Plastikozko edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte Hernaniko 15 tabernak txotx garaian
Descripción
Aurtengo txotx garaian plastikozko edalontzi berrarabilgarriak erabiliko dituzte Hernaniko 15 taberna eta jatetxek. Horrela, ez dituzte edariak pla...
ocio hernani sostenibilidad sidra sidrería temporada del txotx
Ficha
- Autor: Naiz
- Fuente: naiz:
- Fecha: 2024-01-30
- Clasificación: 2.4. Txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-016709
Texto completo
Plastikozko edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte Hernaniko 15 ostalaritza establezimenduk txotx garaian. Sortzen den hondakin kopurua murriztu eta kaleak garbiago mantentzeko helburua du sistemak, erabilera bakarreko plastikozko edalontziak albo batera utziz.
Aurtengo txotx garaian plastikozko edalontzi berrarabilgarriak erabiliko dituzte Hernaniko 15 taberna eta jatetxek. Horrela, ez dituzte edariak plastikozko erabilera bakarreko edalontzietan zerbitzatuko. Aurten lehenengo aldiz, Udalak edalontzi berrerabilgarriak txotx denboraldian ere erabiltzeko lanketa egin du herriko ostalaritzako establezimenduekin.
Batetik, hondakin gutxiago sortzea da helburua, Udalak berak jakitera eman duenez. Bestetik, kaleak garbiago egotea ere lortuko dutelakoan daude. Azaldu dute Hernaniko herritarrentzako «onuragarria» izango dela ostalaritza establezimenduetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea, txotx denboraldiko asteburuetan kaleetan pilatzen den hondakin kopurua murrizten lagunduko baitu, haien bizimodua erraztuz.
Momentuz, 15 tabernak bat egin dute ekimenarekin. Borondatezko sistema izanik, Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie, «herritarrengan onura zuzena izango duen neurri honekin hartu duten konpromisoa dela eta».
Halaber, gogora ekarri dute gainontzeko ostalariek ere bat egin dezaketela ekimenarekin, udaletxean informazioa eskatuz.
Bilketa puntuak
Edalontziak tabernetan bertan eskuratuko dituzte erabiltzaileek, euro baten truke. Edalontzi hori bera erabili ahal izango dute Hernaniko ostalaritza establezimendu ezberdinetan kontsumitzeko.
Edalontzi hauek etxera eraman ditzakete edo tabernetan bertan utzi. Bestela, Udalak bilketa puntu bereziak jarriko ditu edalontziak uzteko: Atsegindegin, Zinkoenean, Ibaiondon eta Plaza Berrin. Horrela, erraza izango da erabiltzaileentzako edalontziak bertan behera botata ez uztea.
Edalontzi berrerabilgarriek Unai Gaztelumendik ekimenerako propio sortutako irudia daukate. Artistak azaldu duenez, «gune berean elkartzen diren lagun, talde, asmo eta jatorri ezberdinak» irudikatu nahi izan ditu. Horretarako, Hernaniko Ezkiaga pasealekua irudikatu du, «umore onak plaza hartuta».
Hauek dira, momentuz, edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzten taberna eta jatetxeak: Aieko, Akeit, Andrekale 21, Apeadero taberna, Ekos, El Caserio, Garin, Goizargi, Guria, Joxe Mari, Kitto, Kixkal, Tripontzi jatetxea, Txoko eta Zinkoenea.