Sagardoaren lurraldea

Preparadas las sardinas y la sidra en Elbarrena

Descripción

Eventos / otros / fiestas de Elbarrena / degustación de sidra y sardinas / sidreros participantes / reparto de 240 botellas de sidra

otros evento participante

Ficha

  • Fuente: Aiurri
  • Fecha: 2013-09-05
  • Clasificación: 5.8. Otros
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-004156

Texto completo

Juanjo Alonso Urkamendi elkarteko lehendakaria da laugarren urtez jarraian. Mikel Sesma, berriz, aurten bazkide egin eta zuzendaritzako kidea da. Elbarrenako jaien atarian hitza hartu dute biek. Ernio kalean kokatutako Urkamendin azken urteotan bazkideen kopurua hamar lagunera igota, 110 kide ditu egun elkarteak. Bazkide aldetik topera egoteaz gain, itxaron-zerrenda ere badagoela adierazi du Mikel Sesmak, “lau urte itxaron-zerrendan egon eta gero, aurten egin naiz Urkamendiko kide. Bazkide berriei zuzendaritzako kide izateko gonbitea luzatzen zaie urtero, elkarteko martxa ondo ezagut dezaten/gun. Bazkide egitearekin batera, beraz, zuzendaritzako kide egin nintzen eta elkarteak antolatzen dituen kultur ekintzak bideratzeaz arduratzen naiz Ion Ander Esnaolarekin batera”. Juanjo Alonso, berriz, lehendakari lanetan aritzen da azken lau urteotan, “denetarik egitea egokitzen zait elkartean. Orain denbora dudanez, egunerokoan ordu asko igarotzen dut bertan eta lan ezberdinak egiten ditut. Elkarteko gainerako kideei laguntzen ere saiatzen naiz”, adierazi du. 50 kilo sardin Urkamendi elkartea 1981 urtean zabaldu bazen, 1987 urteaz geroztik, Elbarrenako festetan hutsik egin gabe urtero bazkideek antolatzen duten tradizio luzeko ekintza dute: sardina eta sagardo dastaketa, hain zuzen. Juanjok adierazi duenez, “bazkideren batek proposatu zuen ideia eta behin egiten hasita, urtez urte mantendu egin da ohitura”. Ohitura tradizio bihurtuta, jende asko gerturatzen da urtero igande eguerdiko dastaketara. “Hasiera batean Amabirjin egunean izaten zen dastaketa beti, baina egutegi aldetik hobeto zetorrelako, azken urte hauetan igandez egiten da”, zehaztu du Mikelek. Donostian estropada egun handia izanagatik, jendeak ekimen horri ondo erantzuten diola aipatu dute bi elkartekideek. Aurten, festetako gainerako ekintza guztiak bezala, Area 10 etxebizitzen eraikuntza dela eta, Joxe Arregi plazan beharrean, Aurrera etxearen pareko aparkalekuan izango da dastaketa 11:00tan hasita. 50 kilo sardina eskatu ditu Juanjok iganderako eta 40 ogi. “Parrilla festa gunean piztu eta bertan erreko ditugu sardinak. Hamar kide gutxienez lanean arituko gara”. Sardinak, sagardoa eskatu Sardinak elkarteko kideek banatzen badituzte, sagardoa sagardozaleek banatzen dute. Aurten lau sagardotegik hartuko dute parte dastaketan: Zabala, Petritegi, Itsasburu eta Usurbilgo beste etxe batek. 240 botila sagardo banatuko dira guztira. “Botilla dezente izanagatik, erraz edaten dira; sardinak sagardoa eskatzen baitu”, aipatu du Mikelek irribarretsu. Sagardo basoa euro eta erdi ordaindu eta behin edalontzia erosita, nahi adina sagardo edan eta sardina jan ahal izango da festa gunean. “Azken bi urteotan herritarrak ilaran jarrita banatzen ditugu sardinak. Lehen bandejatan hartuta gerturatzen ginen jendearengana, baina eromena izaten zen. Ilaran askoz ere hobeto moldatzen gara”, jakinarazi du Juanjok. Zizurkildarrak eta billabonatarrak gerturatzen dira batik bat dastaketara, azaldu dutenez, jende heldua bereziki. “Gazte gutxiago gerturatu ohi da, bezperan parranda eginda, lotan egoten baitira asko. Hala ere, gaupasaz etorri eta tripa beteta oheratzen denik ere izaten da urtero”, diote. Behin banaketa lanak amaitutakoan, lanean aritutako kideek bazkaria egingo dute elkartean bertan, “lanaren ondorengo saria izaten da guretzat bazkaria, nahiz eta bazkaria prestatzen ere lana egin behar izaten dugun berriro. Hogei bat lagun elkartu ohi gara eta primeran pasatzen dugu. Iaz, esaterako, 50 lagunentzat adinako paella prestatu genuen elkartearen kanpoaldean. Oso giro ona sortu zen”, gogoratu du Juanjok. Aipatu igandeko ekintzaz gain, haurrentzako ostiral arratsaldeko ikuskizunaren ondoko txokolatea prestatzen ere Urkamendiko kideak aritzen dira urtero. Festan eta lanean, beraz. Ondo pasa! Juanjo Alonso eta Mikel Sesma Urkamendi elkarteko kideak Festetarako gogoz? Juanjo: Bukatzeko gogoz ere bai. Elkarteko kontuekin arduratuta ibiltzen bainaiz. Mikel: Gogotsu nago ni, gero bost egun topera luzetxo egiten badira ere. Zein ekintzatan hartuko duzue parte? M.: Urkamendik antolatutakoez gain,koadrilak kros mistoaren antolakuntzan hartzen dugu parte, jende gehiagoren laguntzarekin. Herri afarian edota koadrilen bazkarian ere izango naiz. J.: Elkarteko lanetan kontzentratuago ibiliko naiz ni kanpokoetan baino. Ekintzarik gustukoena? M.: Kontzertuak. J.: Herri kirolak, kros mistoa. Ezer gehituko al zenukete egitarauan? M.: Ondo osatuta dagoela uste dut. Bost egunak ekintzaz bete-beteta daude. Denetan parte hartzea nahiko zaila izaten da. Gaua edo eguna nahiago? J.: Gaua nahiago, baina hurrengo goizean hortxe izaten naiz lanerako. M.: Biak gustatu arren, gauez gehiago ibiltzen gara. Festetan jateko? Eta edateko? J.: Igandeko bazkariko aurtengo menua: patatak errioxar erara eta arkume txuletillak. Edateko, sagardoa eta ardoa. M.: Herri bazkarian paella. Edateko, jatorduetan sagardoa eta parrandan garagardoa.