Sagardoaren lurraldea

La sidra anda buscando el Label

Descripción

Sidra / Label / Asociación de Sidreros de Gipuzkoa y Bizkaia / sidreros / calidad / historia / Hernani / Astigarraga / Hur Astarbe / Fundación Kalitate / comercialización

astigarraga hernani historia hur astarbe calidad comercialización label sidra sidrero

Ficha

  • Autor: Adrian Garzia
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2010-12-16
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Procedencia: Iñaki Larrañaga
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P38-16
  • »
  • Código: NA-003589

Texto completo

Gipuzkoako eta Bizkaiko Sagardogile Elkarteek ekimen bat bultzatu dute, lurraldeko sagarra indartzeko, sagar horiekin egina dagoela bermatuko baitu sagardoaren Eusko Labelak. Sagardoa Euskal Herriko historian erro sakonak dituen edaria da. Sagardo sasoian milaka bisitarik bidaiatzen dute sagardoaren lurraldera, Astigarraga eta Hernani inguruetan dauden sagardotegietara. Aitzitik, Euskal Herriko beste produktu natural askok ez bezala, euskal sagardoak ez du kalitatea bermatzen duen labelik. Arazo horri konponbidea ematekotan daude. Gipuzkoako eta Bizkaiko Sagardogile Elkarteek sagardoak behar lukeen labela bultzatu dute, eta Kalitate Fundazioa, beste eragile batzuekin batera, ziurtagiria lortzeko bete beharko den araudia ari da osatzen. Label horrek sagardoa hemengo sagarrarekin egingo dela bermatuko du. Onuradun garbia izango du ekimen horrek: lurraldeko sagarra. Gipuzkoako hogei eta Bizkaiko zortzi sagardotegik erakutsi dute ekimenean parte hartzeko prestutasuna. Hala ere, ikusteko dago oraindik horietatik zenbatek jarraituko duten Kalitate Fundazioarekin lanean eta zenbat gehiago gehituko diren ekimenera. Guztira, Gipuzkoan 70 sagardogile daude, eta Bizkaian, berriz, hamabi. Astigarrako Astarbe sagardotegia egitasmoan murgilduta dago. Hur Astarbe sagardotegiko arduradunak uste du pixkanaka sagardotegi gehiago joango direla batzen. Labela onartzea sagardogileentzat aurrerapausoa izango litzatekeela pentsatzen du Astarbek: «Hemengo sagarrak bultzatzeak garrantzi handia du, sagardoa indartzen baitu. Baserriko ekonomiari lagunduko dio, sagar gehiago landatu beharko direlako. Azken finean, sagardotegiak bakarrik ez, baizik eta haren inguruan sagardoarekin zerikusia duten sektoreak indartuko dira». Kalitatezko ziurtagiria indarrean noiz egongo den ziur ez bada ere, lanean ari dira lehen baino lehen prest egon dadin. Hurrengo urterako prest egongo dela espero du Astarbek. Kalitate Fundazioaz gain, sagardogileek, sagargileek, Eusko Jaurlaritzak, hiru herrialdeetako diputazioek eta sektoreko teknikariek osatzen dute araudia egiten ari den mahai teknikoa. Hainbat sagardotegitan hasi dira jada ziurtagiria ezartzeko frogak egiten, hala nola laginak hartzen, barrikak zigilatzen eta kontrol lanak egiten. Kontrol sistemak zehaztea da araudia egiteko zailtasun nagusia, hau da, sagardoa upeletan nola sartu, upelak nola zigilatu eta laginak nola hartu erabakitzea. Labelaren araudia oraindik ondo lotzeko badago ere, labela eskuratzeko betebehar nagusia sagarra Euskal Autonomia Erkidegoan landatua izatea izango da. Egun, sagardoaren ekoizpen guztia betetzeko sagar nahikorik ez dago, eta kanpotik ekartzen da sagarren ehuneko handi bat, Galiziatik eta Asturiastik gehienbat. Sagardotegiari ez, baizik eta sagardoari atxikita joango den ziurtagiria izango da labela. Modu horretan, sagardotegi batek Kalitate Fundazioaren kontrolpean ez dauden upelak eduki ditzake, erakunde horrek ziurtatutako sagardoaz gain. «Gauetik goizera litro guztiak ez dira labelean salduko», esan du Astarbek. Denbora beharko du labelak; beraz, sagardo konbentzionaleko ekoizpena harrapatzeko eta gainditzeko. Kontuan hartuz sagarraren uzta urtetik urtera aldakorra dela, zenbait urtetan kanpoko sagar gehiago erostera behartuta egongo dira sagardogileak. Sagardoaren salmentak igoko direla uste du Astarbek: «Azken finean, merkatu berri bat irekitzen da. Ez dugu bakarrik sagardoa salduko, baizik eta espreski hemengo sagarrarekin egina dagoen sagardo bat, eta kalitate bat eskainiz». Labelak produktua garestitzea ekarriko duela pentsatzen du Astarbek. «Ikusi beharko da nola egingo den, baina dudarik gabe labelak ekarriko duen eragina produktua garestitzea izango da». Produktuari balioa ematea da ekimenaren helburu nagusia. Horrek bai ekoizleei baita kontsumitzaileei ere ekarriko lizkieke onurak. Produktua identifikatua egoteak eta kalitate eta kontrol marka baten azpian egoteak kalitate berme bat emango lioke sagardoari, eta produktua babestu eta hobeto kokatuko luke merkatuan. Kontsumitzailea ere izango litzateke onuradun, kalitatezko eta %100 hemengo sagarrarekin egin den produktu bat hautatzeko aukera emango bailioke egitasmoak. Sagardogileek hala adostuko balute, jatorri izendapena eskatzea izango litzateke labela lortu ondorengo pausoa. Horrek eremu handiagoko babesa emango lioke produktuari. Prozesua, baina, luzea eta neketsua izaten da, Europako Batasunaren menpeko jarduna baita.