Sagardoaren lurraldea

Iritsi da sagardo garaia

Descripción

Sagardotegi bakoitzak ezaugarri propioak dituen sagardoa egiten du, baina badu ezaugarri orokor bat aurtengo sagardoak:aurreko urtekoa baino <<gorputz handiagokoa>> da.

astigarraga francia galicia kalakan sagardo berriaren eguna sidra sidrería temporada del txotx cosecha

Ficha

  • Autor: LANDER MUÑAGORRI GARMENDIA - ARAITZ MUGURUZA
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2014-01-08
  • Clasificación: 2.4. Txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Procedencia: Gipuzkoako Foru Aldundia - Iñaki Larrañaga
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P32-38
  • »
  • Código: NA-004515

Texto completo

Sagardotegi bakoitzak ezaugarri propioak dituen sagardoa egiten du, baina badu ezaugarri orokor bat aurtengo sagardoak: aurreko urtekoa baino «gorputz handiagokoa» da. Urtarrileko egunak aurrera egin ahala, sagardotegiak hasi dira upategiak irekitzen, eta, harekin batera, betetzen doaz jangelak. Betekada handienak, hala ere, San Sebastian egunaren, urtarrilaren 20aren, jiran hasiko dira, orduan irekitzen baitituzte sagardotegi gehienak. Txotx garaiaren hasiera ekitaldi ezaguna, berriz, hurrengo asteazkenean egingo dute, eta «gure sagardo berria» esango dute Astigarragako Alorrenea sagardotegian (Gipuzkoa). Horren ondotik hasiko dute ehunka euskal herritarrek sagardotegietara erromesaldia. Aurtengo sagardoaren ezaugarriak azaltzeko orduan, iazko negua datorkio ahora Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kudeatzaileari. Izan ere, neguko hotzak luze iraun zuen, eta udaberrian sartu arte sagarrondoak ez ziren loratu. Uda, berriz, lehorra izan da. Horregatik, «ez da sagar askoko urtea izan; kalkulatzen dugu aurtengo sagardoa egiteko erabili den sagarren %30 baino ez direla hemengoak izan». Hori bai, izan dena kalitatezko sagarra izan dela dio: «Hotz handia egin arren, lehor antzeko negua izan zen iazkoa, eta horregatik hartu du sagarrak ezaugarri berezi bat, eta eman dio sagardoari ukitu berezia». Sagardoa osatzeko erabili dituzten sagarrak Frantzia eta Galiziatik ekarri dituzte batik bat. «Galizian uzta oso ona izan dute, beste urteetakoa baino askoz hobea». Agirrek esan du orokorrean hitz egiten ari dela, horrek ez duela esan nahi lurralde osoan berdin gertatu denik, leku batetik bestera desberdintasun nabarmenak baitaude. Gipuzkoan, ibarretik ibarrera sagar kantitatean aldaketak daude, Agirreren arabera. Beterriko eskualdea izan da kantitatez gehien izan duena. «Hernani aldean, baita Irun aldean ere, eta gorago ere bai; Aduna aldean —nahiz eta eskualdez aldatu— ezagutzen ditut eremu batzuk non sagar asko izan duten». Handik gorago eginda, uzta «askoz txikiagoa» izan da, eta Tolosaldeko eta Goierriko sagarrondoek ez dute horrenbeste eman. Astigarragako Sagardoaren Lurraldeak irailean kaleratu zuen txostenean uztaren okertzeari egun eta arrazoi zehatz bat jarri zion: uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean izan ziren eguzki kolpeak. Sagar asko usteldu ziren, eta behar baino lehenago erortzea ekarri zuen. Agirrek azaldu duenez, «Goierriko uzta eskasagoa denean kantitatean ikaragarrizko aldea izaten da». Kostaldeko sagarrondoek ere ez dute askorik eman aurten. Neguko eguraldi kaskarrari gehitu behar zaio sagarrondoek uzta oparoena bi urtetik behin izaten dutela, eta 2012an izan ziren sagar asko. «Gehiegi zaintzen ez diren sagarrondoetan bi urtetik behinekoa izaten da uzta oparoa. Joera hori aldatzen ari da poliki-poliki». Hortaz, 2013a sagarraren urtea ez izateak eta izandako neguak «eragin zuzena» izan du. Sagardoaren ezaugarri orokorrak aipatzea zail egiten zaio