La sidra también dispone de su propio diccionario
Descripción
Sagardoetxea Museoa / entrevista a Miel Joxe Astarbe / Diccionario de la sidra / Urkiri Salaberria
publicaciones diccionario miel joxe astarbe museo sidra sagardoetxea urkiri salaberria
Ficha
- Fuente: Noaua aldizkaria
- Fecha: 2009-05-01
- Clasificación: 3.6. Publicaciones
- Tipo documento: Revistas
- Procedencia: A33
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-000451
Texto completo
LIBURUAK ARAKATU, SAGARDOGILEAK ELKARRIZKETATU EDOTA GERTUKOENGANDIK IKASITAKOREKIN, BOSTEHUN HITZEZ OSATUTAKO EUSKARAZKO SAGARDO HIZTEGIA KALERATU DUTE URKIRI SALABERRIA ETA MIEL JOXE ASTARBEK. GALBIDEAN ZIRENAK, KONTZEPTU BERRIAK… DENETARIK AURKI DEZAKEGU, BETI ERE SAGARDO EKOIZPEN PROZESUARI ETA DASTATZEARI LOTUTAKOAK, TXOTX GARAIAN SAGARDOTEGIETAN BALIATU IZAN OHI DIRENAK, ATZO ETA GAUR... A-TIK Z-RA. NOAUA! Bostehuneko zerrenda osatu duzue. Sagardo mundua oso aberastzat jo liteke, erabili izan ohi diren hitzei dagokienez? Miel Joxe Astarbe. Bostehun hitz jaso dira eta hau hasiera baino ez da. Hitz guztiak ez daude hiztegian bilduak. Herri batetik bestera aldaketak daude hitz askotan. Guk hemen bertan era batera esandakoak, Lasarten beste modu batera izendatu ohi direnak edota Hondarribian beste izen batekin erabiltzen direnak jaso ditugu. Alor honetan mundu bat dago. N. Hiztegiak egitura berezia du, ezta? M. J. A. Sagar loreak bost petalo ditu eta horri jarraituz, bost ataletan banatu dugu liburua; sagar biltzea, zanpatzea, irakitea, edatea. Orden bat jarraitu dugu. Atal horiei, amaieran, “herri baten erroak” izenekoa txertatu diegu. N. Sagardoaren ekoizpen prozesuko hitzak nagusitzen dira zuen hiztegian? M. J. A. Tresneria guztia. Hitz asko sartu ditugu, baina oraindik dezente falta dira. Teknologia ere asko aldatu da eta horrek ere hiztegia baldintzatu du. N. Hitz bilketa lana egiteko, ikertu beharra izango zenuten. Zu zeu ere informazio iturri izan zara? M. J. A. Ni berez, sagardotegi, dolare eta sagastiak izan dituen baserri bateko semea naiz. Mutil kozkorretan gordeketan jolasten ginen. Non gordeko eta, dolare ertzean, kupela barruan… Orduan ikasi nituen lehen hitzak. Gero gaztetu nintzenean aitak anaiari eta niri esaten zigun, “osaba sagar biltzera doa eta lagundu beharko diozue”. Lehengusuekin sagar biltzerakoan ezagutu nituen sagar motak. Gero, sagar bat jaten hasita, zapore hitzak; garratza, gazia, geza, mikatza… ikasi nituen. Aitak esaten zigun sagar jotzera zihoazela eta joateko laguntzera. Hor ere ikasi nuen hitz mordoa. Lehenbizi buruan biltzen joandako hiztegi hori guztia, gero idatzi egin nuen. 1983an, Astigarragako aldizkarirako lan bat osatu nuen, bertako sagardo munduari buruz. Hor txertatu nituen hiztegiko ehun hitz, 56 sagar mota eta hamar zapore hitz. Aldez aurretik, garai bateko sagardotegietan egindako elkarrizketetan jasotako istorioetatik hitz batzuk jasoak nituen. Esate baterako, “mama”. N. “Mama goxua”? M. J. A. Mama hitza halako elkarrizketa batean jaso nuen. Garai batean Arantzazuko fraide bat sagardotegi batera etorri zen. Izugarrizko beroa omen zegoen eta baso bat sagardo eskatu omen zuen. Eman zioten eta “hau mama goxua” zioen. Eta gero beste bat edan zuen, eta beste bat, eta kristoren atxurra harrapatu omen zuen. Hori guztia sagardotegi bertakoak kontatu zigun. Bestalde, aitari galdera asko egiten nizkion, sagardotegiko semea baitzen. Osabak zuen sagardotegia, eta bera elkarrizketatu nuen, sagar mota gehiago ezagutzen zituen jakiteko. Horrela argitaratu nuen 1983ko hitz bilduma. N. 1983an egindako ehunetik gora hitzen bilduma hura, oraingo lanaren aurrekari gisa defini liteke beraz? M. J. A. Argitalpen honetako zuzendariak orduko lan hura nork egin zuen jakin eta deitu zigun. Hiztegia kaleratzeko asmoa zutela esan zidaten eta hitzak biltzen hastea nahi zuten. Horrela hasi ginen. Bi urte inguru aritu gara lanean. Urkiri Salaberriak, zuzendariak eta hirurok bilera mordoa egin ondoren kaleratu dugu liburu hau. Askok