Sagardoaren lurraldea

El museo se convirtió en caserío

Descripción

Museos / Igartubeiti / Diputación Foral / modo de vida en el caserío

diputación foral de gipuzkoa caserio museo igartubeiti museo

Ficha

  • Autor: Asier Zaldua
  • Fuente: Noticias de Gipuzkoa
  • Fecha: 2012-08-07
  • Clasificación: 6.5. Museos
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-002284

Texto completo

xabier mendigurenek aldundiak erosi aurretik bere familiarena izan zen igartubeiti baserriko bizimodua azaldu du EZKIO-Itsasoko Igartubeitik beste edozeinek baino hobeki islatzen du euskal baserriaren urrezko aroa, bere jatorrizko egitura mantendu baitu eta garai bakoitzeko eraikitzeko moduak eta espazioen erabileran izan ziren aldaketak ikusteko aukera ematen baitu. 80ko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak eraikina erosi eta txukundu zuen. Ordutik, museoa da. Ordura arte Mendiguren familia bizi izan zen bertan. Xabier Mendigurenek, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi ohiak, bertako bizimodua nolakoa zen azaldu du. Mendiguren 1945ean jaio zen eta bere bizitzako lehen hamar urteak eman zituen Igartubeitin. Ondoren, pasiotarrek Gabirian zuten eskolara joan zen eta handik Eubara. "Duela 50 urte inguruko baserri bizitza zen. Etxe bakoitzak bere ezaugarriak zituen. Gure kasuan aita eta osaba bat elkarrekin bizi ziren. Baserrian bakarrik lan egiten zuten. Aita fabrika batean aritu zen, baina labeetako beroak kalte egiten zion. Etxean denetik egiten zen. Behealdean zumea genuen eta saldu egiten genuen saskiak egiteko. Ondoren, kontu horrek behera egin zuen. Bestelakoan, etxerako behar zen guztia ekoizten zen. Garia, adibidez. Udan ebaki egin behar zen, lehortu, jo, alea eta lastoa bereizi eta errotara eraman. Ogia etxean egiten genuen, gainontzeko baserri ia guztietan bezala. Baina hori oso neketsua zen: hemen udak ez ziren oso onak izaten, lurrak aldapatsuak dira... Hori dela eta, ogia erosteko aukera suertatu bezain pronto, jendeak garia ereiteari utzi zion", esan du. Artoa, indabak, ganaduari lastoarekin nahastuta ematen zi-tzaion arbia... ere bazituzten. Ganaduari dagokionez, behi bakar batzuk zituzten. "Lurrak ez zuen behi asko edukitzeko ematen. Normalean ukuiluan egoten ziren. Urteko garai batzuetan ordu pare bat ateratzen ziren belarra jatera. Bestelakoan, pentsua, arbia, lastoa... jaten zuten. Egunero esne pixka bat lortzen genuen eta kalean saltzen genuen. Postariak, gutunak ekartzeaz gain, inguru honetako baserrietako esnea gure bezeroei eramaten zien. Bestalde, urtean zehar txahal pare bat hazten zen. Hori beste diru sarrera bat zen. Ehiza ere egiten zen, perretxikoak egun baino ugariagoak ziren, ondoko errekan karramarroak zeuden, karakolak biltzen ziren... Natura egun baino askoz ere oparoagoa zen. Irautea zen kontua. Ez zegoen irabazi handirik, baina janariarekin ez genuen sekula arazorik izan". Igartubeiti berezia bazen, frutarengatik zen. "Osaba fruta-arbolen zale zen eta gereziak, muxikak, urrak... jarri zituen. Udan lan asko zegoen". Sagarrondoak ere bazeuden, noski. "Sagardogileari saltzen genizkion. Izan ere, dolarean habe handi bat falta zen eta ez zuen fun-tzionatzen". Bestalde, baserri hau errepide ondoan dago eta horrek ere euren bizimoduan eragina izan zuen. "Jende asko pasatzen zen etxe ondotik eta jende asko ezagutu genuen. Aitari asko gustatzen zi-tzaion guztiekin hitz egitea. Gainera, irratia beti ezagutu nuen etxean eta egunkaria egunero erosten zen. Etxe irekia zen. Baita hizkuntzaren aldetik ere. Etxean beti euskaraz egiten genuen, baina eskolara sei urterekin joan nintzen eta ordurako gaztelaniaz ondo hitz egiten nuen. Irakurtzen eta idazten ere banekien, amamak irakatsita. Gure kasua oso berezia zen", azaldu du Mendigurenek. Lehen bi ikasturteak Ezkion egin zituen eta ondorengo biak Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean. Ondoren, Gabiriara bidali zuten. Lau anaia-arreba dira eta gurasoek guztiei eman zizkieten ikasketak. "Gure gurasoek kultura asko baloratzen zuten eta, horrela izan ez balitz, gure etorkizuna oso ezberdina izango zen. Baserrian lan asko zegoen, baina sekula ez genuen eskola egun bat galdu". Beharbada kulturarekiko sentsibilitate hori dela eta, Mendigurentarrek baserriaren egitura errespetatu zuten. Hori bai, zati bat kalekoen modura moldatuta zuten. Sukaldea zurituta zegoen, adibidez, eta argindarra zuten noski. Aldundiak eraikina erosi zuenean, familiaren tresna batzuk museorako erabili zituen. Lan arkeologikoei dagokionez, etxe azpian Erdi Aroko etxola baten aztarnak aurkitu zituzten. "Dirudienez, gizakia 1.000 bat urte bizi izan da hemen. Toki askotan gertatu zen hori: Erdi Aroko bizitoki bat, pixkanaka, baserri bihurtu arte eraldatzea", dio Mendigurenek. Bere familia hasieran errentan egon zen. Ondoren, bere anaia-arrebek baserria erosi zuten. Aldundiari saldu ondoren, hiru etxe egin zituzten Igartubeititik gertu. Xabierrek ganbara zuen toki kuttuna eta horri buruzko liburu bat idatzi zuen. "Ganbaran gauza asko zeuden metatuta: liburuak, hondakinak, tresnak... Joaten ginen bakoitzean gauza berriak topatzen genituen. Bestalde, logela batean gauza kuriosoa gertatu zen eta horri buruzko ipuin bat ere idatzi nuen: gerra ondoren gure etxean mojek ekarritako mutiko bat bizi izan zen, handik urte batzuetara etxera sartu zen, amak ohe azpian aurkitu zuen eta sekulako sustoa hartu zuen. Kartzelara eraman zuten". Mendigurenek asko maite du etxea, noski. "Erre ez izana miraria da, dena egurrezkoa baita. Baserriko jarduna aitarekin bukatu zen, duela 25 urte. Lehenago bi fase egon ziren, gutxienez: lehenengo sagardoarena eta gero artoarena eta gariarena. Hauek lehortzeko tokia behar zen eta zati bat gehitu zi-tzaion baserriari, aurrealdean. Guk bigarren fase honen bukaera ezagutu genuen". Mendigurendarrak oso gustura daude Aldundiak egindako lanarekin. "Partikular batek ezin zion eutsi. Dena bota eta berria egin edo instituzioen esku utzi behar zen. Oroitzapenek hor jarraitzen dute eta mugimendu handia dago. Ekitaldi asko antolatzen dira jendea erakartzeko. Nik ere ezagunak ekarri izan ditut. Bere funtzioa ondo betetzen du".