Agirreri. «Sagarren jatorria desberdina izaki, sagadotegi batetik bestera ikaragarrizko aldea dago; horregatik, zaila da ezaugarri orokor batzuk aurkitzea». Baina zehazten hasita, «gorputz handiagoa» duen sagardoa dela dio Agirrek. «Aurreko urtean baino tanino [edarien zaporea eta lurrina ezaugarritzen duen elementu kimikoa] gehiago du, eta horrek ezaugarri berezi bat ematen dio edariari». Guztira 12 eta 14 milioi litro sagardo egin dira Euskal Herrian. Iazko urtearekin alderatuta uzta azkarrago heldu dela uste du Agirrek. «Modu horretan, sagardotegien egutegiak moldatzeko aukera izaten da». Dagoeneko lanean ari dira sagardotegi goiztiarrenak; badaude, bestalde, beranduago irekiko dutenak. Lapurdin ere uzta eskasa Aurtengo sagar uzta ere kaskarra izan da Azkaineko (Lapurdi) Txopinondo sagardotegian. «Udaberria hezea izan da, eta uda lehorra, eta, ondorioz, sagar gutxiko urtea izan da», Dominic Lagadec sagardotegiko kidearen esanetan. «Gipuzkoan uztarekin arazoa dutenean, hemen ere berdin gertatzen zaigu». Horregatik, gainerako sagardotegiek bezala, eurek ere lehengaia atzerritik ekarri behar izan dute aurten ere. Normandiatik (Frantzia), hain zuzen ere. «Gure sagarrekin antzekotasun handia daukate hangoek, garratzak eta azidoak baitira». Handik ekarri dute euren ekoizpena egiteko lehengai gehiena: %70, hain zuzen ere. Eta horiekin lortu dituzten produktuak kalitate handikoak direla nabarmendu du. Sagarrarekin, sagardoa ez ezik, beste ekoizpen batzuk ere ekoiztu ditu Txopinondok, besteak beste, muztioa, ozpina eta likoreak. «Gipuzkoako sagardotegiekin alderatuz gero, hori da gure bereizgarri nagusia: ez dugu sagardoa soilik egiten». Sagar gehiena Normandiatik ekarri dutela esan du Lagadecek, baina iraganean ez zen horrela. Euskal Herrian sortzen zen sagar soberakina Normandiara eramaten zela azaldu baitu Txopinondo sagardotegiko arduradunak. «Duela mende bat egungoaren kontrako egoera zen, Normandian sagarrari etekin gehiago ateratzen zitzaiolako», dio. Gaur egun, ordea, Euskal Herrian ateratzen zaio probetxu handiagoa sagarrari, eta horregatik sortu da aurkako egoera hori. «Ekoizle guztiok nahiko genuke hemengo sagarrarekin soilik lan egin, baina hori ez da posible, sagardoaren truke hain gutxi ordaintzen den unetik». Sagardo ezberdinen arteko prezioen aldea oso txikia dela salatu du, eta, haren ustez, hori horrela den bitartean sagar ekoizleak ez dira sagarrondo gehiago jartzera animatuko. Iparraldeko sagar motak ikertzeko lanean Alain Borda ikerlariak Zuberoako sagar motak zerrendatu ditu, eta orain Lapurdi eta Nafarroa Beherekoekin ari da AINIZE MADARIAGA - IÑAKI LARRAÑAGA Ipar Euskal Herri guztia sagarren atzetik zeharkatu duenetariko bat da Alain Borda (Arbona, 1971). Ingurumen teknikaria ofizioz, afizioa ere eremu horretara bideratu du, sagarrondo mota zaharren biltzaile, ikerlari, txertatzaile eta jakintza horren hedatzaile bihurtu baita azken urteetan. Xiberoako sagarretaz liburua plazaratu du Astolabeitia argitaletxearekin batera. Dena den, proiektuan hainbat bidelagun izan ditu: Allande Etxartek (Altzai, 1950) idatzi ditu Bordak buruan eta paper muturrean zituen ohar guztiak, eta Lauren Caudinek editore lanak egin ditu. Ez da gai berria Bordarentzat, duela hogei urte hasi baitzen lekuan lekuko sagar motak ikertzen. Harentzat, sagarrak herriaren ondare dira, eta bere burua jakintza hori transmititzearen arduradun ikusten du. Euskara galdua dagoen kasuetan ere pentsatzeko eran barneratua dagoen zerbait dela azpimarratu du. Betidanik ezagutu dituzte sagarrak Bordaren etxean. Horiek bildu ez ezik, Miarritzeko (Lapurdi) merkatuan saldu dituzte aspalditik, arrakasta handiz, eta hura bihurtu da etxe horren diru iturri nagusia. Datu zientifikoez gain, liburuak adibide historiko bat dakar gogora. Atharratzeko Graxiana Goihexen historia azaltzen da bertan. 