Sagardoaren lurraldea

Abian da 2025eko txotx denboraldia, sagardotegia eta Gure Zirkua elkartuz

Descripción

Alorrenea sagardotegiko hirugarren kupelera jo, txotxa ireki, edalontzia jarri, bete, altxa eta 'Gure Sagardo Berria' esan. Trago. Aste...

sidrería alorrenea astigarraga gure zirkua protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx

Ficha

  • Autor: Iraitz Mateo
  • Fuente: naiz:
  • Fecha: 2025-01-15
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-017281

Texto completo

Gure Zirkuko kideek eman diote lehen tragoa 2025eko sagardo berriari. Alorrenea sagardotegian abiatu dute txotx bolada asteazken goiz honetan, eta sagardogileen zein zirkuko kideen baloreak goraipatu dituzte, «ohiturek jarrai dezaten».

Alorrenea sagardotegiko hirugarren kupelera jo, txotxa ireki, edalontzia jarri, bete, altxa eta «Gure sagardo berria» esan. Trago. Asteazken goiz honetan abiatu berri da 2025eko txotx bolada. Gure Zirkua izan da aurtengo gonbidatua, eta hasiera batean sagardogileen eta zirkuaren artean antzekotasunik sumatzen ez bada ere, Iker Galartzak lotu ditu: «Baserri bat bezelakoa da zirkua, egon eta zaindu egin behar da ahalik eta produktu onena emateko».

Ez dira «hain ezberdinak» bere esanetan, jendeak ondo pasatzea du helburu, egunik txarrenean ere beti irribarre batekin egon behar dute, «nortasun handiko jendea gara, euskal herritarrak, euskaldunak eta sagardozaleak». Joseba Usabiaga eta Lur Aranburu zirkuko kideak izan ditu alboan Galartzak ekitaldian, eta txotx irekierarako Poxpolo pailazoa eta Don Martin, zirkuko gidaria, ere agertu dira.

Usabiagaren ustez ere lotura handia dute beraien zirkuak eta sagardogileek. «Guk show bat eskaintzeaz gain, baloreak ere transmititzen ditugu, zuek bezala, eta garrantzitsua da. Elkartasuna, laguntasuna, familia giroa», azaldu du. Taldekide guztien izenean esan du «ohorea» eta «plazera» dela txotx irekiera bezalako egun batean beraiek izatea gonbidatu bereziak.

Mahai bueltarekin lotzen ditu zirkua eta sagardotegia Aranburuk: «Mahai inguruan, maite dugun jendearekin egoteko aukera bat da». Eta hori asko estimatzen duela kontatu du, baina aitorpen txiki bat ere egin du, zirkuan hasi aurretik ez omen zen bereziki sagardozalea, baina zirkuko kideek «zaletu» dutela.

Erribera Kulturguneko plazan landatu dute sagorrondoa Gure Zirkuko lagunek, eta beraiekin izan dira Agin Laburu eta Joanes Illarregi bertsolariak ere. Zuhaitza landatu ostean, Alorrenea Sagardotegiko bidea hartu dute sagardoaren munduko hamaika lagunek.

Sagardotegira sartu aurretik, urtero txalapartak egiten die dei herritarrei, aurtengoan ere hala izan da, baina emanaldi berezi eta omenaldi hunkigarri batekin. Izan ere, 24 urtez ez diote sekula huts egin Ximon Goikoetxeak eta Ramon Izetak egun honetan «ttakun-ttakun» hotsak sortzeari. Pasa den urtean zendu zen Goikoetxea, eta belaunaldi aldaketa egiteko zita paregabea iruditu zaie ingurukoei, eta beraz, Izetak eta Juan Mari Beltranek jo dituzte lehen hotsak; eta ostean Goikoetxearen seme eta bilobei eman dizkiete makilak. Aurrerantzean beraiek arduratuko dira txalaparta jotzeaz; bertsolariek esan gisa, «ttakun-ttakun hotsetan» Goikoetxea gogoratuz, eta ohitura zaharrak eskuz esku igaroz. Ostean, urtero bezala, sagar dantza eta soka dantza egin dituzte kupelera bidean.

Gorputz eta zapore handikoa

Sagardoa dastatzen hasi aurretik, goizeko 12.00etan egin da XXXII. Sagardo Berriaren Eguneko ekitaldia, Astigarragako Erribera Kulturgunean. Ekitaldiaren atarian zein sagardotegian bertan ‘El Correo’ eta ‘El Diaro Vasco’ egunkarietako errotatibetako langileek protesta egin dute ELA sindikatuak sinatutako pankarta baten atzean: ‘Comencon despidorik ez: Erruduna Grupo Vocento’.

Ordezkari politikoez gain, sagardo munduko hainbat ordezkari ere bertan izan dira. Eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak aurtengo uztaren nondik norakoak eman ditu. Hasteko ohartarazpen garbi bat egin du: «Etxe bakoitzeko sagardoa ezberdina da, ezaugarri orokorrak esango ditut, baina bakoitzak bere aldaerak izango ditu».

Uzta txikia izan dela esan du, eta hori izango dela hurrengo urteetako erronka, «oreka mantentzea lortu behar da». Eta beraz, «bolumen handiagoa eta kolore fuerteagoa» duela azaldu du. Alkohol graduazioari dagokionean, pasa den urtekoarekin alderatuz ez dela aldatu esan du.

Jokin Mariezkurrenak ere hartu du hitza, ostean Alorrenean probatu duten sagardoaren berri emateko. «Hirugarren kupelak emango dio hasiera, gure sagastietako lau barietatez egina dago, urrian jaso genituen sagarrak. Aromari dagokionez, aroma positiboa du, eta zaporeari erreparatuta garratzaren, mikatzaren eta gozoaren oreka lortzen du». Tragoak ahoan zaporea denbora luzean uzten duela aurreratu du, baina bigarren tragoa egiteko gogoz gelditzea espero du.