En lo que en una época era la "Sociedad de los Tontos", el alcalde del pueblo era la sidra
Descripción
Sidra / historia / cultura / canción / Usurbil / Usurbildarrek daukate sagardo alkate” / Sociedad de los tontos / autor Joxe Urkiak / fiesta
historia canción cultura sidra usurbil
Ficha
- Fuente: Noaua aldizkaria
- Fecha: 2001-12-21
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Revistas
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-002859
Texto completo
Usurbilek ereserkirik ez duela? Hortxe dago hainbeste aldiz kantatu izan dugun “Usurbildarrek daukate sagardo alkate” abestia. “Tontoen soziedadea” sortu nahi omen zuen 1948an herriko gazte talde batek. Horretarako abesti hau sortu eta zer hobea inuxente egunean mozorrotuta kalejira bat egitea baino. Soziedade berezi hura ez zen inoiz sortu, baina abestia... hor geldituko da betirako. Garai hartan kale baserriz betea zegoen kaxkoa. Andatzpe elkartea sortu berria zen, Soroatarrek ardo bodega zuten Txamuton eta farmaziaren aldamenean zegoen Patxi Labaienen zapateria. Zapatak konpontzen zituen, bai, baina hango hormek mila hizketaldi xelebre entzun zituzten garai haietan. Hara joaten ziren Erramun Urkia “Ezkerra”, Joxe Soroa, Joxe Mari Iraola, Teodoro Aranburu eta beste hainbat gazte Patxirekin kontu xelebreetaz hitz egin eta erokeriak egitera. Zapaterira joaten ziren neska gazteei adarra jo eta nobiyoa bilatuko ziela ere esaten zien. Patxi Labaienek gogoan ditu oraindik hizketaldi haiek. “Erramun Urkia “Ezkerra” zena, adibidez, Michelinen gauez lana egin eta gosaltzera edo hamaiketakoa egitera niregana etortzen zen. Gazteak ginen, sasoia genuen eta erokeria izaten zen nagusi. hau zela, bestea zela, herriko kontuekin ibiltzen ginen gora eta behera. Halako batean “tontoen soziedadea” sortu behar genuela okurritu zitzaigun”. Hori bideratzeko ideia asko ibili zituzten buruan. “Joxe Soroak, adibidez, dantzaldia egin nahi zuen orain guk etxea (Ekaitz argazki denda) daukagun leku horretan. Diputazioari baimena eskatzekotan ere egon ginen. Azken finean ideak ziren, gure erokeria puntuak”. Hala ere, beste bide bati heldu zioten gazte hauek. Propaganda egiteko abesti bat sortzea erabaki zuten eta zapateria izan zen operazio zentrua. “Abesti bat sortu nahi genuen. Teodoro Aranburuk akordeoia jotzen zuen eta berak zekien “bals italiano” batekin hasi ginen sormen lanean. Teodorok akordeoia jo ahala nik notak apuntatzen nituen eta zapateriko atea itxita bi edo hiru gauetan abestiaren doinuaren krokis bat egitea lortu genuen”. Doinu hari letra jartzea izan zen hurrengo pausoa. Horretan artista omen zen Joxe Soroa. “Italian ikasten egon, fraile izan eta Madagaskarren misiolari modura egon ondoren Txokoaldeko Illarramendi txanpain lantegiko bulegoan lanean ari zen orduan. Laneko ordutan, bulegoan bertan bertso batzuk osatu zituen eta zapaterira ekarri”. Han denon artean hitzak doinura moldatu, esaldiak lekuz aldatu eta gaur egun herrian famatua den “Usurbildarrek daukate sagardoa alkate” abestia sortu zuten. Sortu bakarrik ez, herritarren artean ere zabaldu zuten. Aurrena beraiek ikasi zuten eta gero zapaterira etortzen ziren beste gazteei irakatsi zien. “Ezkongabe nahiz ezkondu ia herriko gazte gehienek ikasi zuten abesti hura”. Gazte hauen jarduna, ordea, ez zen hor amaitu, “tontoen soziedadea” sortzeko asmoarekin jarraitzen zutenez abenduaren 28an, inuxente egunean, zerbait egitea erabaki baitzuten. “Asmatu genuen abestia kantatuz kalejira bat egitea erabaki genuen. Horretarako entsaio antzeko bat egin genuen lehendabizi. Pablo Sagarna eta Joxe Sagardiak jotzen zuten dultzaina, Anjel Aranburuk txistua eta Teodoro Aranburuk akordeoia. Beste guztiak abestu egiten genuen”. Joxe Urkia, Martxiel Goenaga, Joxe Miel Irastorza, Joxe Soroa, Patxi Labaien, Antonio Orbegozo, Erramun Urkia “Ezkerra”, aurreko lauak... “20 Joxe Urkiak asmatu zuen abestiaren letra Garai hartan kale baserriak zeuden kaxkoanrreportaia 2001eko abenduaren 21a Noaua! 