lehenago ere jakinarazi zuten sagardozaleek. Udaberriraino luzatu zen neguak bete-betean eragin zion sagarrari, arbolen loraldia atzeratzeraino. Eta udan izan ziren bero kolpeek ez zioten onurarik egin sagarrei, azkarregi heldu baitziren. Dena den, Gipuzkoako zati batean ez da horren uzta txarra izan, sagar kopuru aldetik bederen. Gipuzkoa ipar-ekialdeko sagarrondoetan sagar asko izan dute. Goierri eta kostaldean, berriz, txikiagoa izan da uzta. Zuhaitzei dagokionez, azkenengo urteetan sagarrondoen landatzeak igo egin direla azaldu zuen Goñik. «Duela lau urtetatik hona, 60.000 sagarrondo landatu ditugu, eta horietako 15.000 azkenengo hilabeteetan landatutakoak dira». 2013a ez da sagar urtea izan, baina hargatik, badute berri onik Sagardoetxean, urrezko Bikain saria eman baitiote museoari. Goñik adierazi du 2013an 11.000 bisitari izan dituztela. Museoarekin eta haren inguruan sortzen den turismoarekin sagardoari balio erantsia eman diotela adierazi zuen. XAN ERROTABEHERE, THIERRY BISCARY ETA JAMIXEL BEREAU. KALAKAN MUSIKA TALDEKO KIDEAK «Betidanik ukan dugu harreman estua sagarrarekin, txalapartaren bidez» ARAITZ MUGURUZA ASTIGARRAGA Kalakan musika taldeari egokitu zaio txotx garaiari lehenengo tragoa emateko «ohorea». Nazioartean egin duten biraren ondotik egin zaien ongietorri «goxo eta bero» gisa hartu dute Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereauk. Horrenbeste aldiz jo duten abestiari ere egin diote erreferentzia; eta sagarra edan aurretik abestiaren zati bat kantatu dute. Zer moduzkoa dago sagardoa? JANMIXEL BEREAU: Gozoa. THIERRY BISCARY: Gehiago edateko gogoa ematen du. Sagardoa edateko ohiturarik baduzue? J. B: Ohitura handirik ez, baina urtean behin, behintzat, egiten dugu gure itzulitxoa sagardotegietara XAN ERROTABEHERE: Iparraldean bertan nola ez den hainbeste sentitzen sagardotegien kultura hori, ohitura bada lagunekin eta etortzea urtean behin, gutxienez, probatzera. Guk ardoa edateko ohitura handiagoa dugu, eta ez gara konturatzen sagardoak zer garrantzi duen euskaldunentzat. Mundu osoan ezagun egin duzuen abestiak Sagarrak jo du izena. Nolakoa da sagarrekin duzuen harremana? J.B: Betidanik ukan dugu oso harreman estua sagarrarekin, eta bereziki txalapartaren bitartez. Beti dolare etxe baten inguruan ibiltzen ginen, txalaparta, sagarraren kantua... Mundu hori dugu apur bat. Tradizioaren mundua, landako mundua, eta oro har, herri bat. Handik hasten den herri bat. Mundu birara eraman zenuten sagardoa? X.E: Maleruski, ez genuen alkoholik eramateko baimenik; beraz, ez. Hala ere, etorri dira Euskal Herrira AEBetako dantzari batzuk, eta halakoetan erakutsi behar da hemen zer daukagun. J.B: Irailean etorri ziren, sagarrak oraino zuhaitzetan direnean. Zer sentitu zenuten txotx garaia irekiko zenutela jakin zenutenean? J.B: Guretzat ohore bat da. Kontzertu biraren ondoren egin diguten ongietorri bero eta goxo gisa hartu dugu. Izan ere, inor gutxi izaten da bere herrian profeta. T. B: Egia errateko ez ginen konturatu hastapenean zer-nolako ekitaldia zen hemengo jendearentzat eta sagardoaren munduarentzat. Gero hasi ginen Interneten-eta begiratzen, eta ohartu ginen ekitaldi garrantzitsua dela, eta hemen parte hartzeko gonbita ohore bat dela, eta polita.