Txotx musikarien erritmoan
astigarraga la oreja de van gogh sidrería petritegi protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx
Ficha
- Autor: Ilargi Agirre
- Fuente: Berria
- Fecha: 2013-01-17
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa
- Signatura: P14-10 »
- Código: NA-002497
Texto completo
La Oreja de Van Gogheko musikariek ireki dute txotx garaia Astigarragan, urteroko gisan, «gure sagardo berria» esanez Nahiko «uzta polita» izan da kantitate aldetik; fruitu kutsuko sagardoa atera da «Lagunekin sagardoaren bueltan ibiltzen gara askotan» Abesti bateko lelo ezagun baten pareko bihurtu da dagoeneko «gure sagardo berria» esaldia. Hitz horiek esanez ireki zuten atzo sagardo garaia La Oreja de Van Gogh taldeko musikariek, Astigarragako Petritegi sagardotegian (Gipuzkoa). Sagardoak musikarekin duen lotura argi utzi zuen Sebastian Lizaso bertsolariak txotx egin ondotik botatako bertsoan: «Nornahi kantuan jartzen badaki, kantari dena nola ez». Aurtengo uzta uste baino hobea atera da, ekoizleen arabera. Iaz eguraldi gorabeheratsua izan zen arren, txinparta fin eta iraunkorreko sagardoa ekoitzi dute. Beraz, sagardotegiak jendea hartzeko prest daude. Lizasori arrazoia emanez, sagardozaleak direla esan zuen Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslariak. Donostiako festak sagardoa edanez ospatzen dituzte, eta baita musikan bere ibilbideagatik emandako sariak ere. Duela bi urte Donostiako Urrezko Danborra jaso zutenean, esaterako. Gaineratu zuen, behin, AEBetatik Sony disketxeko jendea etorri zitzaiela bisitan, eta sagardotegi batera eraman zituztela. «Kosta zitzaien alde egitea. Baten batek oraindik upel tartean jarraitzen duela uste dut», esan zuen txantxetan. «Asko gozatzen dugu. Ohitura onei eutsi egin behar zaie». Ikusmira handia zegoen atzo Petritegi sagardotegian. Musikariek, kontzertuetara atera baino lehen egin bezala, aurretik hainbat saio egin zituzten dena ongi atera zedin hedabideetan. Komunikabide andana eta ekoizleak bildu ziren. Txalapartaren ttakun hotsarekin eta aurreskua dantzatuz egin zieten ongietorria musikariei. Leire Martinezek oinarekin erritmoa eramaten zuen, dantza egin nahiko balu bezala. Ofizialki denboraldia irekita, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek bertso bana bota zuten. Azken horrek pop musika eta sagardoa jarri zituen parez pare: «Biek gozoak izan behar dute gozoegi izan gabe». Jendea upeletan bildu zen ondoren, hara eta hona sagardoa dastatzera, eta lehendabiziko basoak ere puskatu ziren. Txotx garaiak izaten duen oihartzunaren erakusgarri izan zen Erasmusen zeuden bi ikasle sagardotegira bildu izana, baina, gonbidapenik gabe, kanpoan geratu behar izan zuten. Kontuz, atsuak! saioko Marikrux eta Maikarmen izan ziren atzoko beste protagonistetako batzuk. Txotx egin aurretik, Leire Martinezek Astigarragako Sagardoetxe museoan sagarrondoa landatu zuen, eta bi atsoen gomendioak entzun behar izan zituen. «Horrela ez!», kritikatu zioten aitzurra heltzeko modua, eta, azkenean, Marikruxek bukatu zuen aitzurra hartu eta lurra berdintzen. «Uzta polita» Jose Anjel Goñi Sagarduneko sagardogileen bozeramaileak azaldu zuenez, uzta uste baino hobea izan da. Iaz, eguraldi gorabeheratsua izan zen; udaberri hezea eta uda lehorra suertatu zen, baina udazkeneko euriak bere onera ekarri zituen sagarrak. «Nahiko uzta polita izan da kantitate aldetik». 