Sagardoaren lurraldea

Sagarrondoan dago koska

astigarraga protagonista real sociedad sagardo berriaren eguna sidra manzano apertura del txotx

Ficha

  • Autor: Joseba Imaz
  • Fuente: Noticias de Gipuzkoa
  • Fecha: 2010-01-14
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P11-7
  • »
  • Código: NA-000178

Texto completo

Sagardoaren kalitatea bermatu eta bultzatuko duen zigilu bat bultzatu nahian dabiltza azken urteotan erakunde publikoak eta ekoizleak. Bertako sagarraren produkzioa hobetzean kokatzen dute erronka nagusia. JOAN den urteko txotx garaiaren aurkezpenean, Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariek jakinarazi zutenez, sagardoaren kalitatea bermatu eta bultzatzeko zigilu bat garatze bidean zen. 2010erako prest egongo zen itxaropena azaldu zuten, gainera. Urtebete pasa den honetan, ekoizle eta erakunde publikoek lanean dihardute proiektu hori egia bilakatu dadin. Erronka eta zailtasun nagusia, atzo Astigarragan ezagutzera eman bezala, bertako sagarren produkzioa hobetzean datza. Hor dago koska. Edariaren egokitasuna garatuko duen kalitate marka bat da aukeratutako formula. Horretan bat datoz ekimena sostengatzen dutenak. Label moduko seilu honek produktuaren jatorri geografikoa, ekoizpen modua eta kalitatea bermatuko luke. Gainera, erakunde edo entitateren batek berme horiek ziurtatu eta aztertuko lituzke. Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko diputatuak, Rafael Uribarrenek, bertako sagarraren ekoizpena "areagotzeko ardura" agertu zuen atzo. Txotx denboraldi berriaren aurkezpen ekitaldian esan zuenez, "kalitate marka" bat lortze aldera, ezinbesteko lana da hori. "Aurrerapauso batzuk eman ditugu, baina sakondu egin behar dugu produkzioa hobetzean, kopuruaren eta sagar barietateen arloetan", azpimarratu zuen. Horretarako, hala nola, ekoizpen eta bilketa teknika eraginkorragoen beharra aipatu zuen. Kalitate marka "Bertako sagarrari lotuta" "Marka horrek bertako sagarrari lotuta egon behar du. Hori da daukagun erronkarik handiena", argitu zuen Arantza Eguzkizak, ekoizleak biltzen dituen Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Elkarteko lehendakariak. Jakina da sagarrondoek bi urtean behineko ziklo naturala izan ohi dutela. Urte batean uzta ona izanez gero, hurrengoan eskasagoa. Fruituaren kalitatea eta kopurua klimaren baitan dagoela ahaztu gabe, baita ere. Bertako sagarrarekin bakarrik egindako ekoizpen minimo bat bermatzea, hor egon daiteke erronkarik nagusiena. Eguzkizak gogoratu zuenez, sagarrondoak lantzea "ez da letxugak aldatzea". "Bost urte behar ditu, hamar ez direnean, ematen hasteko", zehaztu du. Hori dela eta, bertako sagarraren ekoizpenean "sakontzen" jarraituko dutela azpimarratu zuen, etorkizunean emaitzak lortuko dituzten itxaropenarekin.