Erakundeen arteko txotx mahaia ez da eratuko sagardoaren sektoreak parte hartu ezean
Descripción
Astigarragako eta Hernaniko udalek berretsi dute egungo txotx eredua arazoak sortzen ari dela eta erakunde guztiei dagokiela haiei aurre egitea. Jaurlaritzak gogoeta egingo duela agindu du, eta bi asteren bueltan erantzungo duela mahai bat osatzea onartzen duen edo ez.
ocio astigarraga degustación gastronomía hernani sostenibilidad sidra sidrería temporada del txotx
Ficha
- Autor: Kronika
- Fuente: Kronika.eus
- Fecha: 2024-03-09
- Clasificación: 2.4. Txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-016995
Texto completo
Astigarragako eta Hernaniko udalek berretsi dute egungo txotx eredua arazoak sortzen ari dela eta erakunde guztiei dagokiela haiei aurre egitea. Jaurlaritzak gogoeta egingo duela agindu du, eta bi asteren bueltan erantzungo duela mahai bat osatzea onartzen duen edo ez.
Txotx garaiari buruz eta larunbatetan Hernanin eta Astigarragan sortzen diren albo kalteei buruz gogoeta egiteko, erakundeen arteko mahai bat sortzeko eskatu diote Hernaniko eta Astigarragako udalek Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.
Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutirekin otsailaren 1ean elkartu ziren Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea, eta aste honetan bertan egin dute beste bilera bat Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearekin.
Xabier Lertxundik eta Xabier Urdangarinek kezka adierazi diete Aldundiari eta Jaurlaritzari bi herriok jasaten ari diren kalteengatik, eta sagardoaren kultura bizitzen ari den desprestigioagatik, batik bat azken urteotan larunbatetan gertatzen ari den bisitarien etorrera masiboa dela eta. Hain zuzen ere, arazoari «oinarrizko adostasun batetik» heldu beharko liokete erakunde guztiek, modu bateratuan, eta horretarako nahi dute alkateek erakundeen arteko mahai bat martxan jarri. Alkateek bileretan jaso duten informazioaren arabera, mahai hori bere horretan ez dute ikusten ez Jaurlaritzak eta ezta Aldundiak ere, bertan sagardoaren sektoreko ordezkariak ez badaude. Horri dagokionez, Bittor Orozek adierazi du ez dutela neurririk hartuko sagardoaren sektorea kaltetzen badu.
Jaurlaritzako ordezkariak bi asteko epea eskatu du bi alkateek egindako eskari nagusiari (erakundeen arteko mahai bat osatzea) erantzuteko. Orozek aitortu du bi herriotan, txotx garaiko larunbatetan, arazo bat dagoela. Arazoa, baina, haunditzen ari da urtetik urtera, udal ordezkarien ustez. Txotx denboraldia luzatzen ari da, eta horren ondorioz, esate baterako, bizilagunek jasan behar izaten dituzten eragozpenak ez ezik, udalek hartu behar izaten dituzten neurriak (segurtasuna eta garbitasuna mantentzeko, esate baterako) kostu haundiagokoak dira. Gainera, uste dute indarrean den txotx eredua aldatu egin behar dela, nolabait larunbatetan bi herriotan izaten den jendetza ez baita jasangarria bizilagunek ohiko bizimodua egiten jarrai dezaten. Azken larunbatean, martxoaren 2an, 80 autobus zenbatu dituzte bi herriotako aparkalekuetan. Edonola ere, martxoa hasi baino ez da egin, eta jendetzarik haundiena hurrengo asteotan espero da. Iaz, martxoko larunbat batean 87 autobus zenbatu zituen Ertzaintzak Hernanin bakarrik.
Bizikidetza arazoak
Bizikidetza arazoak ere sortzen ari dira, eta «onartezinak» dira zenbait jarrera. Horiei aurre egiteko aurten kanpaina bateratua martxan jarri dute Astigarragako eta Hernaniko udalek, gogorarazteko ez dutela onartzen ez eraso matxista, ez arrazista ezta bizikidetzaren aurkakorik. Kanpaina horiek babes instituzional haundiagoa izatea beharrezkoa ikusten dute bi udalek, eta sentsibilizazio lanak oihartzun haundiagoa eduki dezan goragoko beste bi erakundeen babes instituzionala eskatu dute.