Sagardoaren lurraldea

Del campo al barril para celebrar la cosecha

andoni egaña aromático gure sagardo berria jokin aperribay joxe angel goñi color lizaso martin lasarte mikel aranburu real sociedad sagardo berriaren eguna txotx

Ficha

  • Autor: Ane Olaizola
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2010-01-14
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-000205

Texto completo

Aurreko urteetan baino sagardo gutxiago ekoitzi dute, baina horrek ez du eraginik izan kalitatean. Astigarragako (Gipuzkoa) Petritegi sagardotegia kazetariz eta jendez bete da. Martin Lasarte Realeko entrenatzaileak, Jokin Aperribai presidenteak eta Mikel Aranburu kapitainak eskuan duten edalontzia sagardoz bete dute upeletik. Baina oraindik ez dute ofizialki zabaldu 2010. urteko sagardotegi garaia. Bi probaren ostean, protokoloari jarraituz, txalaparta hotsek eman diote ohiko esanari bidea: «Gure sagardo berria!» oihu eginez, hirurek edalontzia ahora eraman dute. Orduan hasi da sagarrak 2009. urtean eman zuen uzta probatzeko sasoia. Eta uzta hori bera aurreskuarekin eta Sebastian Lizaso eta Andoni Egañaren bertso banarekin bataiatu dute ondoren. Sagardoari ongietorria egin eta gero, Realeko gainontzeko taldekideek eta bertaratu direnek sagardoa dastatzeari ekin diote. Atzo hasi zen 2010eko sagardo garaia Astigarragan; Hernanin (Gipuzkoa), berriz, datorren igandean hasiko dute, eta apirila arte iraungo du. Aurten, Realari suertatu zaio txotxari hasiera ematea, besteak beste ehun urte bete berri direlako taldea sortu zenetik. Ekitaldi sinboliko gisa, sagarrondo bat ere landatu zuen Aperribaik Sagardoetxean. Egaña eta Lizasoren bertsoek lagundu zioten ekitaldiari; sagardoak eta Realak «lehen mailako fruituak» eman behar dutela esan zuten kantuan. Nortasun handiagokoa «Udazkenean giro goxoa egin zuen, eta, ondorioz, zuku aromatikoa du aurtengoak, eta nortasun handiko sagardoa atera da», adierazi du Joxe Angel Goñik, Sagarguneko sagardogileen bozeramaileak. Hala eta guztiz ere, aurtengo sasoian Euskal Herrian sagar gutxi jaso dela jakinarazi du Goñik; izan ere, klimari dagokionez, irailean lehortea izan zen, eta, ondorioz, sagar asko galdu ziren. Horregatik, sagar asko kanpotik ekarri izan behar dituzte, eta aurten bederatzi milioi litro sagardo ekoitzi dituzte, iaz baino %30 gutxiago. Hala ere, horrek kalitatean eragin handirik ez du izan, aurreko urtekoak baino «nortasun handiagoa» baitu aurtengoak; azukrerik ez du, eta dastatzean, azidotasun gutxiago du eta amaiera lehorragoa du. Koloreari dagokionez, berriz, Goñik dio sagardoak kolore asko ez duela hartu: «Sagardoak berde kolorea du, eta tonalitate horiak ere baditu, baina kolore askorik ere ez du». Aurreko urteetan bezala, joan den irailaren bigarren astean Gipuzkoako hainbat sagastitan heldutasun kontrola egin zuten, sagarraren egoera ezagutzeko. Azken urteetan aste berdinean egin ohi dute proba, aurreko zortzi urteetako egoerarekin alderatzeko. Hori kontuan izanda, aurtengo uztak ondo heldu dela dio Goñik; «berehala probatzea gomendatzen dut, puntu onean baitago».