Sagardoaren lurraldea

Sidra, hasta vaciar (llenar) el tonel

Descripción

Eventos / txotx / Hernani / Josune Bereizartua

evento hernani txotx

Ficha

  • Autor: Joseba Imaz
  • Fuente: Noticias de Gipuzkoa
  • Fecha: 2012-01-23
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-002109

Texto completo

hernaniarrek atzo zabaldu zuten txotx denboraldia eta josune bereziartuk jo zion lehen tragoa edari berriari "HAU da hemengo sagardo berria: freskoa, naturala eta goxoa. Edan dezagun denok gure kupela bete arte!" Hitz horiekin topa egin zuen atzo eguerdian Hernanin Josune Bereziartuk, iazko sagar uztak ekarritako edariarekin. Eskalatzaile goierritarrari merezitako omenaldia eskainiz ekin baitzioten hernaniarrek txotx denboraldiari. Udaletxeko arkupeetan jarritako barrikak jendez inguraturik zeuden eguerdi alderako, ziritik lehen txorrotea noiz eroriko zain. Ohiturazko ekitaldia bukatu arte itxaron behar izan zuten egarri zirenek, baina. Bertsolariek hartu zuten hitza hasteko; Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Iñaki Zelaiak, hain justu. Azken honek kantuz argitu zuen zergatik eman zioten Bereziarturi txotxari ekiteko ohorea: "Josune erakutsi diguzu, ohi dezun gisan / Gainditu ezin den paretik, ez dala bizitzan". Mendiluzek, aldiz, eskalada eta sagardotegiak konparatu zituen. "Asko hasten da paretan gora, sagardotegitik bueltan", amaitu zuen bere bertsoetako bat. Luis Intxauspe alkatearen esanetan, uzta berria "ona eta gozoa" etorri da, sagardogileek aurreratu duten bezala. "Zer edo zer probatu dut eta egia da", baieztatu zuen, plaza bete jende adi-adi entzuten zuela. Intxausperentzat ere lehen txotx denboraldia izango da alkate moduan eta, azpimarratu zuenez, "fenomeno inportantea" da Hernanirentzat, batez ere gaur egungo "krisi garai honetan". "Lanpostu asko sortzen dira urte sasoi honetan, nahiz jakin hirigunean bizi direnei nola eragiten dien", gaineratu zuen, hilabete hauetan Hernanik jasotzen duen jende uholdeari erreferentzia eginez. Plazan jarritako kartel batek arazo hori gogorarazi nahi zuen atzo: Gaueko isiltasuna, bizilagunen osasuna. Eskari hori bereganatuz, alkateak "ondo pasatu eta goza-tzeko" gonbitea luzatu zien txotx garaiko bisitariei, baina beti ere "errespetuz" ibiltzeko eskatu zien. "Egin txotx, ez egin txof!", bukatu zuen bere hitzaldia. josune bereziartu "Hunkitu egin naiz" Ekitaldiaren une garrantzitsuenean, Aitor Ruiz de Egino eskultore hernaniarrak egindako oroigarria jaso zuen Josune Bereziartuk, Sagardoaren Kofradiako Kontxi Zubeldiaren eskutik. Zirraraz jaso ere. "Nire bihotzean izango dut betirako momentu hau. Hunkitu egin naiz", eskertu zuen omenaldia, bertaratu zirenen txalo artean. Herriko Ttarla dantza taldeak aurreskua ere eskaini zion. Jon Odriozola Ezpala kazetariak ziritik tira egiteko agindua eman zuen une horretan. Laxaro Etxabek, Goiko Lastola sagardotegiko arduradunak, bete zuen aurkezlearen hitza. Eta eskalatzaile goierritarrari tokatu zitzaion barrikako txorrotetik lehen zurrutada egiteko ardura. Ahoan zuen irribarreak erakusten zuenez, gustuko tragoa izan zen, inondik ere. Bereziarturen adibideari jarraitu zioten ondoren hainbat eta hainbat herritarrek. Horien guztien artean lehena, Antton Garin hernaniarra. "Gure kuadrila, Txinparta, hasi zen lehen aldiz txikiteoa sagardoarekin egiten. Orain probatu dudana berria da, polita hasierakoa izateko", baloratu zuen sagardozale beteranoak. Plazako ertz batean herri kirol erakustaldia egiten hasi ziren bitartean, beren egarria ase ahal izan zuten bertan bildutako hernaniarrek. Baita kazetari honek ere. Eta bai, Bereziartuk aipatu zuen bezala, "gozoa" zegoen sagardoa, bai horixe!