Sagardoaren lurraldea

La sidra que fluye en la ciudad

Descripción

Donostia sagardotegien erresuma zen joan den mendearen hasieran; 1931. urtean, hirian 99 sagardotegi zeuden eta Altzan, 47

astigarraga donostia hernani historia patrimonio sidra la sidra y el mar sidrería urnieta usurbil

Ficha

  • Autor: Aritz Sorzabal
  • Fuente: Irutxuloko Hitza
  • Fecha: 2013-01-25
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P30-106
  • »
  • Código: NA-002590

Texto completo

Donostia sagardotegien erresuma zen joan den mendearen hasieran; 1931. urtean, hirian 99 sagardotegi zeuden eta Altzan, 47. Sagardo denboraldiari ekin zioten joan den astean, ofizialki. La Oreja de Van Gogh izan zen sagardo berria edaten lehena, askorentzat musika taldeko kideak lekuz kanpo zeudela iruditu arren. Zabaldua dago ere hiriak sagardoarekin loturarik ez duela dioen leloa, baina hori, kasu honetan, ez da horrela. Historiak, hain Sagardo usaina zerion hiriari | Irutxuloko Hitza Page 1 of 17 http://irutxulo.hitza.info/paperekoak/sagardo-usaina-zerion-hiriari/ 06/03/2013 justu, kontrakoa dio. Hain zuzen ere, Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Usurbil dira gaur egun sagardoaren lurraldea, baina garai batean bestelakoa zen egoera. Urrutira joan gabe, joan den mendearen hasieran, Donostia zen sagardoaren hiriburua, orduan udalerri zen Altzarekin batera. 1931. urtean, Jose Uria Irastorza idazlearen Sagardoa liburuaren arabera, Donostian 99 sagardotegi zeuden eta Altzan, 47. Gaur egun, berriz, hamar bat sagardotegi besterik ez daude hirian; Barkaiztegi, Gartziategi, Lizeaga, Urkiola eta Kalonje, besteak beste. Urte hartan, bi milioi litrotik gora ekoitzi zituzten Donostian. Beste garai batzuk ziren, zalantzarik gabe, auzo gehienetan sagardotegiak zeuden eta. 1940. hamarkadan, Parte Zaharrean, La Paloma, Jauregi, Mozo eta abar luze bat zeuden. Erdialdean, Amaran eta Egian ere bazeuden. Azken auzo honetan, oso hedatua zegoen sagardotegi tradizioa. Egiako Eizmendi sagardotegiak, esaterako, ehun milatik gora litro ekoitzi zituen bi urtetan, 1931 eta 1932an. Gainera, sagardotegi hark bolatoki bat zuen aisia sustatzeko. Sagardo gozoa ere egiten zuten eta, garai hartan freskagarri gutxi zeudenez, oso harrera ona izan zuen edariak; emakumeen artean, bereziki. Ez zen giro Eizmendin. Loiolako kuartelak ondoan izanik, eta Martutenen dantzaleku bat egonik, jende asko joaten zen sagardotegira askaria hartzera, Martutenera bidean. 1936ko gerra aurretik, Arzak jatetxe ezaguna ere sagardo ekoizle handia izan zen. 1931n, ia ehun mila ekoitzi zituen. XIX. mendearen bukaeran ere sagardotegiak zeuden hirian, baina beste motatako itxura zuten. El Eco de San Sebastian egunkariak 1886an deskribatutakoaren arabera, ordukoek ez zuten zerikusirik egungo jatetxe itxurako sagardotegiekin; gehienak amaraunez betetako zulo ilun, beltz eta hezeak ziren. Heriotz zigorra Sagardoa oso garrantzitsua izan ohi da gizartean, duela hainbat mende ere; horren erakusle, foruek aurreikusten zituzten zenbait klausula. Hain zuzen ere, sagarrondo, sagar eta sagardoari buruz lege ugari izan ziren urtetan, sektorea behar bezala babesteko asmoz. Foruek, adibidez, sagastietan kalteak sortzen zituztenentzat zigorrak aurreikusten zituzten, beti ere sagarrondoak zaintzeko helburuarekin. 