Sagardoaren lurraldea

Txotx denboraldian arduraz jokatzeko eskaera bateratua, Hernaniko eta Astigarragako Udalek

Descripción

Kanpainaren leloa iazko bera da, 'Ez da sagardoa, zu zara. Hartu ardura!'; eta Udalek aitortu dute aurtengo kanpaina «zehatzagoa eta indartsuagoa» dela.

ocio astigarraga proceder hernani campaña sidra sidrería temporada del txotx

Ficha

  • Fuente: Kronika.eus
  • Fecha: 2024-01-26
  • Clasificación: 2.4. Txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016689

Texto completo

Kanpainaren leloa iazko bera da, 'Ez da sagardoa, zu zara. Hartu ardura!'; eta Udalek aitortu dute aurtengo kanpaina «zehatzagoa eta indartsuagoa» dela.

Txotx denboraldiaren harira, Astigarragako eta Hernaniko Udalek arduraz jokatzeko eskaera bateratua egin dute, eta atzo eman zituzten nondik norakoak Astigarragako udaletxean, bi Udaletako ordezkariek; hala nola, Xabier Urdangarinek, Xabier Lertxundik, Ainara Vazquezek eta Itsaso Lekuonak.

Urdangarinek eman zion hasiera prentsaurrekoari, ondorengo sarrerarekin: «Aurreko astean hasi genuen txotx denboraldia Astigarragan eta Hernanin. Bi herriotan urte asko dira sagardoaren mundua prestigioan jartzeko ekimenak martxan ditugula. Sektore garrantzitsua da bi herriotan, ekonomikoki eta kulturalki. Aintzat hartzeko jarduera ekonomikoa izateaz gain, nortasun berezi bat ematen digu sagardoak, eta horri garrantzia ematen diogu».

Segidan, Lertxundik mikroa hartu eta gaineratu zuen azken urteotan «jende ugari» iristen dela bi herrietara, eta horrek, «albo kalteak» sortzen dituela: «Askotan, kudeatzeko zailtasun haundiak ematen dizkigu bisitarien presentzia masibo horrek, eta hori dela-eta, idatziz eskatu diegu bai Gipuzkoako Foru Aldundiari eta baita Eusko Jaurlaritzari ere, bilera bat egin dezagun egoerari aurre egiteko martxan jar daitezkeen ekimenak aztertzen hasteko».

Egindako aurkezpenean garrantzi haundia eman zioten bizikidetza arazoari. Izan ere, «sagardotegi garaiko larunbatetan, gure herrietara datorren jendetzak bizikidetza arazoak sortzen ditu». Horri aurre egiteko, kanpaina berezi bat jarri dute martxan, eta aurtengo kasuan, bi herriek elkarrekin. Iaz, Hernanik bakarrik jarri zuen kanpaina hau indarrean, baina aurten, Astigarragak ere bat egin du berarekin

Kanpaina honen bidez, Hernaniko zein Astigarragako Udalek gogorarazi nahi izan dute ez dutela «jarrera matxistarik eta arrazistarik onartzen. Eta horien aurkako protokoloa martxan izango dugula ere azpimarratu nahiko genuke».

Kanpainaren leloa, iaz bezala, ondorengoa da: 'Ez da sagardoa, zu zara. Hartu ardura!'. Leloa prentsaren aurrean elkarbanatu ostean, Urdangarinek honakoa eskatu zuen: «Ardura hartzeko eskatu nahi diegu, bai erasoak egiten dituztenei, eta baita erasoak egiten dituztenei planto egiten ez dietenei ere». Horren baitan, iaz baliatu zituzten hainbat lelo ere indarrean izango dira aurten; hala nola, 'Zu lololo eta bitartean bizilagunak lo egin ezinda', 'Erasoak eraso dira, baita zure lagunak egiten dituenean ere', 'Txinita, moro, beltza... ez da inoren izena, baina izena du: arrazakeria', 'Guk sinisten dizugu. Kontaiguzu', 'Zenbat aldiz esan behar dizut ezetz bakean uzteko?', 'Gozatu nahi beste, beste inor gogaitu gabe'.


Txotx garaiak, beste zenbait ondorio «kaltegarri»

Txotx garaian azken urteotan izan den «presentzia haundiak» era guztietako ondorioak sortzen dituela azaldu zuten Hernaniko eta Astigarragako Udaletako ordezkariek, eta zenbait adibide elkarbanatu zituzten; esaterako, «Hainbat arlotan (garbitasuna, segurtasuna eta garraioa) diru sail garrantzitsuak gehitu behar izaten dizkiogu gure ohiko aurrekontuari, ohiko zerbitzuei eutsi ahal izateko».

Eta «ez ohiko» gastu horiek ez ezik, bizilagunak ere gogora ekarri zituzten prentsaurrekoan: «Larunbat arratsaldetan gure herrietako bizilagun asko euren bizitokitik
kanporatuak sentitzen dira, parrandara datozenen eragin horren ondorioz. Hernaniren kasuan, sektore arteko mahai batean aztertzen ari gara gai hau, baina sentsazioa dugu neurriratu behar dugula bisitarien presentzia, zenbait kasutan, gehiegizkoa jotzen baitugu herritarren ohiko bizimoduan eragina jasangarria izan dadin. Astigarragan ere aztertu eta landu dugu gaia, herriko eragileek eta udal ordezkariek osatzen dugun bizikidetza eta prebentzio mahaian. Eta, bertatik hainbat proposamen eta ideia atera eta garatu dira».

Prentsaurrekoari amaiera eman zioten Urdangarinek eta Lertxundik aurtengo kanpaina «zehatzagoa eta indartsuagoa» dela adieraziz: «Batetik, bi herriek elkarrekin abiatu dugu, eta beste instituzioetara jo dugu. Bestetik, kartelak eta biniloak jarriko dira Astigarragan eta Hernanin herrian zehar, sagardotegietan eta tabernetan. Eta era berean, gure herrietara etortzen den bisitariarengana hurbildu nahi izan dugu, hainbat bide erabiliz (Lurraldebus eta Renfe pantailak, sagardobus pantailak eta hartzaileen emailak, irratietako iragarkiak, txotx gehigarrietako iragarkiak...)».