Sagardoaren lurraldea

Petritegi, berrikuntza eta jasangarritasunaren bidetik

Descripción

Ainara eta Argoitz Otaño buru dituen ekoizpen taldeak milioi bat litro zuku egin ditu uzta honetan, Petritegik merkaturatzen dituen erregferentzia...

euskal sagardoa consumo lata marca sidrería petritegi

Ficha

  • Autor: J.S.
  • Fuente: Gara
  • Fecha: 2024-01-12
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016639

Texto completo

Astigarragako Petritegi sagardotegian ilusioz ekin diote aurtengo denboraldiari. Euskal Sagardo kantitate handienetakoa egiteaz gain, pauso berriak eman dituzte berrikuntzaren eta jasangarritasunaren bidetik.

Astigarragako Petritegi sagardotegian ilusioz ekin diote aurtengo denboraldiari. Euskal Sagardo kantitate handienetakoa egiteaz gain, pauso berriak eman dituzte berrikuntzaren eta jasangarritasunaren bidetik.

Ainara eta Argoitz Otaño buru dituen ekoizpen taldeak milioi bat litro zuku egin ditu uzta honetan, Petritegik merkaturatzen dituen erregferentzia guztietarako: sagardo naturalak, apardunak, modernoak eta sagar ekologikoaren zukua.

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duten sagardoak %100 bertako sagarrekin ekoiztu dituzte, noski, eta gainerako erreferentzietarako ere sagarren %70 bertako hornitzaileena erabili dute.

Euskal Sagardoa zigilua duten sagar-bakarrei dagokienez, bertako sagar moten aldeko apustua egiten jarraitu dute, txalaka, goikoetxe eta urtebi txiki motak erabiliz. Aurten, berritasun nagusia da Suhar (goikoetxe) eta Alai (txalaka) sagardoak Petritegi dolare-baserria inguratzen duen Etxe-Buru familiako sagastian jasotako barietateekin soilik egin direla, ustiapen ekologikoan landuta dagoen sailean. Beraz, «lursaileko» sagardo jasangarriak dira.

2024 denboraldirako beste berrikuntza nagusia latan ontziratutako sagardoak dira: Petritegi Euskal Sagardoa, Sagar Krash Sagar eta Sagar Krash Limoi, hirurak 250 ml-ko «slim» formatuko aluminiozko ontzietan.

Hiru edari hauek Jatorri Deiturako sagardoak dira, hau da, bertako sagarrekin egindakoak. Sagar Krash izenekoak sagardo modernoak dira, freskagarriak, gozo puntuarekin eta alkohol gutxikoak.

Petritegiko arduradunen hitzetan, «Euskal Herrian sagardoaren kontsumoa oso lotuta egon da beti otorduekin. Baina zalantzarik ez dago beste momentu batzuetan ere kontsumitu daitekeela. Horregatik, sagar ekoizleak izanda, pentsatzen dugu sagardo horiek ere ekoiztu ahal eta behar ditugula. Garai berriek zapore berriak behar dituzte», nabarmendu dute.

Bi zaporetan eskaintzen dituzte -sagarra eta limoia- eta eguneko edozein momentutan hartzeko pentsatuta daude: aperitiboaren orduan, otorduetan, lana amaitutakoan edo afari-merienda garaian…

Aluminiozko ontziek, bestalde, arintasuna eta kontsumitzeko erraztasunaz gain, birziklatzeko erraztasuna ere eskaintzen dute. Izan ere, Petritegiko arduradunen erronketako bat sagardo-ontziak berrerabiltzea eta birziklatzea da. «Beira birziklagarri eta itzulgarriaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, ontzien %70 Petritegira itzuliz berriro, eta orain ere latak erabiliko dira, ekonomia zirkularraren erakusleiho ona».

EGUZKI PANELAK ETA AUTOAK
Jasangarritasunaren arloan, Petritegik beste zenbait urrats egin ditu eta horien artean aipagarria da karbono-aztarnaren kalkulua erregistratu duen lehen sagardotegia dela. Horrek murrizketa eta konpentsazio ekintzak ekarriko dituela iragarri dute.