Sagardoaren lurraldea

Jaurlaritzaren eta aldundiaren erantzunaren faltan, Udalek adostu dituzte txotx garaiaren eredua aldatzeko etorkizuneko lan ildoak - Astigarraga

Descripción

Astigarragako eta Hernaniko Udalak berretsi dute hiru helburu lortu nahi dituztela: sagardoaren kultura urte osora zabaltzea, larunbatetan herrietara iristen den jendetza gutxitzea eta bi herrietako biztanleek plazak berreskuratzeko tresnak martxan jartzea. Agindu arren, Jaurlaritzak eta aldundiak oraindik ez diete erantzun erakundeen arteko mahai bat sortzeko eskaeraren inguruan.

ocio astigarraga degustación gastronomía hernani sostenibilidad sidra sidrería temporada del txotx

Ficha

  • Fuente: Astigarraga
  • Fecha: 2024-04-11
  • Clasificación: 2.4. Txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-017001

Texto completo

Hilabete askotako lanaren ondorioz, egungo txotx garaiaren eredua aldatzeko lan ildoa martxan jarriko dute Astigarragako eta Hernaniko Udalek. Hiru ikuspegitatik ikusten dute udalek irtenbidea, kontziente izanik ez dela berehala etorriko larunbatetan nagusitu den txotx ereduaren aldaketa. Garrantzitsua ikusi dute, baina, urratsak egiten hastea, oreka bat bilatze aldera. Ildo horretan, eta kontuan hartuta sagardoaren eta sagarraren kulturak bi herriotako nortasunean duen garrantzia, bi udalek neurriak hartu nahi dituzte kultur hori urte osoan zehar sustatzeko.

Horrekin batera, baina, ezinbestekoa irizten diote Hernanira eta Astigarragara larunbat arratsaldeetan datorren jendetza hori gutxitzeari. Horretarako beharrezkoak diren neurri disuasorioak aztertzeko prest daude udalak.

Bi Udalei garrantzitsua iruditzen zaie ere bi herrietako herritarrek larunbat arratsaldetan kaleak eta plazak berreskuratzea, eta horretarako beharrezkoak diren pausoak eman nahi dituzte, dela kultur jarduerak antolatuz edo dela beste neurri batzuk inplementatuz. Aurten, proba moduan egin zen martxoaren 9an Hernanin musika eta dantza ikuskizun bat, eta ehunka hernaniar erakarri zituen bertara. Halaber, zenbait kanpotarren jokabidean modu positiboan eragin zuela ondorioztatu dute horren inguruko ebaluazioa egiten ari diren teknikariak.

Udaletako ordezkariek Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bilera bana egin zuten, eta eskatu zieten txotx garaiaren inguruan gogoeta egiteko erakundeen arteko mahai bat osatea. Agindu arren, Jaurlaritzak eta aldundiak oraindik ez diote eskaera horri erantzun. Bi udalok berretsi dute mahai horren beharra, eta azpimarratu apirilaren 21eko hauteskundeen ostean eratuko den gobernu berriari ere eskaera bera egingo diotela.

Izan ere, azpimarratu dute larunbatetan nagusitu den txotx eredua aldatu egin behar dela, bi herrietako herritarrentzat larunbat arratsaldean kalean batzen den jendetza, eta horrek sortzen dituen ondorioak, jasangaitzak direlako. Hori dela-eta, oreka bilatu behar delakoan daude bi udalok. Xabier Lertxundi eta Xabier Urdangarin, Hernani eta Astigarragako alkateak hurrenez hurren, kezkatuta daude sagardoaren kultura larunbatetako egoera horren ondorioz jasaten ari den desprestigioagatik. Larunbatetan dozenaka autobus pilatzen dira Hernaniko eta Astigarragako aparkalekuetan. Kanpotik heltzen den jendetza horrek bere egiten ditu bi herrietako erdiguneko kaleak eta tabernak, eta bertako herritarrok desplazatuta sentitzen dute euren burua. Egoera hori otsailetik apiril amaierara arte luzatzen ari dela azpimarratu dute alkateok. Txotx denboraldia luzatzearekin batera, esate baterako, bizilagunek jasan behar izaten dituzten eragozpenak ez ezik, udalek hartu behar izaten dituzten neurriak -segurtasuna eta garbitasuna mantentzeko, esate baterako- kostu handiagokoak dira.

Asko hitz egin da aste hauetan txotx garaiaz eta larunbatean izaten den bisitarien etorrera horrek sortzen dituen albo kalteez. Horiek aztertzen jarraitu nahi dute Udalek, bai goragoko erakundeekin eta baita bertako eragileekin ere. Esate baterako, Hernaniko Udala sagar eta sagardoaren mahaian aztertzen ari da aurrera begirako lan ildoak herriko eragileekin, eta aurrera begirako hiru helburuko plangintza hori ere mahai horretan landu eta adostu da.