Garraio publiko bitartezondoen konektatutako txotx denboraldia
Descripción
Joan den astean Donostian egindako txotx denboraldiaren aurkezpeneko gai nagusietako bat mugikortasuna izan zen. Sagardotegiak hirietatik urrun dau...
ocio astigarraga transporte gastronomía hernani sidra sidrería temporada del txotx
Ficha
- Autor: J.S.
- Fuente: Gara
- Fecha: 2025-01-17
- Clasificación: 2.4. Txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-017331
Texto completo
Joan den astean Donostian egindako txotx denboraldiaren aurkezpeneko gai nagusietako bat mugikortasuna izan zen. Sagardotegiak hirietatik urrun daude eta joan-etorriak modu seguruan egiteko ezinbestekoa da garraio publikoa; autobusa, trena eta taxia batez ere.
Azahara Dominguez, Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak esan zuenez, txotx garaiaz berme guztiekin gozatu ahal izateko garraio publikoa da mugitzeko modurik jasangarriena, baita seguruena ere. Horregatik, txotx denboraldiak irauten duen asteburu guztietan Lurraldebuseko zerbitzuak indartu egingo direla iragarri zuen.
Gaur egun sei dira jendea Donostialdeko sagardotegi guneetara gerturatzen duten Lurraldebusen ibilbide nagusiak: BU11, BU12 eta BU13 ibilbideek Donostia eta Hernani lotzen dituzte, lehenak Aietetik, bigarrenak Martutenetik eta hirugarrenak Astigarragan barrena.
Bestalde, BU05 ibilbideak Andoain eta Donostia lotzen ditu, Urnieta eta Hernanin barrena, eta BU 10 ibilbideak Hernani eta Usurbil lotzen ditu, Lasarte-Oria eta Zubietan barrena.
Azkenik, UK09, UK10 eta UK11 ibilbideek Donostia eta Usurbil lotzen dituzte, Urbil merkataritza-gunean barrena.
TREN ZERBITZUA
Trenari dagokionez, zerbitzu hori ez da Astigarragaraino iristen, baina geltokiak ditu sagardoaren lurraldeko herri askotan, hala nola Martutenen, Hernanin, Urnietan eta Andoainen. Maiztasuna ordu erdikoa izan ohi da oro har eta herri horietara iristeko aukera erosoa da.
Trenaren beste ibilbidea Euskotren-ek kudeatzen du eta Usurbilera autorik gabe iristeko aukerarik onena bihurtzen da.
TAXI ZERBITZU BERRIAK
Autobus zerbitzuaz gain, taxia ere sagardotegiez gozatzeko aukera egokia bihurtuko da aurten, Donostialdeko Taxiaren Erregimen Bereziko Eremua indarrean sartu berri baita eta horrek zerbitzua zabaltzeko aukera emango baitu.
Donostialdeko hamaika udalerrik sinatutako hitzarmen horri esker, eskualde horretan eremu bateratu bat sortu da, taxi-gidariei udalerri horietan malguago jarduteko aukera ematen diena. Horrela, dauden lizentziak modu eraginkorragoan erabiliz, eskaera handieneko uneetan eskaintza nabarmen handituko da, hirian dauden 308 taxiei beste 118 gehituko zaizkie eta.
Akordioa sinatu duten udalerriak hauexek dira: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria eta Donostia.
BIDEGORRI SAREA
Azkenik, bidegorri sarea ere erabilgarria suerta daiteke txotx garaiaz gozatzeko. Ildo horretan, sagardoaren lurraldean mugitzeko modurik merke eta osasungarriena bizikleta dela esan daiteke.
Gipuzkoak, gainera, sagardotegi guneak dituzten herriak -Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Andoain- lotzen dituen bidegorrien edo bizikleta-bideen 300 kilometro baino gehiago ditu.
Ibilbide nagusiak Martutene-Astigarraga-Hernani (4,67 km) eta Hernani-Andoain (7,87 km) herriak lotzen dituztenak dira.