Sagardoaren lurraldea

Cob los cinco sentidos: los últimos reportajes, propios o historias especiales que han llegado hasta nosotros

Descripción

Sidrería / nueva generación de sidreros / sidra / txotx / Agin Rezola / Oihana Gainzerain / sidrerúas Rezola y Zelaia

oihana gainzerain sidra sidrería txotx

Ficha

  • Autor: Maider Iantzi
  • Fecha: 2010-12-29
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-004503

Texto completo

Batzuetan gaurkotasunak aukeratzen du zein erreportaje egin. Astekariak gai propioak patxadaz lantzeko abantaila ere badu. Bertzetan, istorio eta kontu bitxiak ailegatzen zaizkigu belarrietara eta horiei segitzen diegu. Hona hemen aurtengo gaien hautaketa bat. Etxeko mina kaleratzen Tratu txarren biktimek antzerki bidez kanporatu dute barne-sufrimendua. «Zenbat eta lehenago, hobeto. Zenbat eta lehenago utzi, bereizi, salatu... hobeto». Mezu hori zabaldu dute ASADEko lagun batzuek eta Sebastopoleko Titiriteroek elkarlanean prestatutako ikuskizunean. Azaroaren 25ean estreinatu zuten Donostiako Boulevardean, eta aitzinerago bertze leku batzuetan aurkezteko asmoa zuten, ahalik eta jende gehienarengana ailegatzeko, mota guztietako jendearengana. ASADE elkarteko emakumeak ez dira antzezleak, etxeetako zerbitzuak ematen dituzten langileak baizik: pertsona zaharrak zaintzen dituzte, ezintasunen bat dutenak... Langile gisa elkartu ziren, esplotatu egiten zituztelako. Beren bizitzari buruz solasean hasi eta konturatu ziren gehienek, gainera, tratu txarrak jasaten zituztela. Bi aldiz esplotatzen zituzten, beraz, lan arloan eta genero bat izateagatik. Osatu duten ikuskizuna, titiriteroena denez, erritmo handikoa, bizia eta irudi aldetik harrigarria da. Antxon Etxeberria Sebastopoleko kideak lehenengo entsegura gonbidatu gintuen. Eroso jarri eta argazki saioari ekin zioten koltxonetaz, baloi handiz, sarez eta trapezioko ariketak egiteko tramankuluz betetako gela batean. Batzuk bizkarra emanda -ez baitute erasotzaileak ezagutzerik nahi-, bertzeak kamerari tinko begira, irudi indartsua osatu zuten. Eta anitza: gizon-emakumeak ziren, adin desberdinetakoak, batzuk eserita zeuden, bertzeak zutik, lurrean edo eskaileretara igota. Orduantxe ezagutu zuten elkar ASADEkoek eta Etxeberriak, eta berehala hasi ziren lanean. Sagardogile uzta berria Sagardotegietako erreleboa hartzeko eta bidea urratzen segitzeko prest dagoen belaunaldia ezagutu dugu. Kontatu digutenez, bidearen hasieran sentitzen dira. Lehen, ilargiari begira aritzen ziren sagardoa egiteko. Orain, zientziari eta teknologiari begiratzen diote. Lehen, etxetik kazolarekin etortzen ziren bezero gutxi batzuk hartzen zituzten. Orain, asteburu askotan, autobus bete bezero. Kupela artean hazi dira eta lehen lerrotik ikusi dute sagardotegia nola aldatu den. Etorkizunari begiratzen diote, ilusioz, egiteko askorekin, eta berriz ere lehen lerrotik. Sagardogileen seme-alabak diren batzuk hilean behin edo biltzen dira elkarrekin afaltzeko eta, nola ez, sagardotegien inguruan hitz egiteko. «Aurrera begira onuragarria izango dela uste dugu, elkarren bizilagun gara denok, sektore txiki batekoak, eta gerta daiteke noizbait elkarren beharra izatea. Eta konfiantzarik ez izatea tristea litzateke», adierazi digu Agin Rezolak, Rezola sagardotegiko nagusi gazteak. Sagardotegi ugaritan ari da gaztetzen sagardogilearen profila. Zelaia, adibidez, 30 urteko Oihana Gainzerainek darama aitarekin batera. Lan ugari egin beharra dagoela deritzo. «Borroka egunerokoa da. Beti daude erronka berriak, merkatua ez da erraza, saltzeko gainean egon beharra dago... baina, tira, badago etorkizuna», ziurtatu digu. Lapurtutako haurrak Senitartekoen bila ari diren ehunka lagunen testigantzek agerian utzi dute frankismoan hasi eta ondorengo urteetan iraun zuen «negozioa». Sentitzen dutena hitzez ezin