Sagardoaren kultura eta zentzumenak bat eginda Sagardoetxean
Descripción
Sagardoetxeak bere eskaintza berritu, eta bisitariekin zentzumenak landuz sagarraren unibertsoan barneratzeko eduki berriak garatu ditu; zehazki, zentzumenekin jolasean aritzeko usaimenen gunea, eta museoko sagastian aisialdi taldeekin egiteko escape room jokoa martxan jarri ditu aurten. Horiez gain, urte osoan zehar jarduera bereziak eskaintzen ditu.
ocio astigarraga visitante degustación acción cultura museo patrimonio sidra sagardoetxea sentido
Ficha
- Fuente: Kronika.eus
- Fecha: 2024-01-20
- Clasificación: 3.0. Museo de la Sidra Vasca
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-016560
Texto completo
Sagardoetxeak bere eskaintza berritu, eta bisitariekin zentzumenak landuz sagarraren unibertsoan barneratzeko eduki berriak garatu ditu; zehazki, zentzumenekin jolasean aritzeko usaimenen gunea, eta museoko sagastian aisialdi taldeekin egiteko escape room jokoa martxan jarri ditu aurten. Horiez gain, urte osoan zehar jarduera bereziak eskaintzen ditu.
Hamazazpi urteko ibilbidea egina du Sagardoetxea Sagardoaren Museoak. Astigarragan kokatua, urtean 12.000 bisitari jasotzen ditu sagardoaren etxeak. Urtetik urtera sagardoaren kulturaz gozatzera gerturatzen den bisitarien kopurua hazten ari da, eta orain arte 130.414 pertsona izan dira Sagardoetxea bisitatu dutenak.
Gaur egun, museoak sagardoaren kulturako bitxikeria, historia nahiz elaborazio prozesuari dagozkion edukiak ezagutarazteko hiru gune dauzka: sagastia, museo-gunea eta dastalekua. Eta azken hori izan da, hain zuzen, bisitariekin zentzumenak lantzeko aurten eraberritu dutena usaimenen gunea gehituta.
Bertan, sagarraren munduko eta naturako beste hainbat lurrinekin esperimentatzeko nahiz gozatzeko aukera eskaintzen zaio bisitariari: fruta-usainak, lore-usainak, natura-usainak eta abar ezagutuko ditu lurrin-ontziekin jolasean. Gune berria irudimenari hegan egiten uzten dion lekua da, eta bisitariak bere zentzumenekin jolasean aritzeko eta museoko bisita beste modu batean gozatzeko aukera du.
Bisitariek sagarra jo dezakete.
Bisitaren edukiak escape room formatura egokitu dira
Museoko erakusketa iraunkorra berritzeaz gain, sagarraren eta sagardoaren kulturako edukiak modu ludikoagoan zabaltzeko asmoz, bisitaren edukiak escape room formatura egokitu ditu. Horri esker, bisitariek edukiak jolas, asmakizun eta proba ugariren bidez lantzeko aukera dute.
Horiez gain, urte osoan zehar sagardoaren kulturaz gozatzeko planak eta jarduera bereziak eskaintzen ditu sagardoaren museoak. Horien artean, Museoa eta sagardotegia esperientziak museoko bisita eta sagardotegiko otordua uztartzen ditu, eta esperientziarik salduena da.
Goxokatak, berriz, usainekin jolastu eta gure lurraldeko produktu gastronomiko bereziez gozatzeko aukera eskaintzen du: sagardo naturala Idiazabal gaztarekin, sagardo aparduna sagar dultzea eta intxaurrarekin eta Bizi-Goxo izotzezko sagardoa gatza duen txokolatearekin. Sagarbike esperientziak, bizikletan ibilaldia egiteko aukera eskaintzen du, eta Sagardoa eta Itsasoa esperientziak sagardoak itsasoarekin duen lotura historikoa ezagutzekoa.
Sagarbike ibilbideak ere egin daitezke.
Argi geratu denez, Sagardoetxean sagarraren fruta-arbolari zukua atera diote Astigarragan, eta sagarraren kulturaz gozatzeko hamaika ekimen eskura ditugu denok. Oraindik ez baduzue ezagutzen, www.sagardoetxea.eus webgunean urte osoan zehar eskaintzen dituen jarduerei buruzko informazioa eskura dago.