"Egun honek hedabideen partetik duen jarraipenak harritu nau gehien"
Descripción
Sagardo Berriaren Eguna gertutik ezagutu gabe iritsi zen Astigarragara eguneko protagonista, Iñigo Etxezarreta abeslaria. Ekitaldiaren jarraipenak harrituta, gustu haundiz egin zituen lan guztiak. Sagarrondoa landatu berritan, Alorreneara iritsi aurretik, Etxezarretarekin hitz egiteko aprobetxatu zuen Kronikak, egunari eta ETS taldeari buruz aritzeko.
sidrería alorrenea astigarraga euskal sagardoa iñigo etxezarreta marca protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx
Ficha
- Fuente: Kronika.eus
- Fecha: 2024-01-20
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-016503
Texto completo
Sagardo Berriaren Eguna gertutik ezagutu gabe iritsi zen Astigarragara eguneko protagonista, Iñigo Etxezarreta abeslaria. Ekitaldiaren jarraipenak harrituta, gustu haundiz egin zituen lan guztiak. Sagarrondoa landatu berritan, Alorreneara iritsi aurretik, Etxezarretarekin hitz egiteko aprobetxatu zuen Kronikak, egunari eta ETS taldeari buruz aritzeko.
Zer moduz joan da zure eguna? Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Dena oso ondo joan da. Egia esan, hasieratik dexente harritu nau komunikabideen presentziak eta egunak daukan garrantziak. Horrekin harrituta pasa dut eguna.
Ezagutzen zenuen Sagardo Berriaren Eguna?
Ez, gertutik ez behintzat. Ni ohituago nago, beharbada, Arabar Errioxan ardoaren inguruan egiten dugun jai horretara. Hemengoa ez nuen hainbeste kontrolatzen, eta ziurrenik horregatik harritu nau hainbeste. Oso pozik nago aurtengo gonbidatua izateagatik.
Nola jaso zenuen gonbidapena?
Orain dela gutxi proposatu zidaten, ez nuen espero eta pozik hartu nuen. Iruditzen zait detaile edo keinu oso polita dela Arabar Errioxako pertsona bat gonbidatu izana. Horrek erakusten du Euskal Herrian dauzkagun kultura eta tradizio ezberdinen arteko batasuna sustatzeko aukera dagoela.
Aipatutako bi kultura horien artean antzekotasunak ikusten dituzu?
Bai, elkarren arteko lotura existitzen dela esango nuke. Uste dut ardoarekin eta sagardoarekin ospakizun baten bueltan elkartzen garela gehienetan, hori antzekoa da. Baina, nire ikuspuntutik, iruditzen zait sagardoa edo sagardotegiko plana bihurtu dela esperientzia bat. Ardoa gehiago ikusten dut urtean zehar otorduetan kontsumitzen dudan edari modura; hemengoa esperientzia batekin lotzen dut.
Eta esperientzia hori askotan bizi izan duzu?
Bai! Urtero etortzen naiz. 15 urte inguru daramatzat hiru edo lau aldiz etortzen; lagunekin zein senideekin. Urtero gozatzen dudan plana da, eta horregatik niretzat zentzua dauka gaurkoan hemen egoteak.
Ez dizkizute lan errazak jarri, baina sagarrondoa landatzen nahiko trebe aritu zara.
Bai, beno... Haurra nintzenean tankerako lanetan aritzen nintzen Iekoran, nire aitaren herrian. Baina, egia esan behar badut, ez nintzen oso ondo gogoratzen. Denbora neraman aitzurrik hartu gabe.
Hainbeste kameraren aurrean ez zinen sekula arituko...
Hori ziur! Prentsaurrekoan espero nuen, baina momentu horretan hainbeste kamera izango zirenik ez. Badakit irudiak zabaltzen direnean lagunek nitaz parre egingo dutela.
Ahots aproposa hautatu dute antolatzaileek 'Gure sagardo berria' oihukatzeko, ezta?
Espero dut baietz. Badakit esaldia oso garrantzitsua dela, goizean proba batzuk egiten aritu gara. Ez da lan zaila, baina espero dut 'ardo' hitza ez ateratzea!
Gaurko egunaz gain, ETSrekin ere buru belarri ari zara lanean. Zein momentutan dago taldea?
Esango nuke profesionalki taldearen momentu onenean gaudela. Gainera, 20. urteurrena ospatzeko BECen egingo ditugun kontzertuen harira sortutako eztandak zur eta lur utzi gaitu. 40.000 sarrera saldu dira dagoeneko, hiru kontzertu eskainiko ditugu azkenean, eta azken sarrerak besterik ez dira geratzen. Urtebeteko tartearekin jarri genituen salgai, pixkanaka saltzen joango zirela pentsatuz, eta beno, espero gabe harrapatu gaitu olatuak. Horregatik diot ETSren une gozoenetako bat bizitzen ari garela.
Ibilbide oparoa dauka taldeak. Atzera begiratuta, nola ikusten duzu lortutakoa?
Munduan errepikatzen den gauza bakarra aldaketa da. Gure taldea ere horren isla da, musika estilo ezberdinak izan ditugu, asko eboluzionatu dugu, taldea profesionalizatu egin da... Taldearen ibilbidea ikaskuntzarekin lotzen dut. Zerotik hasi ginen, ez genekien ia ezer musikaren munduari buruz, eta ez ginen musikariak kontsideratzen. Gaur egun, oraindik ere, batzuk ez gara musikari kontsideratzen, ETSko kideak baizik; bertan ikasi baitugu dakigun guztia. Ibilbidea disziplinarekin eta lanarekin lotuko nuke, batik bat.