Sagardoaren lurraldea

Sagar ekoizpena bultzatzeko plangintza eskatu dute Bizkaian

Descripción

Bizkaiko sagardotegietako denboraldia datorren asteartean (hilak 21) zabalduko da ofizialki Zornotzako Uxarte sagardotegian. Bertan elkartuko dira ...

ocio bizkaia euskal sagardoa marca sidra sidrería temporada del txotx cosecha

Ficha

  • Autor: J.S.
  • Fuente: Gara
  • Fecha: 2025-01-17
  • Clasificación: 2.4. Txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-017326

Texto completo

Bizkaiko sagardogileak ere prest dira aurtengo txotx denboraldiari hasiera emateko. Beste urte batez, euren kupelak bertako sagarren zukuarekin bete dituzte, baina sagar produkzioa bultzatzeko plangintza orokorra eskatu dute.

Bizkaiko sagardotegietako denboraldia datorren asteartean (hilak 21) zabalduko da ofizialki Zornotzako Uxarte sagardotegian. Bertan elkartuko dira sektoreko ordezkariak eta herrialdeko kultur eta kirol eragile ezagunenak.

Sagardogileak pozik daude aurtengo uztarekin, nahiz eta iazkoa baino urriagoa izan. «Aurtengo uzta berezia izan da. Goiz loratzen diren sagar barietateek fruitu asko eman dute, eta beranduago loratzen direnek ez hainbeste, eguraldi txarra egin zuelako eta lorea galdu egin zelako», adierazi du Jose Antonio Zamalloak, Bizkaiko sagardogileen elkarteko lehendakari eta Uxarte sagardotegiko arduradunak.

Uzta ere gorabeheratsua izan zela adierazi du Zamalloak. «Hasieran ondo hasi ginen sagarra biltzen, baina kanpainaren erdialdera euria eta haizea hasi zen. Orokorrean, beraz, iaz baino kopuru txikiagoa jaso dugu».

Hala eta guztiz ere, aurten ere euren kupelak bertako sagarraren zukuarekin betetzea lortu dute. Guztira, 100.000 litro egitea lortu dute, aurreko urteetako kopuru bera. Hori bai, aurten ez dute herrialdetik kanpora sagarra saltzeko aukerarik izan, sagar asko izaten den urteetan egiten duten bezala. Zamalloaren hitzetan, «hemen kanpainak oso desastrosoa izan beharko luke gure sagarrarekin ez moldatzeko».

Aurten dastatuko dugun sagardoari buruz galdetuta, sagardo «orekatua» izango dela nabarmendu du. «Sagar uzta txikia izaten denean, normalean ezaugarri markatuagoak dituzten sagardoak lortzen dira, ur kantitate txikia dutelako. Baina aurten, uzta jaso baino lehen euria egin zuenez, likido portzentaje nahikoa izan du sagarrak eta nahiko orekatua atera da, ez da hain kontzentratua atera».

Aurtengo denboraldiari dagokionez, Bizkaian sei upategitan egin dute sagardoa, baina jakina denez, Zornotzako Uxartek eta Markina-Xemeingo Axpek bakarrik zabaltzen dituzte ateak bazkariak eta afariak emateko. Beste laurek (Gatikako Etxebarria, Lezamako Erdikoetxe, Zornotzako Etxerriaga eta Lezamako Leartibai kooperatiba) botilan saltzen dute euren produkzio guztia. Etxerriagan, hori bai, bisitak hartzen dituzte baserriko produktuak dastatzen emateko eta saltzeko.

Sagar ekoizleei dagokienez, une honetan hogei bat sagargile daude Bizkaian, baina etorkizunean gehiago izateko arazoak ikusten ditu Zamalloak, motibazio falta dela eta.

«Nik ez dut ikusten etorkizunean hektarea kopurua handituko denik», esan du. Horregatik, eta, bertako sagardoaren oinarria sagarra bera dela kontuan hartuta, sagar ekoizleentzako pizgarriak eskatu ditu. «Etorkizunean ezinbestekoa izango da ahalegin guztiak horretara bideratzea, sagasti hektarea gehiago izateko eta kalitatezko sagarra ekoizteko. Horretarako, sagargileek intzentiboak behar dituzte, eta prezio onak ordaintzea». Alde horretatik, «dirulaguntzak bakarrik ez, plangintza orokor bat» beharko litzatekeela nabarmendu du Zamalloak.

URTE OSOAN ZABALIK
Modu batera edo bestera, Uxarte sagardotegiak ateak zabalduko ditu datorren astean eta, ohi bezala, bazkariak eta afariak emango ditu asteburuetan. Taldeentzat irekitzeko aukera ere eskainiko du astean zehar, enkargatuz gero.

Gipuzkoan egiten denaren kontra, Uxartek urte osoan zabalik jarraitzeko asmoa du. «Guk hasieratik tenporalidade hori apurtzearen aldeko apustua egin genuen. Ez zaigu egokia iruditzen urte osoa lehenengo hiru edo lau hilabeteetan kontzentratzea. Askoz hobea iruditzen zaigu urte osoan jarraitzea, norberaren erritmora. Masifikazioak ez digu mesederik egiten».

Gainera, modu horretan sagardoa hobeto dasta daitekeela uste du Uxarteko arduradunak. «Sagardoa dastatzeko eta txuleta eder bat jateko sasoi egokia da uda ere. Gainera, denborarekin sagardoa hobetzen joaten da eta udan sagardotegira joatea oso plan ona izan daiteke».