Sagardoaren lurraldea

Espero dute uztailarako Euskal Herri osoko sagardoa sor-marka baten pean biltzea

Descripción

Euskal Sagardoa izango da sor-markaren izena. Europako Batasunaren onespenaren zain daude; espero dute udaberrian iritsiko dela.

euskal sagardoa iparralde denominación de origen marca navarra sidra

Ficha

  • Autor: Irati Urdalleta Lete
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2024-01-19
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016717

Texto completo

«Bakarrik baino askoz hobeto goaz denok elkarrekin». Unai Agirreren hitzek deskribatzen dute Euskal Sagardoa sor-markak hartu duen norabidearen izpiritua. Orain arte, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardoak soilik jasotzen zituen; alabaina, espero dute uztailerako Euskal Herri osoko sagardoa sor-marka horren pean biltzea. Horrela, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen lehen sor-marka bihurtuko da.

Gaur eman dute proiektuaren nondik norakoen berri Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen sailburu Arantxa Tapiak; Euskal Hirigune Elkargoko Mugaz Gaindiko, Europako eta Nazioarteko kontseilari Joseba Erremundegik; Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Mari Aierdik; Euskal Sagardoa sor-markako zuzendari Unai Agirrek; eta Bixintxo Aphaule sagardogileak, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan egin duten prentsaurrekoan.

«Sagardoaren munduarentzako eta sagar ekoizle eta sagardogile guztientzako mugarri berezi eta garrantzitsu bat aurkeztera gatoz», iragarri du Tapiak. Mugarri hitza erabili du Erremundegik ere: «Gaurko eguna mugarri bat da; mugarri historikoa, instituzionala eta politikoa.
Mugarri garrantzitsua da herrigintzan sinesten dugunontzat».

Baina zergatik mugarria? Agirrek azaldu duenez, 2017an sortu zuten Euskal Sagardoa sor-marka, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Sortu zenean, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko eragileekin izan genituen harreman batzuk, baina, hala tokatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan sortu zen sor-marka. Halere, argi geratu zen egunen batean Nafarroak eta Iparraldeak jatorri izenean sartu nahi bazuten ateak irekita egongo zirela».

Eta iritsi da egun hori. Iparraldeko ordezkariekin lortu dute akordioa; «oso ona», Agirren hitzetan. Hain zuzen, elkarlanean proposamen bat lantzen aritu dira azken hilabeteetan, Frantziako INAO Jatorri Izenen eta Kalitatearen Institutu Nazionalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hazi erakundearen teknikarien laguntzarekin, baita Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Elkargoaren koordinazioarekin eta babesarekin ere. Akordio hori Frantziako eta Espainiako gobernuetako ordezkariei helarazi diete, Europako Batasunera bidaltzeko.

«Sagardoaren munduarentzako eta sagar ekoizle eta sagardogile guztientzako mugarri berezi eta garrantzitsu bat aurkeztera gatoz».
ARANTXA TAPIA
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua

Hain zuzen, Europako Batasunak adostasun horri oniritzia ematea falta zaie orain. Tapiaren hitzetan, espero dute martxotik maiatzerako tartean iristea hori, «jakinik bi estatuak [Frantzia eta Espainia] ados daudela». «Eta ekainetik uztailerako tartean erabat onartutzat emango da», erantsi du.

Behin Bruselaren onespena izanda, Agirrek azaldu duenaren arabera, Nafarroa batuko da sor-markara: «Onartuta daukagu behin Iparraldekoekin dugun adostasun hau Europak onartzen digunean jatorri deituran sartuko direla, interesa erakutsi dute eta». Bat egin du Aierdik: «Administrazioek argi utzi dugu bidea batera egiteko borondatea dugula». Hori onartzen dutenean, denek araudi berbera izatea ez ezik, kudeaketa eta zertifikazioa bateratuta egitea ere adostu dute, Tapiak adierazi duenez.

Aparteko ezaugarriak
Tokiko sagarrez bakarrik egindako sagardoa izatea eta «kalitate berme guztiak» izatea. Horiek dira, Tapiaren esanetan, Euskal Sagardoaren ezaugarri nagusiak. Horrenbestez, herritarrei sagardo mota hori kontsumitzeko eskatu die: «Tokiko produktua da, goi mailakoa; beraz, tokiko merkataritzan eta tokiko produktuetan sinesten dugunez, kontsumitzeko deia egiten diegu kontsumitzaileei».

200
Sagar motak Euskal Sagardoan egun dauden sagar motei Ipar Euskal Herrikoak batuta, berrehun sagar mota egongo dira onartuta sor-markan.

Orain, gainera, Euskal Herri osora zabaltzeak modua eman dezake ekoizpenean jauzia egiteko, berezkoa duen kalitate horri eutsita. Agirrek jakinarazi duenez, egun 106 sagar mota onartzen dituzte sor-markaren barruan. Iparraldeko barietateak batuta, berrehun sagar mota egongo dira aurrerantzean. Gehiago izango dira sagar ekoizleak ere: «Guk 250 sagargile ditugu, eta, Iparraldea sartzean, hirurehun inguru izango dira; Nafarroa sartuz gero, laurehun ere izan litezke».

Halaber, Agirrek esan du 80 sagardotegi inguru daudela Euskal Herrian —horiek guztiak ez daude sor-markaren barruan—. Gaur egun 50 sagardogile daude Euskal Sagardoa sor-markan: 45 Gipuzkoan, hiru Araban, eta bi Bizkaian. Ipar Euskal Herrian zortzi sagardogile daude, eta Nafarroan lau.