Sagardoaren lurraldea

Paleosidra

Descripción

Sidra / manzana moko / sidra de Italia / historia / cultura de la sidra de Italia

historia manzana moko sidra

Ficha

  • Autor: Jakoba Errrekondo
  • Fuente: Argia aldizkaria
  • Fecha: 2013-11-17
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-004346

Texto completo

Gastronomia=astonomia nioen lehengoan. Vazquez Montalban jeniozko idazlea zenak gastronomoen kontrakoa naizela erakutsi bazidan ere, mahaia bezainbeste gurtzen dudan altzari gutxi dago. Burua mugitzen duen makinari eman beharra dago. Jan eta edan. Sagardogile batek bere botiletan hala jartzen du: “Edan eta edatera eman”. Geure mahaian jan-edanaz asko ikasi ohi da, neuk gehien. Moko=McIntosh, sagarra sagar. Moko omen da gaurko enologoen iritziz sagardotarako sagar onena. Sagardozaleei galdetu behar... Gure mahaian ikasia dut: behin sagarrik ez hemen eta McIntosh sagarrez betetako trena iritsi omen zen. Harena, hura bai sagardoa! Geroztik, etxeko sagastietan Makintox aldaerako arbolak ez dira falta izan. Mac, McIntosh baita, eta sagarra, Apple. Ikasi=irakatsi denez, urrutira joan naiz Sagardoaren Unibertsitatearen eskutik. Italiara. Han ere sagardoa egiten da, baina iparraldean, gutxi eta gozoa. Batzuek euskal erakoa edan nahi, baina, kanpotik ekarri beharrean beraiek egiteko adinako ausardiaz otarra bete eta ekin diogu. Atlantiar kultura Mediterraneora, Genzanora eta Casaprotara. Oliogintzaz eta mahatsardogintzaz ikasi eta sagardoaz irakatsi. Sagardoaren kultura gustura aditu dute, baina ondoren sagardoa egin egin behar zen. Ez sagar, ez matxaka, ezer gabe, lotsarik ere gabe aurrera. Bi barrika bordeles betetzeko lanari ekin genion, gogoz eta herrilanean. Hiriburuari Eroma esaten diote bertakoek, ez guk diogun Erroma. Eroma elikatzen duen merkatu izugarrira sagarreta; jan-sagar aukeratik, Australian sortu zuten Granny Smith aldaerakoak erosi, 704 kilo, 51 kaxa, 60 bat ale bakoitzean, 3.060 sagar. Matxakarik ez zenez, eskuz jo behar izan genituen sagarrak, makilaz eta harriz egurra eman behar, ale bakoitzari lau bat kankateko. 12.240 ukaldi. Paleosagardoa. Hura harrikada, geurea eta festa. Eta festak dena bideratzen du: herriko amona-aitonek etxe batzuetan jaso den sagar zahar baten berri ekartzea (citriola gorde-sagarra), FAOko albaitarien buruak eta carabiniere batek tresnak uztea, herriko alkateak bere dolarea lagatzea, borondatezko hogei lagunek lan ezezagun batean murgil egitea... Sagardo italiar berriaren bueltan mundu handi bat eraiki da: amona sardiniarra eta siziliarra, sen zorrotzeko errumaniar finak, hippy eta okupa eromatarrak, abizen euskalduneko amerikar jauntxo “ia indianoak”, barrika frantsesak, euskaratik itzulpena... Denak lanean, italiar erara, baina lanean. Eta zein ona den lana! Ganboatarren abizeneko idazle kolonbiar sonatu bat genuen tartean, sekula egin duen gauzarik euskaldunena semeari erakusten, estasian, lanak barrenak mugituta. Harrizko Eroma= harrikada.