Sagardoaren lurraldea

Bera mintzo

Descripción

BERA MINTZO Hordi arrail dela, Olenin ameslaria erreguka Marianka ederrari: "Ez al naun erruki? Maite haut ba nik!". Atzerantz egin zuen neskak, hormarantz: "Ardoa duk hire partez mintzo dena. Alf...

ocio astigarraga proceder hernani sidra sidrería temporada del txotx

Ficha

  • Autor: Iñigo Aranbarri
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2024-01-28
  • Clasificación: 2.4. Txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016696

Texto completo

Hordi arrail dela, Olenin ameslaria erreguka Marianka ederrari: «Ez al naun erruki? Maite haut ba nik!». Atzerantz egin zuen neskak, hormarantz: «Ardoa duk hire partez mintzo dena. Alferrik habil!».Tolstoiren Kosakoaknobelan, ardoa da, ez gizona, arian-arian neska horma kontra jarri duena. Zuberoan, garai batean bazen festa otorduetan-eta ausarki ateratzen zen ardo arrunt samar bat, horrelaxe zeritzona: Bera mintzo. Munduko markarik zoragarriena iritzita bizi izan naiz ordutik.

Orain, sagardo denboraldia hasi delarik, hortitxik heldu diote Hernaniko eta Astigarragako udalek desmasien kontrako kanpainari: «Ez da sagardoa, zu zara. Hartu ardura!». Ardura eskea sagardotegien aitzakian herrira heldu eta edonon txiza eta botaka egin, nonahi txikizioak eragin eta, batez ere, hitzez edo moldez, emakumeei eraso egiten dietenei. Kontzientzia hartzeko deia, inork ez dezan esan desenkusa gisa, «ez naiz ni izan, sagarraren mama izan da nire ordez jokatu duena». Eta badakigu, sagarraren adarraren adarrak luzeak ditu puntak: ez dira gutxi larunbat gauetako liskarrak probintzialkeriaren trintxerara eraman ohi dituztenak. Izan ere, eta aurrez inor errudun jo gabe, bisitariak jarri baitira batez ere kanpainaren begian. Ez berez okerragoak direlako, ezpada garbi daukagulako edanak laineztuta ez dugula era berean jokatzen etxean edo kanpoan, are gutxiago jendetzaren erdian difuminatuta bagaude.

Asmo didaktikoak motza du bidea, ordea, ulertzen ez bada sagardoa diogun lekuan beste edozein izan daitekeela kosakoon edabea, eta etxetik kanpo gabiltzalarik, edonon ditugula Hernani edo Astigarraga, deitu hauek Salou, Benidorm edo Magaluf.