Euskal 'piraten' edaria
Descripción
Bi mundu elkartu ditu Sagardoaren Lurraldeak uda honetan: itsasoa eta sagardoa. mendeetako harreman estatua dago bien artean, eta haietaz gozatzeko aukera emango dute.
albaola aquarium astigarraga donostia actividades pasaia la sidra y el mar sagardoaren lurraldea sagardoetxea sidrería turismo
Ficha
- Autor: Iñaki Lasa
- Fuente: Berria
- Fecha: 2012-08-25
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa
- Signatura: P5-54 »
- Código: NA-002269
Texto completo
Bi mundu elkartu ditu Sagardoaren Lurraldeak uda honetan: itsasoa eta sagardoa. Mendeetako harreman estua dago bien artean, eta haietaz gozatzeko aukera emango dute. Loreak? Mendian. Txapela? Buruan. Deabruak? Teilatuetan. Eta sagardoa? Sagardotegian! Eta zergatik ez itsasoan? Bai, itsasoan; sagardoak eta itsasoak lotura estua izan baitute betidanik. Pirata guztiek ez baitute rona edaten, ez euskal piratek. Beno, piratek baino gehiago, arrantzaleek. Erdi Aroan euskal marinelek kostatik gertu egiten zuten arrantza, noizbehinka hurbiltzen ziren baleak ziren harrapakin preziatuena. Denborarekin, kostatik gero eta gehiago urruntzen hasi ziren arrantzaleak, eta Ternua aurkitzearekin bat, baleak han arrantzatzeari ekin zioten. Bidaia luzeak ziren, gogorrak, nahigabez beteak. Hilabete asko egoten ziren etxetik urrun, eta marinel asko hiltzen ziren eskorbutoak jota. Ura txartu egiten zen, eta ez zen edari egokiena. Horregatik, arrantzaleek sagardoa eramaten zuten Ternuara. Pentsa, hainbat hilabetetako sufrimendua pasatuta, balearen gantzarekin garaile itzultzen zirenean, sagardoarekin ordaintzen zitzaien askotan. Lotura historiko hori hartuta, uda honetan Sagardoaren Lurraldeak berriro elkartu ditu kresal usaina eta sagardoaren txinparta. Ez dituzte bisitariak Ternuara eramango, eta ez da itsasontzian sagardorik edango, baina Sagardoa eta Itsasoa ekitaldi turistikoaren bidez, bi esparruei buruz gehiago ikasiko dute bisitariek. Goiz edo arratsalde osoko ekitaldia osatu du Sagardoaren Lurraldeak. Batetik, Sagardoetxea museoa bisitatu eta Alorrenea sagardortegian bazkalduko dute ekitaldian parte hartzen dutenek. Museoa eta sagardotegia Astigarran daude, Gipuzkoan, sagardoaren hiriburuan. Bestetik, kostaraino joan eta bi aukera eskainiko dituzte: Donostiako badia edo Pasaiakoa. Bisita bi zentzutan egin daiteke; alegia: museotik hasi, sagardotegira joan eta itsasoan amaitu, edo alderantziz, kostatik sagardotegira. Aquariuma eta Ondartxo Donostiako proposamena aukeratzen dutenek Aquariumean dute hitzordua. Gidariaren azalpenei esker, bisitariek itsasoaren eta sagardoaren artean dagoen lotura ulertuko dute. Ontziak eta garai bateko lanabesak ikusten ekingo diote bisitari. Han, mendeetatik datorren ohituei buruz ikasiko dute, besteak beste sagardotegiko menuak bere arrazoia duela. Gidariaren azalpenak jaso ondoren, bisitarekin beren kabuz jarraituko dute bisitariek. Dena den, ezin dute arratsalde guztia han eman, eta Aquariumetik atera eta Kontxako badia ezagutuko dute. Itsasontzi batean igo eta gidariaren azalpenei entzunda, Donostiako ikuspegi ederraz gozatuko dute. Donostiako badia ez, Pasaiakoa ezagutuko dute bigarren aukeraren alde egiten dutenek. Gipuzkoako portu handiena da Pasaiakoa, eta ontzi tradizional baten gainean ezagutuko dute ingurua. Gero, Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroa bisitatuko dute. Ontziolan euskal ontzi tradizionalak ikusteko eta hain berri jakiteko aukera izango dute, garai batean arrantzaleek sagardo upelez beterik erabiltzen zituztenen berdinak. Itsasoa alde batera utzita, sagardoari eta sagarrari buruz ikasteko ordua iritsiko da. Sagardoetxean sagardoa egiteko prozesua hasieratik bukaerara azalduko dute: kirikoketa egitetik botilan edo upelera arteko bidea. Hala, interes handiko informazioa jasoatzeaz gain, kizkia erabiltzeko edo sagarrak zanpatzeko aukera ere izango dute. Sagardoaren kulturaz ikasi ondoren, praktikan jartzeko aukera ere egongo da. Sagardotegira joan aurretik, hainbat edari proba daiteke museoan: patxaka, sagardoarekin egiten den anisa; manzina, Azkainen egiten den likore bat; eta, nola ez, sagardoa. Haurrek mosto natural goxo-goxo bat izango dute edateko. Dastaketa gero etorriko denerako prestaketa besterik ez da. Sagardotxetik atera, eta Alorrenea sagardotegira joango dira. Han, umorea lagun, gidariak bitxikeria batzuk kontatuko ditu. Ondoren, bisitarientzako plater nagusia iritsiko da: sagardotegiko menua. Itsasoaren eta sagardoaren arteko lotura. Aquariuma lehenik, Donostiako badian barrena itsasontzi txangoa gero, eta, ondoren, Sagardoaren Museora eta sagardotegira. Egun biribila, itsasoaren eta sagardoaren bueltan.