azaldu, hunkitu gabe euren istorioak ezin entzun; ezin... Zoritxarreko gertaera bat bidegabekeria bilakatu zaie, ezinegon. Senitartekoak (semealabak, anaiatxoak...) hil zitzaizkiela pentsatuta egin dute aurrera. Heriotza onartzea bezain zaila egiten zaie orain «lapurtu» egin zituztela barneratzea. Kontakizun batzuek egin dute akuilu lana. Haiek lagundu diete beste askori errealitateaz konturatzen, ezkutukoa ateratzen, arakatzen, jabetzen eta salatzen... Jada asko dira, gehiegitxo. Guk lau istorio, lau bizipen jaso ditugu. Protagonistek sentimendu kontrajarrien kolpeak sentitzen dituzte; galdu dituzten senitartekoak bizirik egon daitezkeela pentsatzeak sorrarazten dien poza eta haiek lapurtu dituzten pertsonekiko sentitzen duten amorru eta gorrotoa. Urtarrilean kasu hauetako asko Auzitegi Nazional espainiarrera eramango dituzte salaketa gisa. Artxiboak zabaltzea eta informazioa lortzea dute helburu. Dozenaka testigantza bildu dituen Francisco Gonzalez de Tena soziologoarekin ere mintzatu gara. Berak jakinarazi digu milaka haur lapurtu zituztela 40ko hamarkadaren amaieratik 1995 arte. La Olivako monasterioan Arnas hotsak ere oihartzuna egiten du La Olivako monasterioan; oin hotsek, berriz, burrunba. Isiltasuna erabatekoa da, beldurgarria eta, aldi berean, lasaigarria. Horixe, isiltasunari ohitzea, kosta zitzaion gehien Isaac Totorikari monje egin zenean. Hiztuntzat du bere burua eta hiztun, baina patxadaz kontatu zizkigun bere bizimoduaren gorabeherak Zarrakaztelun hartu gintuenean. Orain hamazazpi urte, bizibide zuen negozioa saldu eta jaiotzen ikusi zuen Ermutik monasterio honetara etorri zen. «Nork bere bizitzan hartzen dituen beste erabaki nagusien antzera, bihotzetik ateratako erabakia» izan zen, urte luzez mamitu eta une zehatz batean begietara argi azaldu zitzaiona. Nobiziotzaurrea eta nobiziotzako lehen urteak La Olivan eginda, Ziortzako monasteriora joan zen. Han eman ditu azken urteak, Zarrakazteluko monasterioko abade izendatu zuten arte. Hamalau monje bizi ziren bertan bisita egin genuenean: «28 urteko gazte bat, gure bizimodua ezagutzera etorri dena; 50 urteren bueltan dabiltzan hiru monje; eta beste hamarrak 70 urtetik gorakoak». Euren bizitzak hiru oinarri ditu: «Otoitza, Jainkoaren hitza entzutea eta lana». Makina bat lagun hartzen dituzte «denentzako zabalik» duten ostatuan. Zahartzea: Itxaropena, izua Zahartzea, itxaropena eta beldurra. Gero eta urte gehiago betetzera gaude zuzenduta, baina, era berean, gero eta gehiago kostatzen zaigu zahartzaroaren zeinuak onartzea. Gaiari erpin desberdinetatik begiratu nahi izan diogu. Datu demografikoak eta bizitza itxaropena aztertu ditugu, baita baloreak eta urteen joana osasuntsu bizitzeko baliabideak ere. Nola ez, adinean aurrera egin duten pertsonei erreparatu diegu, «zahar» baina «gazte-gazte» diren horiei. Marta Luxan EHUko Soziologia departamentuko irakasle eta demografian adituak ohartarazi duenez, pertsonak zahartzen dira, ez gizarteak. Horrek, besteak beste, belaunaldien arteko harremanak aldatu ditu: «Jendeak badu bere aiton-amonak eta birraitona-birramonak ezagutzeko aukera». Beste aditu batek, Maria Teresa Bazo unibertsitate bereko Ekonomia katedradunak, gaztetasuna «hiperbaloratu» egiten dela nabarmendu du. «Gaztetasuna edertasunarekin zuzenean erlazionatzen da, are gehiago emakumeen kasuan. Horregatik, emakumeentzat gogorragoa da zahartzea». Mercedes Eguiluz doktorea osasuntsu zahartzeko medikuntzan dabil lanean, urteei bizia emateko eta ez urteak biziari. Ez du uste gizarteak zahartzen ez dakienik: «Gertatzen dena da bizi kalitatea gero eta handiagoa dela, eta, zenbat eta hobeto sentitu, orduan eta gehiago zaindu nahi izaten dugula». Zer egin dezakete pertsona zaharrek gizartearen alde? Galdera alderantziz egin ohi da, hau da, gizarteak zaharren alde zer egin