Hernanik eta Astigarragak txotx denboraldian herritarrak errespetatzeko eskaera egin dute
Descripción
Txotx garaian gerturatzen diren bisitari kopuru handiak onurak ekartzen ditu, baina arazoak ere bai, eta horiei aurre egiteko bideak bilatzen ari dira. Tartean, arduratsu izateko deia egiten duen kanpaina abiatu dute Hernani eta Astigarragan.
ocio astigarraga gastronomía hernani campaña sidra sidrería temporada del txotx
Ficha
- Fuente: naiz:
- Fecha: 29 de enero de 2025
- Clasificación: 2.4. Txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-017599
Texto completo
Hernani eta Astigarraga dira sagardotegiak izateagatik ospe handien duten herriak, eta horregatik, txotx garaian bisitari ugari erakartzen dituzte. Jendea ondo pasatzera joaten da, baina batzuetan arazoak sortzen dira kalean, eta horregatik bi udalek herriak zaintzeko deia egin dute asteazken honetan.
Argi dute sagardoa bi herrien nortasunaren parte garrantzitsua dela, eta ekonomikoki zein kulturalki pisu handia duela. «Sagardoak eta sagardogintzak duten garrantzi hori aintzat hartzeko modukoa iruditzen zaigu, ez bakarrik historian zehar izandako pisuagatik, baizik eta gaur egun ere daukan itzalagatik. Txotx garaia, zalantzarik gabe, garrantzi horren erakusleiho bat da. Oihartzun handia dauka, hemen eta hemendik kanpo. Jendearentzat erakargarriak dira sagardoa eta sagardotegia, eta, hori, zeresanik ez, positiboa da gure ustez», azaldu dute bi herrietako ordezkariek martxan jarriko duten kanpainaren aurkeznenean.
Xabier Lertxundi eta Xabier Urdangarin, Hernani eta Astigarragako alkateak, hurrenez hurren, eta Itsaso Lekuona eta Ainara Vazquez, bi herrietako Berdintasun zinegotziak izan dira gaur Hernanin.
Azaldu dutenez, azken urteetan bisitari kopuru handia jasotzen dute, eta horrek ondorio positiboak, baina baita ere negatiboak dakartza, eta hori dela eta ‘Gure etxean zaude, zaindu!’ kanpaina abiatu dute. «Horrekin adierazi nahi dugu bisitariei ongietorria ematen diegula», argitu dute.
Arduratsu izateko eskaera
Aurtengo mezuak arduratsu izateko deia egiten du, «etxera ongietorria ematen dizun norbaitek egina». Sagardogileen Elkarteak bat egin du kanpainarekin, eta euren sagardotegi atarian jarriko dute mezua.
«Zaintza da aurtengo mezuaren oinarria: dei bat datozenei, zaindu ditzatela herriak, zaindu ditzatela bertako kaleak eta bertan bizi den jendea. Errespetuz joka dezatela. Adierazi nahi dugu ez dugula jarrera matxistarik ez arrazistarik onartuko, ezta orokorrean herritarren elkarbizitzaren aurkakoak direnik ere; eta horien aurkako protokoloa martxan izango dugula», aipatu dute.
Udalek esan dutenez, lanean ari dira txotx garaiko bisitari kopuru handiak sortzen dituen arazoak konpontzeko: garbitasuna, garraioa eta abar. Era berean, alkateak beste erakundeekin eta sagardogileen sektorearekin harremanetan daude masifikazioak herrietan sortzen dituen arazoei irtenbidea bilatu nahian.
«Gaur egun txotx garaia antolatuta dagoen moduan desoreka eta kudeaketa arazo handiak sortzen dizkigu Hernaniri eta Astigarragari, eta bertako herritarrek sentsazioa dute otsaila erditik apirila erdi edo bukaerara arte, larunbatero, euren herrietatik kanporatzen dituztela, tokirik gabe geratzen direla», aipatu dute.
Hori konpontzeko bidean, sagardoaren kultura urte osoan balioan jarri nahi dute, eta ez bakarrik txotx garaian, eta horrek desestazionalizazio bat eskatzen du. «Horregatik, urteak dira sagardoaren munduari prestigioa ematen ari garela bi udalak. Egun indarrean dagoen larunbatetako eredu hau ez da jasangarria, eta aldaketak eskatzen ditu», adierazi dute.