Sagardoaren lurraldea

Uper artean

Descripción

Hernaniko bertso eskolaren ekimenez hasi zen Ari gerala, ari gerala egitasmoa.

bertsolarismo cultura sidrería rezola temporada del txotx

Ficha

  • Autor: Jon Abril
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2006-02-11
  • Clasificación: 2.4. Txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P2-78
  • »
  • Código: NA-003590

Texto completo

Hasiera BerriaTB Parte Hartu Blogak Bereziak Kanalak Zuzenekoak Paperekoa PDFn Iragarki laburrak Hitza Berria.info » Papereko Edizioa » Plaza 'ARI GERALA, ARI GERALA' EGITASMOA. Ortzegunero bezala, txotxeko denboraldiak irauten duen bitartean, Hernaniko (Gipuzkoa) Rezola sagardotegian hiru bertsolari ari dira kantuan afalondoan. Aste honetan Josu Oiartzabal, Xabier Legarreta Arano, eta Iñigo Manzisidor Mantxi ari dira bertsotan. Afaltiarrek ez dute bertso saioaren berri. Sagardoak eta sagardotegiak erakarrita dira bertan, eta sorpresa galanta hartu dute bertsolarien presentziaren berri izan dutenean. Upel artean JON ABRIL - Hernani H ernaniko bertso eskolaren ekimenez hasi zen Ari gerala, ari gerala egitasmoa. Bertsolaritza eta sagardotegia eskutik joan dira historian ze h ar. Eta oraindik orain elkarren lagun dira. Nolanahi ere, gizartearen aldaketek eraginda batetik, eta nagusiki sagardotegien giroak izan duen aldaketaren ondorioz, nabarmen eskastu da bertsolaritzaren presentzia sagardotegietan. Makina bat sagardo onduko zen bertsoen doinuetara, eta makina bat bertsolari atera da sagardoaren epeletan. Horri eutsi beharra, eta bidenabar, bertsolariei plazak eskaintzea bilatu du egitasmoak. Orain arteko jardunean, nagusiki, Hernaniko bertso eskolako kideak ibili dira kantuan, eskualdeko bertsolariak gehienbat. Aurten ere eurak dira protagonista nagusiak, baina eskualdetik kanpokoak ere ekarri dituzte bertsolariak, zereginak osatze aldera. Bertan izanen dira, bertzeak bertze, Iñigo Manzisidor Mantxi , Xabi Paia, Amaia Agirre edota Bixente Gorostidi.Asteburuetan sagardotegietan izaten den jendetzarekin ezin, eta astetarteko giro lasaia hautatu dute bertsotarako. Txotxeko denboraldiak irauten duen bitartean, asteartetik ortzegunera, eta astero-astero, lau sagardotegitan aritzen dira bertsolariak kantuan, hirukoteka. Bertsolarientzat plaza polita da, eta plaza hori berrindartzea eta berreskuratzea beharrezkoa ere ikusten dute. Baina astetik astera, giroa goitik beheiti aldatzen da. «Batzuetan tokatzen da giro guztiz euskalduna sagardotegietan, eta jendeak kasu egiten dizu bertsotan zauden bitartean, eta beste batzuetan, aldiz, inork ez dizu kasurik egiten. Hori du honek, baina saiatzea bezalakorik ez dago». Solasean ari dena Xabier Legarreta da. Joan den ortzegunean Rezolan denboraldiko hirugarren saioa izan zuen modu honetan. Laugarren urtea du egitasmo honetan, eta «orokorrean gustura» da esperientziarekin. Mantxik, aldiz, lehenbiziko urtea du aurten. «Bigarren saioa dut hau. Aurreko saioa ostiral batez egin genuen, Larre-gainen. AEK-ko ikasle batzuk baziren han, eta giroa bestelakoa zen bertsotarako. Gaurko saioan, adibidez, egitasmoaren xedea betetzea lortu dugu, jendeak bertsolariak izango zirela jakin ez, eta bertsotara hurbiltzea lortu baitugu». Mantxirentzat hau da bertsolariak behar duena. «Bertso eskolatik kanpo egin dudan ariketarik politena da hau. Honekin, bertso afari batera beste rodaje batekin iristen zara. Bertsoa sagardotegietan berreskuratzeko modu polita da, eta ongi ateratzen denean konturatzen zara giro naturala dela hau bertsotarako».Josu Oiartzabalek plazaz plaza kantatzeko aukera guti izaten du. Horrelakoetan gustura aritzen da. «Hemen gaia bezala bertsoa ere inprobisatu egiten da. Burua lantzeko hau baino hoberik ez da».Lagunarteko giroa azpimarratu du Legarretak. «Oso familiako giroa da. Urte guztian ez baduzu plazarik egiten, oholtzak azkenean errespetua ematen du, eta sagardotegian, azkenean, jendea zure ingurura biltzen duzu, eta ez baduzu biltzen, zure txokoa bilatzen duzu, eta norberak osatzen du bere familia. Bertsolariak jartzen du neurria, noiz hasi, noiz bukatu, zeri kantatu... Saioak iraun dezake ordu erdi edo hiru