2012ko uztak hamar milioi litro sagardo inguru ekoiztea ahalbidetu du, aurreko uztaren antzera. «Sagardoa kolorez hori berdexka da, txinparta fin eta iraunkorrekoa. Nahiko bizia da, eta fruitu kutsua du. Ahoan sarrera leuna, freskoa eta amaiera borobila du, mikatz puntu batekin». Sagardoaren aurretik sagarra dagoela eta bertako sagarraren aldeko «apustu argia» egin behar dela nabarmendu zuen Koldo Lizarraldek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa garapenerako teknikariak. Villabonako Otalarrea egoitzan egiten ari diren lana goraipatu zuen. Gaitzik gabeko sagarrak sektorearen esku utzi, eta ikerketak egiteko lursail esperimentalak jartzea dute xede. Horrez gain, Fraisoroko laborategian sagardoaren analisiak egiten ziren orain arte, eta dastatze panela jarriko dute martxan datorren hilean. «Kalitatea neurtzeko eta hobetzeko beste tresna bat izango da. Erabat arautua». Sagardoa edari bat baino gehiago dela eta Gipuzkoako historiaren eta izaeraren parte dela nabarmendu nahi izan zuten han bildutakoek. Kultura hori kanpoko jendeari erakusteko hainbat egitasmo jarri dituzte abian. Astigarragako Udalak eta Sagardun Patzuergoak Sagardo bidea ireki dute, esaterako. Mendeetan sagardoak inguruan izan duen garrantzia aztertzen da menditik doan ibilbidean, Andoni Gartzia Astigarrako alkatearen arabera. Sagardoaren patzuergoak Sagardoaren lurraldea marka berria sortu du. www.sagardoarenlurraldea.com webgunean euskal sagardoaren kulturarekin lotutako eskaintza turistikoak bultzatu nahi dituzte. Eskualdeko informazio tekniko, gastronomiko, turistiko eta kulturalak kudeatuko dira. Sagardotegien bilatzailea, sagardopedia euskal sagardoaren entziklopedia edota ikus -entzunezko gida prestatu dituzte. Krisiak krisi, sektorea hazten ari da. Datuek hala adierazten dute: azken hiru urteetan 45.000 sagarrondo berri landatu dira. Mugak gainditu, eta. LEIRE MARTINEZ. ABESLARIA «Lagunekin sagardoaren bueltan ibiltzen gara askotan» I. AGIRRE ASTIGARRAGA La Oreja de Van Gogh taldeko musikari guztiek izan zuten txotxa irekitzeko ardura, baina Leire Martinez abeslariak erantzun behar izan zituen hedabideen galdera gehienak. Nabari zitzaion ohituta dagoela. Zer sentitu duzue denboraldia irekitzeko ardura izanda? Ohore handia izan da guretzat. Etxe inguruan eman diguten aukera da, eta xarma berezia du. Asko gozatu dugu, eta oso berezia izan da. Sagardo ekoizleekin hitz eginez asko ikasi dugu. Gaur da txotx eguna, baina haiek urte osoa pasatzen dute lanean kalitatezko sagardoa ekoitzi ahal izateko. Zer moduzkoa dago? Dagoeneko edan ditut batzuk [basoari begira]. Oso goxoa dago. Suabea eta ona. Nabari da ekoizleak ere pozik daudela. Sagardoa edateko ohitura duzuela esan duzu. Haurrak ginenetik gure gurasoengandik ikasi dugun zerbait izan da, eta, gaur egun, lagunekin ere sagardotegietan eta sagardoaren bueltan ibiltzen gara sarritan. Musikarako laguntzen al du sagardoak? Beharbada, pixka bat edateak laguntzen du, baina gehiegi inolaz ere ez. Noiz izan zenuen lehenengo harremana sagardotegiekin? Gaztetxoa nintzela, urtero Errenterian abesbatzen txapelketa bat egiten zen abenduan. Sagardo garaia irekitzen zenean, abesbatzako kideak beti joaten ginen sagardotegira urtean behin, lagun giroan.