Sagardoaren lurraldea

Hay cuadrillas que visitan veinte sidrerías al año

Descripción

Sidrería / sidra / Joxe Landa / Mikel Armendariz / la medida para beber / ambiente de amigos / cuadrilla como uan religión / txotx

sidra sidrería txotx

Ficha

  • Autor: Joxe Agirre
  • Fuente: gaur8.info
  • Fecha: 2009-03-12
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-004500

Texto completo

Zenbat sagardotegi bisita daitezke denboraldiko? Zenbat basokada edan behar dira sagardotegira goazen bakoitzean? Ematen al dio sagardoak argitasunik buruari? Horiek eta beste hainbat galdera egin dizkiegu sagardotegietan asko ibiltzen diren bi laguni. Joxe Landa eguraldi iragarlea da bat. Mikel Armendariz hernaniarra bestea. Zazpi irratitan (Info7, Herri Irratia, Xorroxin, Segura, Arrasate, Txolarre eta Karrape) eta egunkari honetan bertan iragartzen du eguraldia egunero eta bere blogean luzeko bi iragarpen egiten ditu: asteari buruzkoa igandetan eta asteburuari buruzkoa ostegunetan. Joxe Landak hitz egiteko modu pausatua du eta eguraldiaz bezain dotore hitz egin dezake beste hainbat gairi buruz ere. Sagardotegien inguruan jarri genuen guk hizketan. «2001ean hasiko ginen gu horrela, sarri samar, martxa onean, sagardotegietara joaten. Badakit 2002an hogei sagardotegi bisitatu genituela eta geroztik, bat edo beste gorabehera, kopuru horrekin gabiltza. Hogei kopuru polita dela uste dut. Iaz ere, denboraldian bertan ez ginen iritsiko, baina uda partean Petritegira eta Aburuzara askotan joan ginen eta hogeiko muga pasatuko genuen», esan zigun Itziarko taberna batean bildu ginelarik. Neurria: 18 trago Aizarnako Etxesaletxe baserriko Kepa Eizagirrerekin eta Albizuriko Erramon Lazkanorekin joaten da Joxe sagardotegira. Tarteka anaiaren bat, koinaturen bat edo lagunen bat ere biltzen zaie taldera. «Sagardoa edari arina da. Ardoarekin ere ibiltzen ginen lehen upategietara bisitak egiten eta astunagoa da. Gu aste erdian ibiltzen gara, baina sekula ez zaigu egokitu neurriz pasatako jenderik, mozkortutakorik. Piztutakoak bai, asko. Hizketan ere antzematen da. Afaria aurrera doan eran marmarra ere igotzen hasten da eta jendea animatu egin ohi da, baina edanak kalte eginda ez dut inor ikusi», esan zuen Joxek. Zein da edateko neurri egokia? «Hamabost bat zurrutada da neurri polita -erantzun zuen Joxek-. Behin ere ez dugu arau hori betetzen, baina hamabost jaikialdi izan liteke tamaina. Lau plater egoten dira. Hasierako tragoaren ondoren plater bakoitzean hiru zurrutada egiten jakin behar da. Hori da neurri polita. Sagardotegian ordu eta erdiko egonaldia nahikoa da. Niri zutik gustatzen zait. Badaude eserita nahiago dutenak ere. Guk kafetxo bana hartzen dugu, baina asko zuzenean itzultzen dira etxera. Nik, behin baino gehiagotan, etxera etorri eta telebistan `Kalaka' saioko azken zatia ikusi ohi dut», esan zuen. Aste barrutik asteburuetara erabat aldatzen da giroa. «Ostiral eta larunbat gauetan aldatzen da giroa. Basoa goraino beteta dabilen jendea ikusten duzu, sagardotegi bat zer den ez dakiena. Beste egunetan edade pixka bateko jendea, jende formala, ibiltzen da. Gu gehienetan asteazkenetan joaten gara eta ia beti beteta egoten dira sagardotegiak», jarraitu zuen. Sagardoaz hitz egiten dute, baina ez asko. «Gutxitan ibiltzen denak gehiago hitz egiten du sagardoari buruz. `Hau ona zagok edo hura hobea' ibiltzen dira. Gu ez gara konparaziotan ibiltzen. Edan eta beste kontu batzuekin ibiltzen gara. Sagardo bakoitza kalifikatze hori nobatoena dela uste dut. Denok uste dugu badakigula, baina ez gara horren erraz iritziak ematera ausartzen. Kupel askotatik edaten baduzu, nahastuta geratzen zara. Niri egin izan dizkidate probak. Aburuzara joan ginen batean ilobak galdetu zidan zein zen kupelik onena eta erdikoa zela esan nion. Nagusiari galdetzera joan ziren eta nire iritziaren berri eman ziotenean, ez nenbilela oso gaizki erantzun omen zuen. Baina ez da beti asmatzen. Ondoren beste kupel batetik baso ondar bat ekarri zidaten eta ez nuen asmatu. Etnologoek, horretarako jarrita daudenek, seguru nago asmatuko luketela», jarraitu zuen Joxe Landak. Lagun giroa Sagardotegiak duen gauzarik ederrena lagun giroa da. «Beti egiten dugu topo ezagunen batzuekin. Giroa ere asko estimatzen dugu. Sagardotegietan dabiltzan asko aspertu egiten dira jatetxe normaletan». Ez dute ibilbide jakinik. Sagardotegi gehienak