Sagardoaren lurraldea

Usain gozokoa eta freskoa

Descripción

Karlos Argiñano sukaldariak zabaldu du aurtengo txotx garaia Astigarragan, Petritegi sagardotegian. Usain gozokoa, freskagarria eta ibilbide luzekoa da aurten edan ahal izango den sagardoa.

astigarraga bertsolarismo karlos arguiñano sidrería petritegi protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx

Ficha

  • Autor: Maite Alustiza
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2011-01-13
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P12-6
  • »
  • Código: NA-003235

Texto completo

Karlos Argiñano sukaldariak zabaldu du aurtengo txotx garaia Astigarragan, Petritegi sagardotegian. Usain gozokoa, freskagarria eta ibilbide luzekoa da aurten edan ahal izango den sagardoa. Aurtengo sagardo berria, goxo-goxoa. Etorri lasai, gozatuko duzue eta». Horrela zabaldu zuen Karlos Argiñano sukaldariak 2011. urteko txotx garaia, atzo. Upela parez pare zuela eta aurreskuak egindako ongietorriaren ondoren, txotx egin zuen Petritegi sagardotegian, Astigarragan (Gipuzkoa). Sukaldariarekin batera, ehunka lagun bildu ziren sagardo garaiko lehenengo tragoa hartzera. Jertse gorria soinean, ez zen oharkabean pasatu txotx egiten zebiltzan lagunen artean. Petritegi sagardotegiko upelek ez zuten atzo atsedenik izan, ezta hemendik aurrera izango ere. Edatearekin batera, sagardotegiko menua hartu ahal izan zuten sagardozaleek txotx garaiaren hasierako festan. Ekitaldirako dotore azaldu zen Argiñano, makillatuta eta guzti, goizean izandako grabaketetatik etorrita. Atzo ere umoretsu ibili zen, su artean daraman ibilbide luzean jarduten duen gisan. Argiñanorena ibilbide luzea, baita aurtengo sagardoak ahoan egiten duen ibilbidea ere. Horretaz gain, «usain gozokoa eta freskagarria» da, Jose Angel Goñi sagardogileen ordezkariaren hitzetan: «Eguraldia lagun izan dugu, eta iaz baino sagar gehiago bildu ditugu aurten; 2008ko zenbakietara iritsi ez bagara ere». Dena den, ekoitzitako sagar litroak iazko kopuruaren parekoak izango dira, 10 milioi litro gutxi gorabehera. Maiatzera arte iraungo du txotx garaiak, eta Euskal Herriko sagardotegiak prest dira dagoeneko sagardozaleak jasotzeko: «Euskal Herrian ehun sagardotegi inguru ditugu, eta milioi bat lagun espero ditugu aurten». Txotx garaiaren lehenengo egunean, ezin zuen Astigarragako Sagardo Etxeak huts egin. Aurtengo uzta, Astigarragako sagardotegiak eta azken urteetako aurrerapausoak izan zituzten hizpide hara bildu zirenek. «Gure helburua sagardoa indartzea da; indar ekonomikoa dugu gastronomiari eta turismoari begira», azaldu zuen Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Nekazaritza sailburuordeak. Bixente Arrizabalaga Astigarragako alkateak herriko sagardotegiek urteetan egindako lana azpimarratu zuen. Beste zenbaiten artean, Argiñano ere Sagardo Etxean izan zen goizean: «Gure sagardoa gurea da, eta betiko; lana eginez beti aurrera joango gara». Sagar artean bertsotan Lan pixka bat egin behar izan zuen atzo berak ere. Ekitaldi sinboliko gisa eta urtero legez, sagarrondo bat landatu zuten Sagar Etxearen kanpoaldean. Aitzurra sorbalda aldean zuela, sagarrondoa landatzeko ingurura joan eta han hasi zen Argiñano aitzurrean. Lanak amaitu ondoren, Sebastian Lizaso eta Jon Maia bertsolariek pare bat bertso eskaini zioten sukaldariari. Lizasok honela kantatu zuen sagarrondoa ahotan hartuta: «Opa diogu ale mardulak / ugari eman ditzala / bere sustraiak ondo errotuz / landatu dunak bezela». Jon Maiak, Lizasori erantzunez, honela kantatu zuen: «Sagarrondo hau landatu bada / Argiñanon estilora / ze sagar klase eztakit baina / bizia aterako da». KARLOS