Sagardoaren lurraldea

Peregrinación a los elaboradores de talos

Descripción

Eventos / otros / Santo Tomás / Donostia / Bilbao / talos / sidra / karreto-barrika / productos de caserío

caserío otros bilbao donostia evento carreta-barrica sidra santo tomás

Ficha

  • Autor: Iñaki Larrañaga
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2013-12-22
  • Clasificación: 5.8. Otros
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-004373

Texto completo

Milaka lagun bildu dira Bilbon eta Donostian San Tomas eguna ospatzera, Areatza inguruan eta Parte Zaharrean. Eguraldi ona egin du, taloa eta txistorra jan, sagardoa edan eta festaz gozatzeko. «Bilbo gainezka ikusten dut. Larunbata suertatu da aurten, eta oso arriskutsua da hori San Tomas egunean. Sekula ez dut hainbesteko jendetzarik ikusi». Esperientziaren ahotsa da Juantxu Monasteriorena. Txistua eta danborra altzoan zituela, Bilboko Alde Zaharreko Andra Maria kaletik zetorren, atzo goizean. 70 urtetan horrelakorik ez duela ikusi zioen irribarretsu. Eta ez zen gutxiagorako izan, Bilboko Areatza eta inguruko kaleetan jendetza egon baitzen atzo egun osoan. Gizon txapeldunez eta baserritarrez jantzitako emakumeak ez ezik, ez zen hain irudi harrigarria izan kalean edateko bost litroko ontziak zituzten gazteak edota lehen aldiz txotx egiten zuten alemaniar ilehoriak ere ikustea. Sagardoa Plaza Barrian lortu zuten alemaniarrek, Axpe sagardotegiko saltokian hainbat botila erosita. Mikrotxotx Windous kamiseta jantzita, umorerik ez zitzaion falta saltzaileari. San Nikolas elizaren paretari itsatsirik, agertoki bihurtutako kamioi batek Arkaitz Estiballes, Oihana Bartra eta Peio Ormazabalen bertso saioa jazo zuen. Oholtzara igo aurretik, haren izkina batean zeuden hiru bertsolariak hizketan, bertsotan noiz hasiko zain: «Jendez gainezka dago Bilbo, eta gaurkoa aukera polita izaten da egunez parranda egiteko. Ea saio polita irteten zaigun eta gero talo bat jateko aukera daukagun», zioen Estiballesek txakolin basoa eskuan zuela. Ormazabal eta Bartra etxetik irten berri zeuden. «Dena den, eman hiru ordu gehiago, orduan alaiago egongo gara eta», zioten biek. Handik hurbil, Areatzan, ausartenek soilik izan zuten azokaren erdigunera hurbiltzeko balentria. Bertan zeuden Berrizko (Bizkaia) Gaizka Aldekoa eta haren ama salmahai batean saltzen. Hiru babarrun mota, intxaurrak eta arto irina ekarri zituzten azokara, eta eguerdirako lauzpabost babarrun poltsatxo besterik ez zitzaizkien geratzen. «Eguna ondo ez, zoragarri doa. Iaz baino jende gehiago sumatzen Erakusleiho galanta izanik, San Tomas aldarrikapenen gune ere bihurtu zen. Abortuaren aldekoen eta gaixo dauden presoen senideen elkarretaratzeak ez ezik, gaixotasun arraroen ezagutza sustatzea helburu duen Berritxuak elkarteak ere Arriaga parean egin zuen berea. Handik bost metrora, BBK Bioeskolak baratze bertikala eraiki zuen. Gizarte bazterketa jasan dezaketen pertsonei zuzendutako eskola da berau; nekazaritza ekologikoaren bitartez, gizarteratze duinagoa izateko helburuz sortutakoa. Ortu bertikala hornitzeko asmoz, sasoiko barazkiak eskegitzeko