Hernani eta Astigarragakoak dira. «Tolosako Isastegi, Igeldoko Kalonje, Asteasuko Sarasola... badaude bi herri horietatik kanpo dauden sagardotegiak. Adunako Aburuza sagardotegira askotan joaten gara. Niri asko gustatzen zait. Akatsik gabeko sagardotegia da», esan zuen. Ba al du argitasunik? Ematen al du sagardoak mundua konpontzeko argitasunik? «Inoiz edo behin ondoko koadrilarekin hasi ohi gara hizketan, baina, bitxia bada ere, koadrila bakoitza bere kontuekin aritu ohi da eta ez gara normalean gai sakonetan sartzen. Zarata dezentea egoten da eta jatetxe normal batean baino bilduagoa sentitzen da koadrila, zaratak babesa ematen duela esango nuke eta bakoitza bere txokoan sartzen dela. Bestela, edari bezala, argitasuna ematen duen edaria da. Alkohola badu, baina ez hainbeste eta tamaina hartzen erraza den edaria da. Guk ere, hasieran, sagardotegietara joaten hasi ginelarik, kafearekin batean purua eta kopa hartzen genituen. Baina alkohol destilatuak eta tabakoa kaltegarriak dira», jarraitu zuen Joxek. Sagardotegiko menua 25-28 euro bitartean dabil. Gabonak aurretik irekitzen dituzte sagardotegi batzuk (Tolosako Eguzkitza edo Legorretako Aulia) eta Joxe eta bere lagunak horietara joanez hasten dira normalean eta denboraldia bukatu eta gero ere segitu egiten diote. «Sagardotegian ez bada, elkarrekin afaltzeak ez digu graziarik egiten eta udan ere joaten jarraitzen dugu», esan zuen. Erlijio bat bezala Mikel Armendariz, umea zelarik, aitarekin joan ohi zen Aste Santuan inguruko sagardotegietara. «Amak ogitarteko bana jartzen zigun eta hura jaten zuen aitak sagardoak probatzen zituen bitartean. Gero botilatan erosteko sagardoa aukeratzen zuen Aste Santuan. Orduan ez nintzen erabat jakitun izango, baina orain badakit asko gozatzen zuela aitak zeremonia horretan. Orduan basokada bakoitzeko kobratzen zen. Erlijio bat bezala zen berarentzat», hasi zen oroitzapenak kontatzen. Orain bere koadrilarekin joaten da sagardotegira. «Gure koadrilan hamar bat lagun gara eta orain 35 bat urte hasi ginen sagardotegira joaten. Elkartean prestatzen zen orduan kazuela eta harekin joaten ginen sagardotegira. Oraindik pare bat sagardotegitan egiten dugu hori. Gu sagardoa edatera joaten gara, baina aldi berean sagardogilearekin hitz egiten dugu, sagarra nondik ekarri duen, urtea nola doan eta beste hainbat kontu hitz egiten ditugu berarekin. Hortaz hitz egiten dugu gehienbat», esan zigun Mikelek. Hamaika sagardotegi dira Hernanin. Mikelen koadrilakoek sei-zazpi sagardotegi bisitatzen dituzte eta beste lau bat Astigarragan. «Sagardoa nola dagoen komentatzea gustatzen zaigu. Urtarrilean hasten gara, oraindik berri samarrak daudela eta apirilean bukatzen dugu onduta daudenean. Bai sagardogileekin eta bai gure artean horretaz hitz egiten dugu. Txikitandik bizi izan dugu giro hori, maite dugu sagardoaren kultura. Ostegunean sagardotegira joan eta ostiralean elkartean ondoan ditugunei zer moduzko sagardoa aurkitu genuen kontatzea izan ohi da gure gutizia», jarraitu zuen Mikelek. Hamaiketarako etxean Zenbat edan behar da sagardotegi batean? «Menu normalarekin hamabost-hogei bat zurrutada edango ditugu. Kafe bat hartu eta hamaiketarako etxean gaude. Hamarrak eta erdietan elkartera etortzen gara kafea hartzera eta batzuk kartetan edo jokoan geratuko dira, baina besteok hamaiketarako etxean gaude», jarraitu zuen Mikelek. Mikel Armendarizen ustez, sagardoaren mundua mugatua da, ez da ardoarena bezala. «Urteko bizia du. Jaio eta oso azkar egiten da. Urte guztian edaten dugu. Udan ere elkartean afaltzeko sagardoa erabiltzen dugu eta uste dut zerbait badakigula. Horrek ez du esan nahi denok bat etortzen garenik. Hamar gara eta bakoitzak bere gustuak ditu», esan zuen. Mikel Armendariz errugbi elkarteko kidea da eta koadrilan denetik dago; aparejadorea, aseguru agenteak, taxilaria, argiketariak. «Askotan oinez joaten gara sagardotegira, lasai-lasai. Bizpahiru kilometro aise egiten dira. Astigarragara autobusean joan eta taxian etortzen gara. Zortziak eta erdietan puntuan hasten gara eta gu bezala baita beste sagardozale benetakoak ere. Ordu eta erdi egiten dugu bertan, zutik edo eserita, ez gara horren ortodoxoak», esan zuen. Ostegunero sagardotegira joaten diren hiru koadrila dira Elur Txori elkartean eta, ondoren, kafea hartzeko elkartzen dira. Txantxangorri elkartean ere badira beste bi koadrila.