1661ean, Lapurdiko 60 sagarrondo ekarri omen zituen bere ezkontzeko dotean. Baina landatzea ez da nahikoa, zuhaitz horiek ehun urteko bizia dutelako gehienez ere. Hori dela eta, sagarrondoak loturik egon ohi dira etxaldeekin. «Sugea beti bizirik duzu larru berriaren pean, beti mugimenduan. Sagartzea ere kate bat da, enpeltatu behar da, kate hori eten ez dadin Arrunt barneratua dugun zerbait da», azaldu du Bordak. Geroztik, katearen ideia beti egon da hor. «Zuberoan ezagutu dut gaiaz zekien jende zinez umila, eta pentsatu dut zerbait egin behar zela horiekin. Gazteek horren historia jakin behar dute, jakitate hori gal ez dadin», azaldu du. Jakitate horren beste adibide bat azaldu du Bordak, Larraineko Irabarne jaunarena. Gerra denboran goserik izan ez zuela diote, alemaniarrek errota erabiltzea debekatu zietenean sagarrez elikatu baitzen denbora luzez. Duela gutxira arte, sagar gabe nekez bizi zitekeela dakar gogora liburuaren egileak. Dena den, orain arte eginiko lana beste pauso bat besterik ez da. Etorkizunean gaian sakontzeko asmoa dauka, eta beste liburu bat argitaratzeko asmoa dauka. Orain, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko sagarrondoen aztarnei segika egon da, alde horretatik Europako eskualde aberatsenetarikoak baitira. Guztira, 80 mota baino gehiago ditu ikerleak zerrendaturik, eta gehiago biltzeko prozesuan barneratuta dago egun. Aipatutako aipamen historikoez gain, argitaratutako liburuak hamalau lekukotasun, hamasei sagar motaren argazki eta deskribapenak, errezetak, esaera zaharrak, osagarriak, gomendioak, eta beste hainbat zehaztasun bildu ditu. Azkenik, Pierre Landhe hiztegitik enpeltatzeak erakusteko hainbat ilustrazio erabili dituzte: «Aita Landheri omenaldia egin nahi izan diogu, errespetu marka erakutsi nahi genion. Bere garaian, jadanik, lan interesgarria egin zuen gaiari buruz». Egun oroz sagarra jan, ehun urtez bizi izan, dio Ipar Euskal Herriko esaera zahar batek. Eta ez zaio arrazoirik falta, hainbat sagar mota erabiliz urte osoan jateko aukera baitago. Jondoni petri mota lehenbiziko, agorril ondotik, anisa hirugarrenik eta martxora arte gorde daitekeen neguko arraneta beltza edo gorria bukatzeko. Mauleko Agerriako sagardiak badu garrantzia sagar mota horien mantentze lanetan, fraideen eskutan zegoenean inguruko jendeak bertara jotzen baitzuen sagarrondoen txertoak egiteko adarren bila. Lan horri jarraiki, 1998an sortutako Sagartzea elkarteak sagarrondo mota zaharrak txertatzen eta landatzen segitzen du espezierik gal ez dadin. «Jakintza hau herriarena da, eta hala egon behar du. Horregatik, Sagartzea elkartean auzolanean jarduten dugu». Horretan dirau. Kalakan taldeak emango dio hasiera txotx garaiari gaur zortzi Hilaren 15ean, 13:45ean emango diote hasiera 2014ko txotx garaiari, Astigarragako Alorrenea sagardotegian (Gipuzkoa). Lehenengo tragoa edango dutenak Kalakan musika taldeko kideak izango dira. Txotxaren aurretik, sagarrondo bat landatuko du taldeak Sagardoetxeko sagastian. Bazkalondoan, berriz, pintxoak sagardoarekin batera jateko aukera izango da Astigarragako tabernetan. Ondoren, afaria egingo dute herriko kultur taldeek. Bi disko kaleratu ditu Kalakan taldeak, baina ospe handia lortu du, eta ez bakarrik Euskal Herrian, baita nazioartean ere, 2012an Madonna abeslariarekin batera bira egin baitzuten. Hernanin (Gipuzkoa), berriz, datorren igandean hasiko dute sagardo garaia. ETB 1eko Kontrako eztarria saioko Paulinok eta Anjel Alkainek emango diote hasiera.