Sagardoaren lurraldea

Aurreko urtekoa baino "arinagoa" da Bizkaiko sagardo berria: "orekatua eta ona"

Descripción

Bizkaiko sagardo denboraldiari hasiera eman diote Zornotzako Uxarte sagardotegian. Itziar Lazkano antzezlaria eta antzerki zuzendaria sagardo laguna izendatu dute.

bizkaia euskal sagardoa marca protagonista sidra apertura del txotx sidrería uxarte

Ficha

  • Autor: Markos Tedin-Uriburu Castro
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2024-01-27
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016656

Texto completo

Zornotzako Uxarte sagardotegian, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak hasiera eman dio lurralde honetako sagardo garaiari. Jose Antonio Zamalloa elkarteko presidenteak esan duenez, aurtengoa «aurreko urtekoa baino arinagoa» da. Horrez gain, «badauka bere estruktura, badauka zaporea; batzuek mingots puntu bat daukate». Presidenteak gaineratu du harrera ona izan duela: «Irten den sagardoarekin ez dugu arazo handirik izan jende aurrean, sagardotegian».

Martitzenean Uxarten egindako ekitaldian egon ziren, besteak beste, Ainhoa Salterain Zornotzako alkatea, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatua, Eusko Jaurlaritzako Bittor Ortiz Nekazaritza, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea, Itziar Lazkano antzezle eta antzerki zuzendaria, eta Zamalloa bera. Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak Lazkano sagardo laguna izendatu du, eta hura arduratu da lehenengo txotx egiteaz. Urte osoan ordezkatuko du Bizkaiko Sagardoa. Zamalloaren ustez, antzezleak «profil egokia» du, eta azaldu du «Bizkaiko filosofiarekin bat» egiten duelako aukeratua dutela. Lazkanok adierazi du «ohore bat» dela: «Denbora asko kentzen didan proiektu batean murgilduta egon arren, ezin izan nion ezetz esan Bizkaiko sagardogileen sektorearen proposamenari. Niretzat oso pozgarria da nigan pentsatzea euren enbaxadore izateko».

Uztari dagokionez, Zamalloak esan du arazo batzuk izan arren «orekatua eta ona» izan dela, eta ziurtatu du ekoizleak «konforme» daudela. «Hasieran, arazo handi bat izan dugu txingorragatik eta sagarraren harragatik, baina bigarren parteko uzta oso-oso ona izan da».

Uztaren datuak eman ditu Zamalloak: 200.000 kilo sagar jaso dituzte, eta, horrekin, 100.000 litro sagardo ekoitzi dituzte, eta 30.000 litro zuku. Emaitza onak izan badira ere, presidenteak onartu du gehiago espero zutela, eta kupela batzuk bete gabe geratu direla iaz egindako eguraldi txarragatik. Elkarteak Bizkaiko ekoizleak eskertu ditu aurtengo sagardoagatik: «Bizkaia ez da sagardo sasoirik gabe geratuko aurten, sagardo naturalaren zortzi ekoizle eta egileren ahaleginari eta ilusioari esker».

Elkarteak ezagutarazi du aurtengo sagardoa iazkoa baino «arinagoa» izango dela, alkohol graduazio txikiagoa duelako. Horrez gain, gaineratu du «oso ezaugarri aromatiko interesgarriak» dituela sagardoak, eta gorputz «handiagokoa» dela.

Prezioen igoera
Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak jakinarazi du produktuak %10 eta %20 arteko igoera izango duela aurten. Sagardoa aurrerantzean ere «errentagarria» izan dadin, igoerak ezinbestekoak dira; hala arrazoitu dute. Oro har, prezio guztiak igo dira, eta sagardoa ere garestitu behar izan dute, sagardogintza «errentagarria» izateko.