ordu». Oiartzabal eta Mantxirentzat, ordea, bada presiopean aritzeko lana hau ere. «Presioa badago. Diferentea da, baina badago. Plaza gutxi egiten duen jendearen aurpegia ez da ezaguna, normalean, eta ordu erdi irauten badu saioak ordu erdi horretan maila eman behar da, txukun jardun behar da», dio Mantxik. Oiartzabal ere iritzi berekoa da. «Plaza gutxi egiten badituzu gustura jardun nahi duzu, ez bazara gustura geratzen, etxera joan eta kantatzen segitzeak zertarako merezi duen pentsatzen duzu, buruari eragiten diozu...». Sagardotegiaren espirituarekin bat Joxe Ramon Rezolak, sagardotegiko jabeak, 15 urte daramatza mundu honetan. Gaztetan sagardoa eta bertsoa elkarrekin lotuta zihoazela du gogoan, eta batez ere, kanturako afizio gehiago zegoela. «Beti faltan botatzen da bertsolarien presentzia sagardotegian. Gu gazteak ginela ibiltzen ginen upel artean bertsotan. Orain baino jende gehiago ibiltzen ginen bertsotan, ez oraingoen mailan, baina bai bertso kantuan». Sagardotegietan bertsotan ibiltzeak bazuen funtzio soziala, ezbairik gabe. «Orduan jendea ezagutzeko modua zen. Sagardotegiz sagardotegi ibiltzen ginen». Ekimenak arrakasta izan duela ez du zalantzarik. «Jendeak ondo hartzen du, gustatzen zaio jendeari. Ez da horretara etortzen, baina giroa animatzen dute. Zaleak direnak bertsolarien inguruan izaten dira, baina zaleak ez direnek ez dute askorik irauten, bertso batzuk entzun eta nekatzen dira, baina ondo hartzen dute». Bada zenbait jende astean zehar sagardotegira joatekoa dena, eta bertsolariak dauden eguna hautatzen dutenak. «Propio jende gutxi etortzen da bertsolariak entzutera, baina asteko eguna eta sagardotegia bertsolariak dauden eguna aukeratzen duenik bada, aitzakia horrekin bertsoak ere entzuten baitituzte». Entzuleak harrituta Harrituta, gustura dago Danielle Urrutia. Astero-astero joaten da sagardotegiren batera afaltzera, senarrarekin eta bertze bizpahiru bikoterekin, Hendaiatik. Gaur, ordea, 26 lagun bildu dira afaltzera, eta bat-batean, mahaira arrimatu zaizkie hiru bertsolari kantuan. «Memento polita izan da, atsegina guziz. Ez genuen espero, eta maite dugu bertsoa». Badu bertsoak aditzeko ohiturarik, edonola ere. «Telebistaz eta Hendaian bertsolariak izaten direnean joaten naiz bertsotara, baina lehen aldia da sagardotegian aditzen dudana, eta polita da, eta gainera, bertsolari onak dira. Ez nituen ezagutzen, baina ongi kantatzen dute». Berekin mahaian ziren afaltiarretako anitzek ez daki euskaraz, baina ez da horientzat arazoa izan, gustura hartu dute haiek ere». Gaurko saioan Añorga auzoko gazte koadrila bat ibili da bertsolarien arrimoan, afaria hasi ordurako, eta sagardotegia utzi duten arte, saioaren amaieran. Odei Serrano da horietako bat. Bertsolarien jardunari segida egin dio denbora guztian, eta haien aginduetara mugitzen da. Legarretak du, gainera, upelak irekitzen dituen giltza, eta honek «txotx» oihu egiten duenean hurbiltzen zaizkio. Ez dute bertsotarako afizio berezirik. «Normalean ez gara saioetara joaten, gu kontzertuetara joaten gara. Baina gaur sagardotegian bertsolariak daudela eta gustura ari gara hauek entzuten». Bertxotx SAIOA REZOLA SAGARDOTEGIAN. Afaltiarrak maiz hartu dituzte Mantxi, Legarreta eta Oiartzabal bertsolariek kantu eta zirikarako gai Kupelen inguruan, hiru mahaitan banaturik dago jendea, afaltzen, zutik. Afariaren erdian mahai batetik hiru lagun upel artera hurbildu da. Haietako batek «txotx» oihu egin du, eta upela ireki du. Gainerako afaltiarrak hurbildu dira, pixkanaka-pixkanaka. Multzoa egin da berehala. Aukera hori aprobetxatu du Mantxik bertsotan hasteko. Inguruan direnetako anitzek ez daki Mantxi bertsolaria denik ere. Bat-batean kantuan hasi den gazte bat bertzerik ez da. Mantxik bukatu ordurako Josu Oiartzabalek hartu dio txanda, eta bukatu bezala Xabier Legarretak. Txandantxandan dabiltza, eta ordurako bai, ohartuta daude gainerakoak hiru gazte horiek bertsolariak direla, eta afalondoko saioan ariko direla. Hamar minutu inguru iraun du saioak. Upel artetik mahaira erretiratu dira guztiak, afariarekin segitzeko asmotan. Haragi pixka bat jan, eta berriz ere lehengoari ekin diote. Legarretak hartu du agindua. Bera da gidaria gaur, berak irekitzen ditu upelak, bertsotan maiz bera da hasten lehenbizikoa, eta hiru bertsolarietako edozeinek hartzen du bide berri bat bertsotarako, eta bertze biek gibeletik egiten diote kasu.Upel artera hurbildu dira hiru gizon. 