lagundu digute. N. Zuen argitalpenari esker, hitz batzuk ez dira bidean galduko. M. J. A. Bai. Garai bateko dolareak eta egungoak zeharo desberdinak dira. Lehen dolareak egiteko erabiltzen ziren tresna asko, pixkanaka galtzen joan dira. Neure garaiko hitzak, “fuertatxoa” adibidez, aitarengandik jasoa, aspaldi galdua zen. Azkeneko estualdiari ematen zaion zukua, hari deitzen zioten “fuertatxua”. Hori neure baserrian. Hitz hori azaltzerakoan, Ergobiako gizonezko bat etorri zitzaidan eta hark esan zigun, bere garaian sagardoa ekoizten zutenean gauza berari “fortatxua” deitzen ziotela. Kilometro bateko tartean, gauza bera izendatzeko bi modu. Horregatik diot herri batetik bestera izenen artean, mundu bat dagoela. N. Ba al dago hitzen bat, bereziki Usurbil aldean jasotakoa? M. J. A. Lasarte aldean bai, “Kixkila” adibidez. Bertan idatzi zuten sagardoari buruzko liburu batetik atera nuen hitza. Hemen, sagarra biltzeko tresnari “kixkaya” deitzen diogu. Hondarribiako baserri batean, “Makota”. Hiru izen desberdin. Eta Goierri edo Bergara aldera joanez gero, hor beste hiztegi bat egiteko moduan egongo ginateke. N. Txotx denboraldian, sagardotegira joan eta denok dastatutako sagardoa epaitzea gustuko dugu. Hiztegi hau eskutan hartuta, zeregin horretarako zer hitz izan daitezke lagungarriak? M. J. A. Bat “etorriya” litzateke. Hitz horrek zeresana eman du. Beti entzun izan dut “etorriya”, inguruko herrietan; “sagardo hau etorriya dago edateko edo botilaratzeko”. Lagungarriak izan litezke baita, sagardo hau gozoa dago, ozpindua, mikatza dago, ona dator… N. Bitxikeria moduan, atentzioa emateko moduko hitzik ezagutu duzu? M. J. A. “Kaskabel”, norbait mozkortzen denean erabiltzeko hitza da. “Hori kaskabel dago”. Liburua kaleratu eta gero, Zapirain sagardotegikoak bere aitonari entzundako beste hitz bat aipatu zidan; “agostoketak”. Sagar bilketa noiz hasten zen erreferentzia egiteko erabilitako hitza zen. Sagar biltzen, abuztuan hasten zirelako. N. Eta ezusteko asko izan duzue bilketa lana egiterakoan? M. J. A. Txalaparta hitza esate baterako hiztegian txertatu dugu. Duela hilabete batzuk, Juan Mari Beltranek esan zidanez, txalapartari lotutako lehen datua 1880. urteko sagardo liburu batetik aterata dago. Bertan gogorarazten denez, sagardo ekoizpen lanak bukatzen zituztenean, txalaparta jo eta irrintzia botatzen zuten. “Bandua” hitza ere hiztegian dator. Garai batean, kupelaren bat irekia zegoela jakinarazteko bandoa baliatzen zen. N. Bereziki nori zuzendua dago zuen lana? M. J. A. Ez da asko salduko den liburu bat. Gehienbat, ikastola edo AEK euskaltegietarako egina dago. Ariketak egiteko. Hogei urte barru, beste bat argitaratu beharko da, osatuagoa. N. Belaunaldi desberdinetan erabili ohi diren hitzak jaso dituzue. Zer nolako eboluzioa izan dute? M. J. A. Hitz asko desagertu dira. Dolarea izendatzeko adibidez, lehen 30 hitz erabiltzen baziren, gaur egun bi hitz soilik. Hitzen galera gertatu da. Baina bestalde, batez ere enologia alorreko hitz asko daude, garai hartan ez zeudenak. Gaur egun, enologia aurrera doa eta hitz berriak sortzen ari dira. Ardogintza alorretik datoz asko. N. Aurtengo sagardoa dastatuko zenuen. Hiztegia eskutan, nolakoa iruditu zaizu? M. J. A. Urtero bezala denetarik dago. Onak, ez hain onak, kaxkarrak, denetarik. Produktu ona behar dute sagardo ona ekoizteko. Horretarako lehen gauza, sagar ona izatea. HITZAK EZAGUTU ETA ERABILTZEKO EGOKIA Sagardoari lotuta erabili izan ohi diren hitzak ezagutu eta erabiltzeko aukera ematen duen gida liburua Sagardoetxea Museoan, Astigarragan eskura daiteke, edo www.sagardodenda.com web orrialdean, 4,81 euroren truke. Nahi duenak gainera, ikasitakoa igande honetan Usurbilen ospatuko den Sagardo Egunean praktikan jar dezake. Sagar motak, sagarra ekoizteko erabiltzen den tresneria, sagardoaren ezaugarriak… Asko dago ikasi eta ezagutzeko. SAGARDO HIZTEGIA Egileak: Miel Joxe Astarbe, Urkiri Salaberria. Marrazkilaria: Antton Olariaga. Argitalpena: Sagardun Partzuergoa.