126.zk. Usurbil 29 gazte inguruko koadrila ginen. Ijitu jantziekin, jantzi arraroekin, begiak margotuta... etxean geneuzkan gauza arraroak hartuta atera ginen. Joxe Mari Iraola esku motza, adibidez, esku hartan igeltsuz betetako baldea hartu, bestean zakilotea eta guk gure abestia kantatzean guri begira zeudenei bizkarrera igeltsua botatzen zien”. Joxe Urkiak dioenez astoa ere bazuten, Martxiel Goenagarena hain zuzen ere. “Ni asto haren gainean ibili nintzen. Patrineko eskilarak ere astoarekin igo genituen, taberna sartu ere bai... eta ardoa eta zerbeza ederki edaten zuen hark”. Azkenerako mozkortu eta hurrengo egunean hil zen asto gizarajoa. Ilunabarrean hasi zuten kalejira, lanetik etorri eta gero. Txamuntoko azpiko lokaletik atera eta tabernaz taberna ibili ziren Patxi Labaienen esanetan. “Taberna batetik atera eta bestera joaten ginen “usurbildarrak daukate sagardoa alkate” abestia kantatuz. Zendoiania, Elenania, Estankoa, Patrinea eta Tomasenea ziren garai hartako tabernak eta denetan ardoa eta garagardoa ateratzen ziguten dohain. Hori bai, garai hartako sargentoa saiatu zen gure kalejira eragozten. kalejiran genbiltzala baimenik ba al genuen galdetu zigun, baina guk hori ere pentsatua genuen, aldez aurretik Francisco Calparsoro “Patto”ri baimena eskatu baikenion. Horrela bada, aurrera jarraitu genuen gure abestia kantatuz”. Kaxkoko kale baserrietako jendeak kalejira ikusi eta abesti berria entzuteko aukera izan zuen, baina Aginaga eta Txokoaldera ere iritsi ziren gazte koadrila honen oihuak. Izan ere, taberna guztietatik pasa eta Zendoianera zentozenean Aginagako Soroko Joxe Manuel Mayoz eta bere kamioia topatu baitzituzten. “Harriak garraiatzen ibiltzen zen eta berak ekarri zuen Usurbila lehenengo Dodge kamioi itxia. Bera Zendoianean zegoen eta denok kamioi atzean sartu eta han joan ginen asto eta guzti Aginagara”. Han ere kalejiran ibili, Etxebeste tabernan trago batzuk hartu eta etxerako bidean Txokoalden ere sagardoa Usurbilgo alkate zela zabaldu zuten lau haizetara. “Simonenia eta Zumetanian egon ginen eta dagoeneko kazkarrezurreko mina haunditzen ari zenez kaxkora itzuli eta azken bueltatxoa egin genuen”. Hala bukatu zen 1948. urteko inuxente eguneko kalejira famatu hura. Gaur egungo farolik gabe, beraiek zeramatzaten argiekin nahikoa izan zuten orduan. “Garai hartan ez zegoen diskotekarik- dio Teodoro Aranburuk- baina guk, behintzat, ederki pasa genuen. Ez genuen ezer askorik behar, ez”. Bat edo beste mozkortuta etxera eraman behar izan zuten, haiek bezala, besteek ere biharamun galanta izango zuten hurrengo egunean, baina orduan kantatzen zuten abesti hura ahotik ahora pasa eta usurbildarren ereserki bihurtu dela esan daiteke. Hurrengo urtean ere kalejira egin omen zuten inuxente egunean, baina ez zen berdina izan. Izan ere, bigarren zatia beti izaten da txarragoa. Usurbilgo Kale Nagusian Txamutoko zapaterian daukagu guk txoko bat maitea euskal bilera agurgarria Han egiten dira modu onian konpondu gauza guztiak tontuak ere ibiltzen dira pozez beterik gure artian Usurbildarrak daukate sagardo alkate, usurbildarrek daukate sagardo alkate. Irintziz pozturik beldurrak ahazturik ibiltzen gara goiz arte ai, ai, ai Irintziz pozturik beldurrak ahazturik ibiltzen gara goiz arte Sagardotxo maitea, edari paregabea, alaitu zazu mundua, arinduaz burua.