60 urteak ez dituzte urrun. Harrituta begira daude hiru gazteak nola ari diren bertsotan. Haietako bat euskalduna da, bertze biek frantsesa baino ez dakite. Berehala egin dute euren tokira buelta. Hasieratik koadrila bera dute ondoan bertsolariek. Ez dira dozenara iristen. Añorga auzotik etorriak dira, afaltzeko asmoz. Gazteak dira, 30ak bete gabeak.Saioek, oro har, ez dute hamar minutu baino gehiago irauten. Bizi-bizi ari dira, eta gaur koadrila bera dutenez gibeletik, denbora guztian, gaiak hautatzerakoan haiei begiratzen diete. Baten oinetakoak direla, bertzearen jertsearen piura, urliaren puroa, edo sandiaren porroa. Sagardotegiko upeltegi ezberdinei egin diete bisita saio bakoitzean, upel batetik bertzera. Familiarteko giroa Ondoko jantokian ez da upelik, baina bai jende andana. Eserita afaltzen ari direnak ia berrogei dira. Haiengana hurbildu dira. Mahai luze batean hogeita sei lagun daude, Hendaiatik etorriak. Haiei kantuan hasi dira, haiek gaitzat hartuta. Bertsolarien gibelean Añorgako koadrilako dozena erdi zale. Hauek dira bertsoekin gehien gozatzen ari direnak, nahiz ez diren batere zaleak. Hendaiakoei ziria sartzen diete, eta mahaian dauden euskaldunek irri egiten dute. Euskararik ez dakitenek, edukazio handiz, txalo jotzen dute bertsoaldi bakoitzaren bukaeran. «RR» ahoskatu gabe bertsoak ulertuko ote dituzten ere ari dira bertsolariak. Bertsotan ez, baina hitzez ez zaie erantzunik falta bertsolariei. Giroa familiartekoa da guziz, kasik etxean baleude bezala. Añorgako koadrilan neska bakarra da. Hiru bertsolarientzat bada bertsotarako nahiko motibo. Haren kontura ari dira kantuan etengabe, eta koadrila guztia gustura, barrez. Neska, halere, ez dago sobera eroso, eta handik hanka egitea erabaki du, bere mahaira. Horixe bera izan dute gaia. Beranduxeago, berriz ere hurbildu da neska bera, eta berriz ekin diote bertsolariek gai berari, zer arraio eginen ote duen neska hark hainbertze mutilen artean, nekez ligatuko dutela, haren jantziak direla... Berriz ere lotsatuta doa neska. Ez da berriz ere bertsolariengana arrimatuko gau guztian. Hainbertze gizonen artean emakume izatea gaitza baita, eta gehiago bertsotarako gai bihurtzen denean bat. Ohituratua ez dagoenarentzat, gainera, gogorragoa da. Ondoko sagardotegira bisita Rezola sagardotegiaren ondo-ondoan bada bertze sagardotegi ttiki bat, Ipintza. Jabe berena da, eta hortaz, afaltiarrak batetik bertzera mugitzen dira, inolako arazorik gabe, sagardoa dastatzera. Beheitiko sagardotegitik koadrila bat etorri da, bospasei lagun. Haien artean dagoen bat ezagutu du bertsolarietako batek. Mañukortaren iloba omen. Errepaso galanta eman diote memento batean: bertsotan has dadila, bereak ez badakizki osabarenak kanta ditzala; jantzita duen jertsea osabak Ameriketatik ekarria ote den, eta erabilia dagoela eta, Ameriketara joan beharko duela bertze baten bila... Haiek beheitiko sagardotegira itzuli direnean, aukera baliatu dute bertsolariek ere beheitiko sagardotegian sartuirtena egiteko. Jende guti dago bertan, berandu xamar ere baita dagoeneko. Bertsolarietako batek apaiz bat ezagutu du, eta hari ere kantatu diote. Añorgako koadrila dago gibeletik, eta haiek bihurtu dira gaueko entzule bakarrak. Sagardoa ere ondorioak uzten hasi da Añorgakoengan, eta haietako batzuk, dagoeneko, bertsolariak aditzeko baino bertze zerbaiterako daude, eurei bertsoak ateratzeko moduan, kasik. Publiko artetik hasi da gazte bat bertso bat kantatzen, ahal moduan. Intentzioa badu bederen. Goitiko sagardotegira itzultzeko tenorea da, eta lanarekin bukatzeko, bidenabar.Upel artean eginen dute azken saioa eta despedidako bertsoak. Berriz ere dozena bat jende inguru gerturatu zaie. Orain, sukaldeko lana bukatu berritan, sagardotegiko jabea hurbildu zaie, Joxe Ramon Rezola. Esker oneko hitzekin bukatu dute hiru bertsolariek. Goizeko ordu baterako ez da anitzik falta.