Sagardoaren lurraldea

Sagardogileen hitz kuttunak

astigarraga miel joxe astarbe sagardo berriaren eguna sidra sagardoaren hiztegia apertura del txotx

Ficha

  • Autor: Felix Ibargutxi
  • Fuente: El Diario Vasco
  • Fecha: 2010-01-14
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P11-4
  • »
  • Código: NA-000203

Texto completo

Batzuei eta besteei galdetu eta gero halako zerrenda sentimental bat osatu dugu. Jolas moduko bat proposatu diegu sagardogileei: auketratu dezatela beren hitz kuttuna. Batzuek erantzun digute, beste batzuek ezina agertu digute. Normalean hitz zaharra aukeratu dute. Komeni da gogoraraztea astigarragako Sagardoetxeak 'Sagardoaren hiztegia' delakoa plazaratu zuela orain bi urte. Miel Joxe Astarbek egindako hiztegia da eta Antton Olariagaren hitzak dakartza. Ez da arlo etnografikora mugatzen den hiztegia, gaur egungo sagardogintzako hitzak ere azaltzen ditu. Iñaki Irigoien Irigoien-Herrero sagardotegikoa «Mojon!» Hizketan hasi eta segituan etorri zaio burura hitz bat: Mojon. «Niri pena izugarria ematen dit hitz horrekin gertatu denak. Ez dakit, jendeari erdarazko hitza iruditzen zaiolako-edo, kontua da beste hitz bat nagusitu zaiola, Txotx. Baina ni gogoratzen naiz gure aitonak nola esaten zuen: 'Benga, etorri, mojon'». Eta aitonak bezala, aitak ere beti hitz hori, mojon». Arantza Eguzkiza Iparragirre sagardotegikoa «Bi gozo» Sagardogileen elkarteko lehendakaria den honek bere aita Antoniori galdetu dio eta, halaxe, bitxi batzuk azaleratu dira: «Aitak, batzuetan, esaten du: 'Ezkondu gabe dago'. Alegia, upelean bi sagardo baleude bezala. Borobildu gabeko sagardoa balitz bezala. Edozein momentutan gerta dakioke hori sagardoari; baita botilan dagoenean ere, mugimenduren baten ondorioz». «Beste batzuetan, aitak esaten du sagardoak bi gozo dituela. Ez da erraza azaltzen: batzuetan sagardoari horixe gertatzen zaio, gozotasun bat ona daukala eta bestea txarra, ongi fermentatu gabeko sustantziaren batek eragindakoa». 'Mojon' hitza ere kilikagarri zaio Antonio Eguzkizari. «Garai batean, mojon esaten zen bakoitzean mahaiko jende guzti-guztia joaten zen edatera, eta batek ogi pusketa jartzen zuen kazuelan, ezin zela jan seinale. Gaur ez dago horrelakorik». Eta Arantzak gaineratzen du bere kosetxatik: «Gure etxean beste hitz maitteak hauek dira: 'Upeletegi xarra'. Horrela esaten diogu lehenengo upelak ipini genituen tokiari. Gero, ukuilua kenduta beste upeletegi bat ere muntatu genuen». Jose Mari Irizar Barkaiztegi sagardotegikoa «Apurua» Martuteneko sagardogile honek, galdetu orduko esan du hitz bat: 'Apurua'. «Zeharo galdu den hitza da, baina nik ezagutu nuen. Lehenbiziko aldiz sagardoak probatzera joaten zirenean, sagardogileek esaten zuten: 'Gaur apurua diagu'. Orain, 'Gaur probaketa egitera goaz' esaten dugu, edo antzeko zerbait. Martin Zabala Zabala sagardotegikoa «Txurrut!» Adunako sagardogile honek ere aitaren (Ramon Zabala) kontu bat dakarkigu: «Lehenago, aitaren garaian, 'txurrut!' esaten zuen sagardogileak jendeari adierazteko upelen bat irekitzera zihoala. Hemen, Adunan, ez Jose Angel Goñi Gurutzeta sagardotegikoa «Mikaela Urreaga» «Nik amonaren kontu bat daukat kontatzeko. Mikaela Urreaga zuen izena. Ergobian bizi zen eta Hernaniko tren-geltoki aldera joaten zen, han etxekoek lokalen bat zeukaten-eta alokatuta. Hamabi bat urte zituela, han aritzen sagardoa ematen Harinera-ko langileei eta. Arrantxoa berotu eta sagardo piska bat edan, hor egoten ziren langileak behebarru horretan. Amonak askotan aipatzen zuen neskatilatan izandako bizimodu gogorra. 1916 urte inguruko kontua esaten ari naiz». Iñaki Bengoetxea Ola sagardotegikoa «Arantzape» Irungo Ola sagardotegiko nagusiak 'arantzape' aukeratu du: «Topatu nuen sagar-mota bat, basoan galduta, amonaren baserritik (Irungo Belbio) gertu. Gorria da eta mikatza. Analitika ona eman zuen eta Diputazioak bere zerrenda barruan sartu du, baina oraindik ez dago zabalduta. Orain nik badauzkat horrelako arbola batzuk sagastian. Izena jarri behar zitzaion eta 'arantzape' jarri nion, izen hori bautauka nire sagardotegia dagoen ola zaharrak». Miguel Zapiain Zapiain sagardotegikoa «Agoztuketak» «Nik aitari 'Agoztuketak' entzuten nion tarteka. Hitz interesgarria da, adierazten duelako abuztuan hasten zirela sagardo lanak, abuztu bukaera aldera izango zen. Orain teknologia oso aurreratua dago, baina garai batean askoz denbora gehiago behar izaten zen, eta ni neroni ezagututa nago sansebastianak arteko kanpaina. Orduan errezil sagar asko zegoen eta». Miguelen aitak Nicolas zuen izena, baina jende guztiak 'Roxario' esaten zion. Juan Goikoetxea Altzueta sagardotegikoa «Txorrua» Ibon Goikoetxea da gaur egun Hernaniko sagardotegi honetako nagusia, eta honek bere aitarengana jo du. Halaxe, Juanito Goikoetxeak bere buruko almazena astuindu du eta zenbait hitz jalgi. «'Txorrua' esaten zitzaion sagardoa tolaretik tinara eramateko jartzen zen egiturari. Urte asko dira mangera erabiltzen dela, baina nik gaztetan ezagutu nuen txorrua. Ohol batzukekin egiten zen, seboarekin hartuta». Beste hitz zahar batzuk ere etorri zaizkio gogora Juanitori, hala nola 'zoi-pala' (tolarean patxari kortea emateko pala tankerako tresna); 'sobrekantaia' (tolarearen buelta guztian ipintzen ziren rejilla modukoak); patx-zuloa (behin zanpatu eta gero, patxa gordetzeko izaten ziren adreiluzo egiturak). Hur Astarbe Astarbe sagardotegikoa «Mendiola» «Mendiola da gure baserriaren izena, Mendiola zuen izena gure etxeko sagasti batek. Hitz hori 1563ko agiri batean agertzen da, ez da atzo goizeko kontua. Sagar motra bat ere badago Mendiola izenekoa, eta hori ere baliteke gure etxean jaiotakoa izatea. Ez da oso sagar handia, eta nekez hazten da. Berandu samarrekoa da, sanmartinetan biltzen da».