abiatu da txotx GARAIA: zirkua eta sagardoa elkartuta
Descripción
Alorrenea sagardotegiko hirugarren kupelera jo, txotxa ireki, edalontzia bete, altxa eta "Gure sagardo berria" esan. Tragoa egin. Halaxe abiatu zen...
sidrería alorrenea astigarraga euskal sagardoa gure zirkua marca protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx cosecha
Ficha
- Autor: Iraitz Mateo
- Fuente: Gara
- Fecha: 2025-01-16
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-017296
Texto completo
Urte naturala hastearekin batera ekiten diote sagardotegiek bisitariak jasotzeko atontzeari. Urte osoko lanak eginda, atzo ireki zuten txotx garaia Gure Zirkuko lagunek Astigarragako Alorrenea sagardotegian. Uzta txikia izan omen da aurtengoa, baina kolore eta zapore «sendokoa». Giro ederrean hasi zen sasoia, eta hala amaitzea espero dute.
Alorrenea sagardotegiko hirugarren kupelera jo, txotxa ireki, edalontzia bete, altxa eta «Gure sagardo berria» esan. Tragoa egin. Halaxe abiatu zen atzo 2025eko txotx garaia. Gure Zirkua izan da aurtengo gonbidatua, eta hasiera batean sagardogileen eta zirkuaren artean antzekotasunik sumatzen ez bada ere, Iker Galartzak lotu zituen: «Baserri bat bezalakoa da zirkua; egon eta zaindu egin behar da ahalik eta produktu onena emateko».
Ez dira «hain ezberdinak» bere esanetan; jendeak ondo pasatzea dute helburu, egunik txarrenean ere beti irribarre batekin egon behar dute; «nortasun handiko jendea gara, euskal herritarrak, euskaldunak eta sagardozaleak». Joseba Usabiaga eta Lur Aranburu zirkuko kideak izan zituen alboan Galartzak ekitaldian, eta txotx irekierarako Poxpolo pailazoa eta Don Martin, zirkuko gidaria, ere agertu ziren.
Usabiagaren ustez ere zirkuak baditu antzekotasunak sagardogileekin. «Guk show bat eskaintzeaz gain, baloreak ere transmititzen ditugu, zuek bezala, eta garrantzitsua da. Elkartasuna, laguntasuna, familia giroa», azaldu zuen. Taldekide guztien izenean esan zuen «ohorea» eta «plazera» dela txotx irekiera bezalako egun batean beraiek izatea gonbidatu bereziak.
Mahai bueltarekin lotzen ditu zirkua eta sagardotegia Aranburuk: «Mahai inguruan, maite dugun jendearekin egoteko aukera bat da». Eta hori asko estimatzen duela esan zuen, baina aitorpen txiki bat ere egin zuen, zirkuan hasi aurretik ez omen zen bereziki sagardozalea; zirkuko kideek «zaletu» omen dute.
BELAUNALDI ERRELEBOA
Erribera Kulturguneko plazan landatu zuten sagarrondoa Gure Zirkuko lagunek, eta beraiekin izan ziren Agin Laburu eta Joanes Illarregi bertsolariak ere. Zuhaitza landatu ostean, Alorrenea sagardotegiko bidea hartu zuten sagardoaren munduko hamaika lagunek.
Alorreneara sartu aurretik, urtero txalapartak egiten die dei herritarrei, eta aurten ere txalaparta atean zegoen zain, baina omenaldi berezi bat egin zuten. Izan ere, 24 urtean Ximon Goikoetxeak eta Ramon Izetak ez diote hutsik egin atzoko egunez «ttakun-ttakun» hotsak sortzeari. Joan den urtean zendu zen Goikoetxea, eta belaunaldi aldaketa egiteko zita paregabea iruditu zitzaien ingurukoei atzokoa. Izetak berak eta Juan Mari Beltranek jo zituzten lehen hotsak egurrean; eta ostean Goikoetxearen seme eta bilobei eman zizkieten makilak. Aurrerantzean beraiek arduratuko dira txalaparta jotzeaz; bertsolariek esan bezala, «ttakun-ttakun hotsetan» Goikoetxea gogoratuz, eta ohitura zaharrak eskuz esku igaroz. Gero, urtero bezala, sagardantza eta sokadantza egin zituzten kupelera bidean.
GORPUTZ ETA ZAPORE HANDIKOA
Sagardoa dastatzen hasi aurretik, 12.00etan egin zen XXXII. Sagardo Berriaren Eguneko ekitaldia, Astigarragako Erribera Kulturgunean. Ekitaldiaren atarian zein sagardotegian bertan “El Correo” eta “El Diaro Vasco” egunkarietako errotatibetako langileek protesta egin zuten ELA sindikatuak sinatutako pankarta baten atzean: ‘Comencon despidorik ez: Erruduna Grupo Vocento’.
Ordezkari politikoez gain, sagardo munduko hainbat ordezkari ere bertan izan ziren. Eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak aurtengo uztaren nondik norakoak eman zituen. Hasteko, ohartarazpen garbi bat egin zuen: «Etxe bakoitzeko sagardoa ezberdina da. Ezaugarri orokorrak esango ditut, baina bakoitzak bere aldaerak izango ditu».
Uzta txikia izan dela esan zuen, eta hori izango dela hurrengo urteetarako erronka; «oreka mantentzea lortu behar dugu». Eta, beraz, «bolumen handiagoa eta kolore sendoagoa» duela azaldu zuen. Alkohol graduazioari dagokionez, joan den urtekoarekin alderatuz ez dela aldatu gaineratu zuen.
Jokin Mariezkurrenak ere hartu zuen hitza, ondoren Alorrenean probatuko zuten sagardoaren berri emateko. «Hirugarren kupelak emango dio hasiera, gure sagastietako lau barietatez egina dago; urrian jaso genituen sagarrak. Aromari dagokionez, aroma positiboa du, eta zaporeari erreparatuta garratzaren, mikatzaren eta gozoaren oreka lortzen du». Tragoak ahoan zaporea denbora luzean uzten duela aurreratu zuen, baina bigarren tragoa egiteko gogoz gelditzea espero duela gaineratu.