ARGIÑANO. SUKALDARIA «Horrelako gauza txikiez gozatu behar da, loteria jende gutxiri tokatzen baitzaio» M.A. Karlos Argiñano sukaldariak (Beasain, Gipuzkoa, 1948), txotx egin eta sagardoa dastatu ondoren, sagardoaren eta beste zenbait konturen inguruan jardun zuen, kamerak eta mikrofonoak ondoan zituela. Goxoa al dago txotx garaiko lehenengo sagardo tragoa? Sagardoa oso ona dago. Urtetik urtera hobetzen doaz, gainera. Uzta oso ona ez izatea gerta daiteke, edo urte txarra izatea klimagatik, baina gaur egun dena oso ondo kontrolatuta dago. Gauza merkea, osasuntsua, naturala eta urterokoa da sagardoa. Zer moduzko giroa topatu duzu? Oso gustura nago. Sagardoaren lehenengo eguna, denak gustura, politikariak ere barrezka... Horrelako gauza txikiez gozatu behar da, loteria jende gutxiri tokatzen baitzaio. Ea gauzak lasaitzen diren, oso herri handia baita hau. Bakea behar dugu, aurrera jo eta ke joango gara. sagardo sasoia zabaltzeko aukeratua izana? Gipuzkoar batentzat sagardo garaia zabaltzea ohore bat da. Beti pilotariak, futbolariak-eta izaten dira, jende gaztea. Eta ni horien ondoan aitona naiz, baina futbolari baten ilusioarekin nator. Jokoa emango diot gaur eman didaten titulu honi. Sagardotegira joateko ohiturarik ba al duzu? Urtero joaten naiz sagardotegietara neguan. 6-8 aldiz joaten naiz normalean. Sagardoa, ona eta naturala izateaz gain, jendea batzen duen zerbait da. Zutik egote hori gustatzen zait, lagunekin egon, gero kafe bat hartu, trago bat edan… Burua baino gehiago hankak dira niri nekatzen zaizkidanak. Sagardoarekin jateko, arraina edo haragia, zer da hobe? Denarekin doa ondo, arrainarekin eta haragiarekin. Gainera, sagardotegikoa beti da plan ona; ez dut inoiz ezer txarrik ikusi sagardotegi batean. Neguko ostegun arratsalde batean lagunekin etortzeko plan aproposa da. Sagardotegietatik kanpo ere ez zaio utzi behar sagardoa edateari; kostako herri batean taberna batean eseri, dozena bat sardina jan, sagardoa edan, eta parean begiratzeko begi batzuk dituzula gozatu. Laster Eusko Label sagardoa aurkeztuko dute. Zer diozu horren inguruan? Goiz samar izan daiteke, baina denak ordenan jartzen direnean gauza ona dela pentsatzen dut. Labelak kontrola ematen du atzean, eta are garrantzitsuagoa da ahotik sartu behar ditugun gauzetan. Labelak sortu zirenetik nik zainduta ikusten ditut produktuak; baserriko jendeak gauzak zaintzen baditu, kalekumeok hobeto jango dugu. Higienea ere geroz eta gehiago zaintzen da. Dagoeneko ezin da sagardotegietan erre; zer iruditzen zaizu? Denek eskertuko dugu tabakoaren lege berria. Ni erretzailea naiz, baina ona izango da, beste hainbat gauza izan diren bezala: errepideetan abiadura jaistea, gidatzerakoan ez edatea… Gutxiago erreko dugu, eta osasunak eskertuko du. 19:00etan taberna batera sartu eta ireki berria dagoela ematen du orain; lehen, berriz, 11:00etan taberna gaupasa eginda zegoela zirudien. Bihar egingo dute lehen txotxa Nafarroan Lekarozen egingo da aurten Nafarroan sagardo garaiko lehen txotxa, Larraldea sagardotegian. Ezagun batek egingo duela bai, esan dute, baina ez nor izango den. Lehen dastatze horren ondoren bazkaria izango da. Iaz uzta txarra izan zen eta kanpotik erosi behar izan zituzten Nafarroako sagardogileek sagar asko. Aurten, ordea, uzta ona izan dela dio Jesus Angel Garcia Nafarroako Sagardo Egileen Elkarteko lehendakari eta Larraldea sagardotegiko nagusiak. Sagardoa egiteko erabilitako sagarren %90 inguru da Nafarroakoa. Tenperaturak, gainera, lagundu egin omen du artzitze garaian, eta sagardo «bikaina» izango da aurtengoa, haren hitzetan. «Itxura hori du oraingoz, behintzat», zehaztu du Garciak.