Sagardoaren lurraldea

Música

Descripción

Sidra / barrikote / sardinas viejas saladas / características de la sidra / mosca del vinagre / Drosophila / abejas / avispas

barrikote abeja sidra

Ficha

  • Autor: Jakoba Errrekondo
  • Fuente: Argia aldizkaria
  • Fecha: 2013-11-24
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-004348

Texto completo

Aurten ere etxekalte nabil. Gipuzkoako Ezkio-Itsasoko Igartubeiti dolare-baserri ikaragarrian sagardo gotikoa. Nafarroako Baztango Arizkungo Gamioxarreko sekulako dolarean sagardo barrokoa. Italiako Lazioko Genzano eta Casaprotan paleosagardoa. Eta sagardi-dolare-tina-barrika bidean, bateko eta besteko lagunen eta ezagunen sagarrei eskua luzatu, baina etxeko bukoi eta barrikak bete gabe. Berandusagardoaren zale garenari eskerrak. Goiz-sagardotarako lanak abantaila bakarra du, nire ustez: muztio gozo eta sagardo berriaren egarritik asetzera lehentxeago igarotzea. Udazkenean bertan, garai batean bezala, barrikotean sardina zahar gazi edo gaztaina lehorren laguntzailetarako, hor nonbait; urte osorako jasotzeko, behintzat, erdipurdiko sagardoa izango da. Berandu-sagarrarekin egindako sagardoak alde ederreko festa antolatzen du ahoko zeruan! Eta, maiz, bigarren urtean eta hobea. Botilako hori gero izango da, eta gero gerokoa bezala, garaian garaikoa garaiz. Orain sagardoa ontzietan dago, lehen irakinaldia edo hartzidura egiten. Lehen horretan sagarraren azukrea alkohol bihurtuko da. Hartzidura hori aerobioa da, airea behar du, hobe esanda, aireko oxigenoa behar du. Oxigenoa hartu eta sortzen duen karbono dioxidoa kanporatzeko ontziaren gaineko zuloa irekita edukitzen da. Pospolo piztua zuloaren parean jarri eta itzaltzen duen artean CO2 ateratzen ari den seinale. Itzaltzen ez duenean ontzia itxi daiteke, oxigenorik behar ez duten gainontzeko hartzidurek sagardoa irauli dezaten. Ontzia irekita dagoen artean intsektu asko bertaratzen da. Bi eratako bisitariak izaten dira ohikoenak. Batetik azukrearen zale den erle eta liztor jendea. Eta bestetik ozpin-eulia (Drosophila melanogaster). Drosophila hitzak ihintzazalea esan nahi du, eta agian genero horretako batzuk hala izango dira, baina gure upategietan ibiltzen den horri batez ere karbono dioxidoa gustatzen zaio. Edozein fruituk, heldu eta usteltzen denean, azukre-alkohola-ozpina bidea egiten du, etengabe CO2 askatuz. Ozpin-euliari fruitu-euli ere deitzen zaio. Casaprotan Alex lagun sagardogilea harrituta zegoen zenbat ozpin-euli bildu zen, jotako sagarretara lehendabizi, eta barrikaren gaineko zulora ondoren. Milaka eta milaka, gero eta ugariago. Urrutitik usaindu zuten CO2-a, baita azkar asko hurbildu ere! Alexek barrikaren aldamenean lo egin behar du. Eulitxoei ez zaie hura interesatzen, barrika baizik. Bizilagun egin dira. Musika dotorea sortzen omen dute. Sagardogintza da, agian, euskal musika instrumentu zaharrena. Txalaparta bera baino ere...