Asbjørn Børsheim: Norvegiako aitzindaria
Descripción
Sagardogintza ez da gauza berria norvegian, baina azken urteotan berpizkundea bizi du eta sektorearen bultzadan zeresan handia izan duen ekoizleak bere esperientziaren berri eman zuen abenduan donostian antolatutako sagardo forumaren bosgarren edizioan
astigarraga formación jornada noruega sagardo forum sidra elaboración de la sidra manzana manzanal
Ficha
- Autor: N.G.
- Fuente: Noticias de Gipuzkoa
- Fecha: 2024-01-19
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-016544
Texto completo
Historia luzea bezain gorabeheratsua du sagardogin-tzak Norvegian. Sagarrak lehenagotik ere baziren, baina XIII. mendean Ingalaterratik iritsitako monjeek sagastiak landatzen eta fruta hartzitzen irakatsi zieten bertakoei, sagarrak sagardo bilaka-tzeko. Goia jo zuen XIX. mendean, industria garrantzitsua izan zen duela 130 bat urte, baina etena izan zuen 1920an, Vinmonopolet, garagardo, ardo eta likoreen estatuaren monopolioa ezarri zenean.
Nahiz eta sagardogile gehienek behea jo zuten, nekazariek etxean sagardoa egiten eta edaten jarraitu zuten. 1990ko hamarkada bukaeran eta 2000ko hasieran sagardoarekiko interesa suspertu zen, legea aldatu, eta sagardo industria martxan jarri zen berriro.
2003an Hardanger Cider Organization sagardogile sarea sortu zuten eta 2009tik jatorri deitura babestua da. Aldaketa garrantzitsuena, ordea, urte batzuk geroago heldu zen. “2016an baserrietan saltzeko baimena lortu genuen. Gazte asko baserrira bueltatu ziren eta, saltzeko aukera zutenez, sagardoa egiten hasi ziren. Ondorioz, hazi egin da sektorea”, azaldu du Ulvik hiriko Ulvik Frukt & Cideriko arduraduna den Asbjørn Børsheimek. Aldaketak bultzatuta, eta ekoizle kopuruarekin batera, sagastien azalera ere hazten joan da, nahiz eta landetxeen lursailak txikiak izan ohi diren: 2-7 hektarea ingurukoak.
Fiordoen eragina
Norvegiako bigarren hiri garran-tzitsuena den Bergen hiritik 150 kilometrotara dago Hardanger eskualdea, sagardo artisauaren erdigunea. Izen bereko fiordoak ingurune naturala baldintzatzeaz gain, bertako sagarrak ezaugarritzen ditu: argiaren islak mendi magal malkartsuetan hazten diren frutek jasotzen duten argi kopurua handitzen du, eta era berean, udako beroa freska-tzen du. Mikroklima horri lurraren mineralizazioa gehituta, emaitza askotariko sagarrak dira: gogorrak, lehorrak, gozoak, aromatikoak, mikatzak... Hardanger eskualdeko sagarrez egindako zukuak eta sagardoak munduko onenen artean daude. Jateko sagarrak dira, “azidotasun eta aroma handia dute, klima epelaren, lurraren eta fiordoaren ondorioz”, laburbildu du Børsheimek frutari buruz galdetuta. Lehengaia oinarrizkoa bada ere, urteak, uztak eta prentsatze denborak ere zaporeari eragiten diola zehaztu du ekoizleak.
Sagardogintzaren iraultzan zeresan berezia izan duen sagardogileetako bat da Børsheim, urtetan ekoizleen elkarteko presidentea izan da. Profesionalki duela hamabost urte hasi zen sagardoa ekoizten, etxean lehenagotik egiten bazuen ere. “Aurretik beste bizitza bat nuen. 2004an baserri bat erosi nuen eta Norvegian sagardo ekoizle aitzindarietako bat izan nintzen”. Hakastad etxaldeak hiru bat hektareako lursaila du eta sagarra besterik ez du hazten bertan. Hori bai, askotarikoak. “Fruta ekoizle batek sei bat mota baditu, nik 24 ditut”, nabarmendu du. Uztaren zati txiki bat saldu egiten du, gainerakoa eta erositako batzuk, “orotara, 15 bat tona”, zukutarako eta sagardotarako baliatzen ditu, erdibana. Zortzi sagardo mota ekoizten ditu eta estatuaren monopolioari, jatetxeei edo baserrira doazen bisitariei saltzen dizkie.
Kalitatean jarri dute arreta eta ikerketak egin dituzte probatzeko. Horrekin batera, sagardoaren hizkuntza landu eta zapore txarrak eta onak antzematen ikasi dute, biak ezagutzea “garrantzitsua” baita. Ahaleginaren adierazgarri da Norvegiako sagardoek sari ugari jaso izana azken urteotan, Frankfurteko World Cider Awards edo Sagardo Forum Nazioarteko Sagardo Lehiaketan, kasu. Edonola, ez dute esportatzen, baina bisita egiten dieten atzerriko turistei saltzen diete.
Istorio on baten garrantzia
Lan asko egiten du bisitariekin. Izan ere, Ulvikeko Sagardoaren eta Sagarraren ibilbidearen parte da Ulvik Frukt & Cideri Hardanger Saft-og Siderfabrikk eta Syse Farm landetxeekin batera. Børsheimek gogoratu duenez, 2010ean abiarazi zuten elkartzea onuragarria zela sinetsita. “Nahiz eta lehiakideak izan, turistentzat eta turismo agentzientzat gu bat gara. Hori oso garrantzitsua da. Horrenbeste hazi izanaren arrazoietako bat irekita gaudela da, elkarrekin lan egiten dugu. Normalean, Handargereko gizon zaharrek erregeen modura jokatzen zuten: bakoitza bere lekuan mantentzen zen, norberarentzat gordeaz berea. Gu irekita gaude, eta hori garran-tzitsua da arrakasta izateko”.
Sagastietara joan, baserriak bisitatu, dolarean sagardoak dastatu, produktuak erosi eta beste jarduera batzuk egiteko aukera du bisitariak. Ulvik hiriaren erdigunetik gertu daude hiruak, eta bakoitzak bere berezitasunak dituenez, zerbait desberdina eskaintzen dio bisitariari, bere sagardoaz haratago. Adibidez, Syse Gareden museo lantegi bat dago, tradizio artisauak ezagutzeko. Horrez gain, urtean bi jaialdi egiten dituzte: Sidersleppet (maiatzean) sagardoak ospatzeko, eta Fruktsleppet (urrian) sagar uztaren festa. Borsheimen hitzetan, “sagardo jaialdian txartela erosi eta hiru baserrietara joan zaitezke, esperientzia bizi, ekoizpena ikusi, eta sagardoak edo zukuak dastatu. Udazkenean, berriz, sagarren eta beste fruten dastaketa egiten dugu”.
Turistekin jardutean “diskurtso on bat izatea, istorio on bat” funtsezkoa dela uste du Borsheimek. Asmatu dutela dirudi, “abuztuko aste bakarrean 20 herrialdetako pertsonak izan ditut nire baserrian. Hazten ari da”. Ez dira horrekin konformatzen, ordea. Eskualdeko naturaz goza-tzeko jarduerak egin eta ondoren sagardogileen etxeetara joateko aukera ere lantzen ari dira. “Inguruan dugun natura aprobetxatzea da helburua”.