eskatu zieten umeei. «Trukean, letxuga, espinaka, porrua, kipula edota azalore landare txikiak oparitu dizkiegu etxera eramateko», azaldu zuen Nagore Etxebarria proiektuko arduradunak. Donostian ere jendetza Jendetza bildu zen baita ere Donostian, Parte Zaharreko kaleak leporaino bete ziren egun osoan. Asko baserritarrez jantzita, adin guztietako jendea zebilen batetik bestera, giro ederrean. Konstituzio plaza zen festaren erdigunea, eta hantxe zegoen baita ere eguneko protagonista: 340 kilo inguruko Jaxinta zerrama. Leitzako Arro baserritik iritsita, bidaiak nekatu egin zuen nonbait, eta belarriak bakarrik mugitzen zituen, noizbehinka. Inguruan bultzadak eman beharra zegoen zerrama ikusi ahal izateko. Lehendabiziko ilarara iristea lortu zutenen artean zeuden Juan Carlos Crego eta haren seme-alabak, argazki kamera eskuan. «Andoaindik etorri gara, eguna pasatzera. Argazkiak aterako ditugu, eta erosketak egin», esan zuen Cregok gozokiz betetako poltsa erakutsiz. Alboan, Tomas Crego semeak harrituta begiratzen zion zerramari. «Begira zein luzea den», zioen. Zerramarekin batera, eguneko beste protagonistak: taloa eta txistorra. Festan sartzeko taloa txistorrarekin jan beharra zegoela zirudien. Erromesaldia egin behar zela nahitaez Ataungo, Baztango edo Segurako talogileengana, fede itsu batek bultzatuta bezala. Ilara luzeak egin ziren, ondorioz; ordu erdi itxaron zuten askok. Ohiko talogileek ez ezik, ikasbidaiarako dirua lortzeko hainbat salmahai muntatuta zeuzkaten unibertsitateko eta batxilergoko ikasleek ere. Axular Lizeoa, EHUko Arkitektura Fakultatea, Luis Irizar sukaldaritza eskola eta abar jartzen zuen Konstituzio plazako salmahai gaineko karteltxoetan. Originalak izan nahian, gula errazioak saltzen ari ziren Gurutze Gorriaken postuan. Juan Carlos Gonzalez zegoen saltzaile. «Bai, jendea harritu egiten da hasieran, baina oso harrera ona izaten dute gero gulek. Urteak daramatzagu saltzen. Errazioa 3,5 eurotan, eta pintxoa, 2 eurotan». Guztira 210 postu egon ziren Donostian atzo, iaz baino 22 gehiago. Jaxinta-rengandik gertu zegoen Animalien Eskubideen Aldeko Elkartearen salmahaia ere. «Animaliak hil eta gaizki tratatzearen aurka gaude. Horregatik gara begetarianoak, eta ez dugu haragirik saltzen, ezta jaten ere», zioen Maria Amonarraizek. Sojaz egindako saltxitxak, seitan pintxoak eta hanburger begetarianoak zituzten aukeratzeko, eta «pixkana» baina ari omen ziren saltzen. Bulebar inguruan ere jendetza bildu zen eguerdia gerturatu ahala. Atsedenik hartzen ez zuten txalapartariak, San Silvestre lasterketa iragartzen zuen bizikleta musika ozen-ozen jarrita, trikitilariak kalejiran... Igeldoren aldeko pankarta ugari ikusten ziren kaleetan zintzilik, eta aurtengo berrikuntza: Aieteko Katxola baserrian sagardoa nola egiten zen azaldu zuten goizean, eta Bretxara jaitsi zuten idiekin upela. Okendo plazan, berriz, era guztietako animaliak zeuden ikusgai. Pablo Sarasola emaztearekin eta seme-alabekin zegoen ardiei begira. «Haurrei asko gustatzen zaie animaliak ikustea. Egun berezia da. Gero elkarte gastronomiko batera joango gara mokadutxoa jatera».