Kupelak zabalik, lehen txotxa Euskal Herri osoko jatorri deituraren alde
Descripción
Urtarrilaren 15 honetako goizean kupelak zabaldu dituzte, 2025eko txotx denboraldiari hastapena emanez. Joan den asteko aurkezpenari jarraiki egin ...
sidrería alorrenea astigarraga euskal sagardoa gure zirkua marca protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx cosecha
Ficha
- Autor: Kazeta
- Fuente: Kazeta.eus
- Fecha: 2025-01-15
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-017285
Texto completo
Txotx denboraldiari hastapen ofiziala eman diote gaur, urtarrilak 15, Sagardo Berriaren Egunean. Aurtendik goiti helduko denaren iragarle, Euskal Herri osoko sagarnogileek batera aurkeztu zuten sasoi berria. Euskal Sagardoa lurralde guziak barne hartuko dituen jatorri deitura garatzen ari da.
Urtarrilaren 15 honetako goizean kupelak zabaldu dituzte, 2025eko txotx denboraldiari hastapena emanez. Joan den asteko aurkezpenari jarraiki egin dute Euskal Herriko sagardoaren sasoi berriaren irekidura.
Izan ere, lurralde guziek bat eginik, gibelean kupela bat zutela bakoitzaren ordezkari, Euskal Sagardoak aurkezpena egin zuen Donostian (Gipuzkoa). Berrikuntza garrantzitsuenen artean, Euskal Jatorri Izendapenaren aurtengo uztak Iparraldeko sagardoa ere barne hartzen duela.
Bertan azaldu zutenez, 2024ko uzta 2023koa baino apalagoa izan da. Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren lehendakari Maite Retolazak zehazturikoaren arabera, 250 sagastietan «bi milioi kilo sagar jaso dira, eta 1.300.000 litro sagardo ekoiztu dira» 46 sagardotegitan – arabar bat, 3 bizkaitar eta 42 gipuzkoar –, joan den urtekoarekin alderatuz, «erdia baino gutxiago, baina nahikoa». Aurtengo sagardoak kalitate handia duela azpimarratu du Euskal Sagardoak.
Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzaileak azaldu zituen ‘Malus bat’ proiektuaren nondik-norakoak. Ekimenak, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaz gain, beste herrialdeak ere bere baitan hartuko ditu. Ondoko hilabeteetan zehaztuko dute mugaz gaindiko mundu mailako lehen jatorri deitura izanen ena. Lehenik Iparraldea sartuko da, aurtengo uztarekin batera, eta Europan jada eskaera egina dute. Ondotik Nafarroa helduko da, eta Trebiñu ere sartzeko pausoak eman dira. Euroeskualdetik diru-laguntza bat jaso dute datozen 18 urteetan plan estrategikoa antolatu eta definitzeko.
Kontsumo aukerei dagokienez, badiren zerbitzu guziak internet bidez erreserbatu ahal izango dira. Sagardoa.eus webgunean sagardotegietan mahaia erreserbatzeko aukera ere izanen da. Bilatzailearekin lurraldeka sailkatzen dira upeltegiak: tokia eta data hautatu ondotik, aitzinamendu bat ordainduta, erreserba egiten da.
Sagardotegietara manera erraz eta seguruan joateko, beste behin garraio publikoa eta taxi zerbitzuak indartuko dituztela zin egin dute. Bide beretik, oroitarazi dute txotx garaia ez dela asteburuetara mugatzen, eta astelehenetik ostiralera ere sagardotegien eskaintzaz gozatzea posible dela.