Sagardoaren lurraldea

En Asturias también atrapando el turismo

Descripción

Sidra / Astruias / sidra de Asturias / enoturismo / visitas guiadas / Euskal Herria / turismo gastronómico / manzanal

asturias visita euskal herria sidra manzanal turismo gastronómico

Ficha

  • Autor: Irati Sarasua Arabolaza
  • Fuente: Argia aldizkaria
  • Fecha: 2013-01-20
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Revistas
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-002493

Texto completo

Astuariasen iaz hasi ziren sagardoari lotutako turismo esperientziak egiten. Ekimenari esker, edariarekiko zaletasunak jende asko erakarri duela nabarmendu dute turismo gastronomikoko kideek. Euskal Herrian bezala, sagardoa nola egiten duten erakusten diote bisitariari, sagastietan hasten den prozesu guztia azalduz eta sagardoa dastatzeko aukera emanez (aurreko orriko argazkian). Sagardo tratamenduak egiten dituzten bainuetxeak ere zabaldu dituzte. (Dani Blanco) Euskal Herrian ekin berri dioten bidea landuta dute jada Asturiasen. Ikusi zuten ohiko turismoaz gain, lurraldea berezi egiten duten bestelako ezaugarrien bitartez turismoa egiteko abantaila ere bazutela, eta hori indartu egin behar zutela. Eskaintza turistiko zabala dute bertako sagardoari lotuta. 2009. urtean turismo esperientziak egitasmoa jarri zuten abian. Haragia edo gaztarekin batera, iaztik zuzenean sagardoarekin zerikusia duen eskaintza gehitu zuten ekimenean. Harrera bikaina izan duela nabarmendu dute Asturiasko Turismo Gastronomikoko kideek. Euskal Herrian bezala, sagardoa nola egiten duten erakusten diote bisitariari, sagastietan hasten den prozesu guztia azalduz, eta sagardoaren ezaugarri guztien berri emanaz. Horrez gain, bide berriak ere zabaldu dituzte: besteen artean, sagardoarekin lan egiten duten bainuetxeak zabaldu dituzte, sagardoarekin masajeak emateko, eta jendea sagardo artean erlaxatzeko asmoz. Asturiasko Turismo Gastronomikoko zuzendari Hector Perezen esanetan, “jendeari Asturiasko turismoaz hitz egitean sagardoa burura etortzea gustatuko litzaiguke”. Arkeologoek diote Erromatarren aurretik Asturiasen jada sagardoa edaten zutela herritarrek, eta hori sustatu nahi dute gaur egun. Idatzi historikoetan jaiegun eta ospakizunetan sagardoa edaten zela idatzita dagoela ziurtatu dute, baita herriko kulturaren parte zela ere. Perezek azaldutakoaren arabera, ohitura hori ez da aldatu eta gaur egun, sagardoak Asturiasko herritarren egunerokotasunaren parte izaten jarraitzen du. Lagunartean edo etxean sagardo botila beti presente dagoela berretsi digu. Sagar handia Munduan sagardo gehien egiten duen lurraldea da Asturias. Sagardoaren ibilbidea izugarri handia da bertan. Horregatik, ibilbidea hiru zatitan banatu dute. Bisitariaren interesera egokiago moldatzeko aukera dute hartara. Lehenengoa, Oscos-Eo-n hasten da, eta Gijonen amaitu; bigarrenak sagardoaren eskualdea zeharkatzen du; eta azkenak Nalon Ibarra eta Asturiasko ekialdea ezagutzeko parada eskaintzen du. Hainbeste sagardu ekoiztearen ondorioz, “Sagar handia” izenez da ezaguna Gijon hiria mundu osoan. Hori guztia kontutan izanda, ekin zioten Gijonen Sagardoaren ibilbidea turismo esperientzia berria egiteari. Helburu nagusia da bertako herritarrek eta kanpokoek sagardoaren mundua ezagutzea. Sagardoarekin zerikusia duten produktu asko eskaintzen dituzte Gijongo Sagardoaren ibilbidean. Sagardoak historia luzea du hirian, eta ezinezkoa da hiritik pasa eta sagardoa ez dastatzea, bertan dagoen “giro ederrak” bisitaria “berehala” harrapatzen duelako. Uda izaten da Asturiasko sagardoarentzat garai indartsua, baina urria da sagardogileentzat egutegiko hilabete garrantzitsuena, orduan betetzen baita gehien hiria eta orduan egiten baitira jaialdi handienak. Sagardoaren ibilbidea, esperientzia bereziak bizitzeko sortu zutela adierazi du Perezek. Aukera paregabea iruditzen zaio herritarrak lehenengo pertsonan sagardoa egiteko prozesu guztia ikusteko, eta sagarra biltzeko aukera izateko. Sagardoa edalontzira besoa igota nola botatzen den ere ikasiko du bisitariak. Nava herrian dagoen Sagardoaren Museoak ere sagardoak lurraldean duen maisutasuna erakusten du. Oviedotik 30 kilometro ingurura dagoen herrian sagardoaren berri eta honek historian zehar izan duen ibilbidearen berri ematea dute helburu. Sagardoa egiteko antzina erabiltzen zituzten makinak dituzte bertan ikusgai, eta hala bisitariek denboran atzera egin eta Asturiasen sagarra nola lantzen zen ikusiko dute. Esperientzia hori guztia bizi ostean, sagardoarekin lotutako dendak ikusteko parada izango du bisitariak. Sagarrarekin eginiko produktuak erosi ahalko ditu beraz. Sagardo sagarrarekin Asturiasen produktu asko egiten dituztela ziurtatu du Sagardoaren Jatorri Izendapenaren gerente Reyes Ceñalek: besteak beste, marmeladak, tartak eta edariak. Talasoponiente Zentroan eman diezaioke aldiz amaiera, sagardo artean etzanda tratamendua eginda. Sagardoari lotuta, urtean zehar ospakizun ugari dituzte Asturiasen. Uda garaia eta urria izaten dira garai garrantzitsuak. Baina urte guztian eta lurralde osoan daude ekitaldiak. Orain arte ibilbideak izan duen harrerarekin oso gustura daude Asturiasko sagardogileak, egungo krisi ekonomikoak nola eragingo dien pentsatzeak arduratzen dituen arren. Hala ere, bertako kultura sustatu eta indartsu irteteko esperantza mantentzen dute.