dezakeen pentsatzen da. Nagusilaneko 1.200 boluntarioek bertze jarrera bat hartu dute. Horren adibide da Juan Mari Garitano, elkarteko presidentea. Bisturia euskarari Xabier Amurizak ez du atsedenik hartzen erretiratu zenetik. Bere «Dinosaurioak horizontean» saileko protagonista laugarren eleberrira iritsita dago, frankismoaren azken urteetara seguruenik, eta euskaltzainak beren eserlekuetatik altxarazteko moduko liburu bat kaleratu du, gure hizkuntzari idazle bezala aurkitu dituen gabeziak seinalatzen baitizkio, gupidarik gabe, eta erremedioak proposatzen. «Euskara batuaren bigarren jaiotza» lanaren aurkezpenean izan ginen. «Liburu honetan esan ditudanak eztabaidatu eta errefusatu daitezke, baina ukatu ez», ziurtatu zuen. «Gu bizi garen tokian bizi gara, munduko hizkuntza indartsuenen tartean edo azpian», azaldu zuen eta euskarak dituen hutsuneen zerrendari heldu zion. Lehen hutsunea, Amurizaren ustez funtsezkoena, beharbada (bi orduko hitzaldiaren erdia inguru gaiari eskaini zion), erlatiboarena da. «Badakigu subjektua eta aditza funtsezkoagoak direla, baina espresio aldetik egitura bat garrantzitsua eta literarioki baliagarria bada, erlatiboarena da. Euskal gramatiketan erlatiboaren zati bat konpontzen zitzaigun eta beste zati bat hutsik uzten zitzaigun. Funtsezko egitura bat ukatzen genion hizkuntzari». Arazo honi soluzio osoa eman diola adierazi eta entzuleen artean orrialde batzuk banatu zituen, adibide zerrendarekin. Aditu batzuek lan honi buruz duten iritzia jaso genuen. Carlos Cid Complutenseko Euskal Filologiako irakasleak «ausardia handiz» jokatu duela nabarmendu zuen; Kepa Altonagak, EHUko Zientzia fakultateko irakasleak, berriz, lexikoari buruzkoak azpimarratu zituen. Zaldi western-ak Euskal Herrian asko dira zaldizaleak, ez hainbeste Ameriketako zaldunen pare ganadua gidatzen aritzen direnak. Euskal Western Elkarteak lehiarako grina asetzeko aukera eskaintzen die zaletuei. Iñaki Tolosa, Jon Aranburu eta Garikoitz Lasa zaldi artean ezin gusturago ibiltzen dira. Asteasuarrak dira lehen biak eta, Bidaniakoa, hirugarrena. Elkarte honen sortzaileak dira. «Ez gara aritzen lehiagatik, baina behin horretan jarrita, irabaztea nahi dugu -argitu ziguten-. `Euskal Herriak ere honetan parte hartzen duela erakutsi behar diegu', pentsatzen dugu». Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izango zen Gasteizko saiotik itzuli berritan aurkitu genituen guztiak, Asteasun, Gure Izardia baserrian. Tolosak bertan gordetzen du ganadua. Oihan ere, Iñakiren semea, eurekin zen. Aurten Katalunia-Euskal Herria txapelketa antolatu dute. «Maiatzean, asteburu osoa egin genuen eta katalanak nagusitu ziren. Txahalak sartzen berdindu egin genuen, baina haiek denbora gutxiagoan lortu zuten», kontatu zuten. Irailean, Zaldibarren egitekoa zuten errebantxa. Hiesaren gorria, hurrenetik Abenduaren lehenarekin batera, xingola gorriek herritar andanaren paparrak hartu zituzten. Beste behin ere, 80ko hamarkadatik hona milioika lagunen heriotza ekarri duen gaitzaz eta eragiten duen birusaz oroitu ginen, hiesaz eta GIBaz, hurrenez hurren. Joseba Errekalderen laguntzarekin, egunerokoan horiekin bizitzea zer den jakin nahi izan genuen. Urte mordoxka eman ditu oiartzuar honek eskolaz eskola. Bozkarioz eta nahigabez betetako fardel pisutsua bidelagun duela, bizitzan izandako esperientzia hori partekatzen du ikasleekin, hortik zer edo zer ikasiko dutenaren itxaropenez. Azkoitiko Urola ikastolako ikasleekin batera entzun genuen bere testigantza: «25 bat urte daramatzat GIB birusarekin. Zuen adina nuenean, artean ez zen gaixotasun honen inguruan ezer entzuten, ez genekien existitzen zenik ere», oroitarazi zuen. Ikasleek erne-erne aditu zuten solasaldia; gaia ezaguna zutela antzematen zitzaien, baina segituan ohartu ziren uste baino gutxiago zekitela eritasunaz.