Sagardoaren lurraldea

Erakunde arteko mahaia eratzeko eskaera egin dute alkateek Aldundian - Urumea - Kronika.eus

Descripción

Txotx garaiari buruz eta sortzen diren albo kalteei buruz hausnartzeko osatu nahi dute mahaia.

ocio astigarraga proceder hernani sidra sidrería temporada del txotx

Ficha

  • Fuente: Kronika.eus
  • Fecha: 2024-02-04
  • Clasificación: 2.4. Txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016669

Texto completo

Txotx garaiari buruz eta sortzen diren albo kalteei buruz hausnartzeko osatu nahi dute mahaia.

Txotx garaiari eta larunbatetan sortzen diren kalteei buruz hausnartzeko, erakunde arteko mahai bat sortzeko eskaera egin dute Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutiri helarazi diote egungo ereduak sortutako kezka, eta mahai hori aurten martxan jartzeko eskaera egin dute alkateek: «Bi herriok kezkaz bizi dute sagarraren eta sagardoaren kultura bizitzen ari den desprestigioa, batik bat azken urteotan larunbatetan gertatzen ari den bisitarien etorrera masiboa dela eta. Eredu hori albo kalte nabarmenak izaten ari da Hernanin eta Astigarragan, eta horien aurrean modu bateratuan lan egiteko neurriak hartu beharko lituzkete erakundeek».

Mahai horretan sortutako gogoeten helburua da «diagnostiko komun bat egitea, egoerari aurre egiteko ekintza plan bat adosteko». Udal ordezkariek egungo eredua aldatzeko beharra ere aipatu dute: «Uste dugu indarrean den txotx eredua aldatu egin behar dela, nolabait larunbatetan bi herriotan izaten den jendetza ez baita jasangarria herrietako bizilagunek bizimodu ohikoa egiten jarrai dezaten».

Kanpainarako babes eskaera

Txotx denboraldian gertatzen diren «jarrera onartezinak» salatzeko kanpaina bateratua jarri dute martxan Hernaniko eta Astigarragako Udalek. Aldundiko bileran kanpainak «babes instituzional haundiagoa» izatearen garrantzia nabarmendu zuten alkateek, eta laguntza eskatu zioten diputatuari «jende etorrera masibo horren aurrean eta elkarbizitza arazo horien aurrean martxan jartzen ari diren zerbitzu gehigarriak aurrera eramateko».

Gaia lantzen jarraitzeko, udal ordezkariak otsailaren 14an Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin elkartuko dira.