Sagardo fresko eta erotikoa
Descripción
Bada teoria bat esaten duena edozein hitzek balio duela "mozkorra" ordezkatzeko; batere loturarik ez duen edozein hitzek. Adibideak. Me...
ocio bertsolari euskal sagardoa gastronomía marca sidra
Ficha
- Autor: Eli Pagola
- Fuente: Gara
- Fecha: 2024-01-24
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-016612
Texto completo
Bada teoria bat esaten duena edozein hitzek balio duela «mozkorra» ordezkatzeko; batere loturarik ez duen edozein hitzek. Adibideak. Melokotoi galanta. Atzo Amets sekulako bikarbonatoarekin zihoan; hori, mesanotxea, hori! Halako prozesadorerik, gutxitan. Zentrifugatuta zebilen. Zepillua, ostia, biajea, zepela, legatza eta askoz gehiago. Izango da testuinguruagatik ulertzen delako, zeren, hitzen lehen esanahiek ez dute zerikusirik emandako adiera horrekin. Oinarrizko umore deituko diote; hala ere, grazia egiten dit beste kontestu batera eramandako hitzen jolasak. Mekanismo bat izan daiteke nondik heldu ez dakizun gaietarako.
Goazen 2024ko txotx irekierara. Astigarragan aste honetan egin dute ekitaldia eta, ohi bezala, ohorezko gonbidatu batek eman dio hasiera denboraldiari. Horren harira, 1994-2024 urteen artean izandako gonbidatuen zerrenda ere publikatu da. 31 ekitalditan 36 gizon omendu dira eta 14 emakume (2010ean, Reala omendu zutenekoan, ordezkari aritu ziren hirurak soilik kontatu dira); gonbidatu bakar izan direnetatik, berriz, 19 izan dira gizonezkoak eta 4 emakumezkoak. Gonbidatuen ofizioak ere esanguratsuak dira: 4 edizio sukaldarientzat, 9 kulturgileentzat eta 15 kirolarientzat. Baten bat etorriko zait «zer espero zenuen ba»-ka eta ez naiz aurreiritziarekin ados egongo, baina kontua ez da hori. Kontua da laster gonbidatuko dutela Anjel Erro irekierara eta ulertuko dugula ekitaldi honetan orain arte ezkutuan eraman duten jolasa. Badira zenbait urte Errok pilotaren terminologia eta esamolde homoerotikoen berri eman zuela. Tesia da pilotarien adierazpenak kontestuz mugitzen badituzu nor baino nor lizun eta sentsualago aritzen direla euren jardunaz. Artikulu horiek inflexio puntu dira kirolaren ulerkeran. Bada, urteko sagardoaren aurkezpen azalpenetan ez al dira jolas horretan ariko? Gorputz ederreko uzta lurrintsua, goiz heldutakoa, dotore eta apartsua, biguna, erraz sartzen dena, irregularra... Hori, edo sagardo ona datorrela esateko ia edozein hitzek balio duela.