1457. urteko Gipuzkoako ordenantzaren arabera, bost sagarrondo bota edo suntsitzen zituenari heriotz zigorra zegokion. Zigor ekonomikoak ere bazeuden. 1587. urtean, Hernaniko ordenantzaren arabera, ahuntzen bat sagastian sartuz gero, jabeak 24 marabedi ordaindu behar zituen, eta antxumea sartuz gero, 12 marabedi. Bestalde, legearen arabera, Gipuzkoako herrietan ezin zen kanpoko sagardoa herrira sartu bertakoa bukatu arte. Bazegoen, ordea, herrikoa kanpoan saltzeko baimena. Itsasoa eta sagardoa Euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana aski ezaguna da gizartean. Itsasgizonek sagardoarekin zuten lotura, ordea, ez da horren jakina. Izan ere, ez ardoa eta ez bestelakorik, askorentzat ezezaguna izan arren, euskal itsasgizonen edari nagusia sagardoa zen garai batean. Sagardoa zuten bidaide. Erdi Aroan herritarrak hornitzeko elikagai nahikoa ez zegoenez, itsasoan bilatzen hasi ziren euskaldunak. XVI. mendean, Amerikaren aurkikuntzak hedatze ozeanikoa ekarri zuen, eta itsas abentura horietan nabarmen parte hartu zuten euskal arrantzaleek, liburuek eta dokumentu zaharrek jasotako hainbat eta hainbat pasartek frogatuta utzi duten bezala. Ura usteldu egiten zenez, alkoholdun edariak eraman ohi zituzten marinelek bidaia horietarako. Beste herrialdeetako itsasgizonek garagardo edo ardo upelez betetzen zuten itsasontziko sotoa; euskaldunek, berriz, sagardoz. Aukeraketa horrek bazituen bere arrazoiak, ez zen ausazkoa izaten. Antza, euskaldunena zen guztietan hautu egokiena. Egarria lasaitzeaz gain, sagarraren bitaminei esker, eskorbutoa eta bestelako infekzio eta gaixotasunak izatetik babesten baitzituen. Sagardo hura ez omen zen gaur egungoaren berdina, urarekin nahastua, baizik. Gaur egun, sendagaia ere ez da. Itsasora zabaltzearekin batera, lurraldean beste iraultza bat ere izan zen; sagardoaren ekoizpen industriala, hain zuzen ere. Sagardoak merkatu zabala zuen, eta hura hornitu beharra zegoen. Urte askotan Ternuara itsasgizon andana joan zen, eta batez besteko, hiru bat litro edaten zituzten egunero. Zortzi edo bederatzi hilabeteko kanpaina baterako itsasontzi ertain batean, 50.000 litro sagardo eramatera iristen ziren. Horiek hemen ekoizten ziren, eta Pasaiako portuan izaten zuten itsasoratzeko abiapuntua. Elkarteen sorburuan Donostiako lehen elkarte gastronomikoak sortu zituztenean ere sagardoak zerikusi zuzena izan zuen, baita itsasgizonek ere. Arrantzaleek itsasora irtetzerik ez zutenean, kaiko sotoren batean edo Parte Zaharreko guneren batean elkartu ohi ziren. Bilkura horietan sagardoa zen nagusi, eta zenbaitetan sagardoa eurek egiten zuten. Horrela sortu omen ziren lehen elkarte gastronomikoak. Elkarte horiek urte osorako erosten zuten sagardoa, otsaila eta martxoan botilatzen zena. Botiletan sartu aurretik, elkarteetako kide batzuek dastaketa egiten zuten. Bakailaoa behar bezala prestatuta, sagardotegira joaten ziren sagardoa aukeratzera. Aukeraketan liskarrak sortu ziren behin baino gehiagotan. 1934an, esaterako, Gaztelupeko zenbait kidek, aukeratutako sagardoa zela edo ez zela, elkartea utzi eta Gaztelubide sortu zuten.