Uzta haundia eta berezia
Descripción
2023. urteko uztarekin 12 milioi litro inguru sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian. Aurten, iazkoa baino uzta haundiagoa izan da Euskal Sagardoa Jatorri izendapenarentzat: 4.000.000 litro Euskal Sagardo egin dira eta 6.000.000 kilo sagar bildu dira.
euskal sagardoa marca sidra cosecha
Ficha
- Fuente: Kronika.eus
- Fecha: 2024-01-20
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-016502
Texto completo
Euskal Sagardoko ordezkariak, Sagardoetxeako kideak, sagardogileak eta instituzioetako ordezkariak, Otalarrean.
2023. urteko uztarekin 12 milioi litro inguru sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian. Aurten, iazkoa baino uzta haundiagoa izan da Euskal Sagardoa Jatorri izendapenarentzat: 4.000.000 litro Euskal Sagardo egin dira eta 6.000.000 kilo sagar bildu dira.
2023ko uzta haundia eta berezia izan da. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko presidenteak, Oihana Gaincerainek, txotx irekieran eman zuen jakitera aurtengoa iazkoa baino dezente haundiagoa izan dela: 4.000.000 litro inguru sagardo ekoitzi da bertako sagarrarekin (iaz 1.200.000 litro inguru izan ziren), eta 50 sagardotegik hartu dute parte prozesu horretan: arabarrak 2, bizkaitarrak 3 eta gipuzkoarrak 45.
«Urriko beroek sagar kopurua zerbait murriztu bazuten ere, guztira 6 milioi kilo inguru sagar bildu dira Jatorri Deiturako 500 hektareatan», azaldu zuen presidenteak. Halaber, Euskal Herrian, 12 milioi litro inguru ekoiztu dira guztira.
Sagardoa egiteko erabiltzen den sagar barietatearen arabera, sagastiaren zonaldearen arabera eta sagardotegi bakoitzaren arabera, aurtengo txotx boladan dastatuko diren sagardoak ezaugarri ezberdinak izango dituzte. Hala ere, orokorrean, iazkoarekin alderatuta, alkohol graduazio eta gorputz txikiagoa dute sagardoek, eta oso lurrintsuak dira.
2023ko sagar uztaren ezaugarriak
Hogeita hirugarren urtez jarraian, irailaren hasieran kontrol bat egin zen Fruitel eta Sagardoaren Lurraldearen artean Gipuzkoako sagasti batzuetako sagarren egoera ezagutzeko. Horretarako, Gipuzkoako zenbait sagasti jarraitu eta 14 barietate kontrolatu ziren: Aritza, Errezila, Gezamina, Goikoetxe, Manttoni, Moko, Mozolua, Patzolua, Txalaka, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Verde Agria.
Iazko datuekin alderatuta, heldutasuna aurreratuago etorri da almidoiaren erregresioari begiratuta, baina aldi berean azukre maila baxuagoa izan du.
Azukre maila aztertuz, aurtengo urteak bataz beste 10,6 ºBrix izan ditu. Aurreko urtean baino 1,2 puntu baxuagoa izan da, eta 2021 urtean bezalakoa. Barnealdeko sagastietan datu hori altuagoa izan da.
Almidoiaren erregresioa 3,4-ko indizean egon da; hau da, aurreko urtean baino 0,6 puntu altuagoa izan da, eta 2021 urtea baino 0,4 puntu altuagoa.
Aipatzeakoa da lurrera erori den sagar kantitate haundia, ziurrenik udazkeneko haizeteen ondorioz. Erorketa hori Txalaka, Mozolua eta Gezamina barietateetan nabarmena izan da.
Heldutasun datuak ikusita, eta almidoiaren erregresioaren arabera, Goikoetxe barietatea kenduta hiru barietate talde izan dira: aurreratuenak (Patzolua, Mozolua, Gezamina, Urtebi Txiki, Aritza eta Urdin); erdikoak (Txalaka, Manttoni, Verde Agria eta Urtebi Haundi); eta atzeratuenak (Errezila, Moko eta Udare Marroi).
Kalitatearen aldeko hautua
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016. urtean hasi eta urtero errepikatu dituen dirulaguntza deialdiei esker, 123.7 hektarea landatu dira. Makinariari dagokionez, dirulaguntzetan 213.660,54 € onartu dira, eta sagastien landaketarako, guztira 1.881.995,95€. Hau da, 2016. urtetik hasita, dirulaguntzetan 2.029.743,09 € onartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Produktuaren kalitatearen hobekuntzan, sektoreak Fraisoro Nekazaritza Kalitateko eta Berrikuntzako Laborategia dauka. Gaur egun, merkatuan dauden sagardoen azterketa fisiko-kimikoak nahiz zentzumen-analisiak egiten dira bertan; bi kalitatezko markena; alegia, Euskal Sagardoarena (txapel gorria) zein Gorenarena (txapel beltza), eta baita gainontzeko sagardoena ere. Esan gabe doa, laborategiak sagardogile guztiei ematen diela zerbitzua.
2023ko datuak aurreko urtearen antzekoak izan dira eta Fraisoro Ingurumen eta Nekazal Laborategian: 4.069 lagin aztertu ziren fisiko-kimikoki (muztioak, hartzidura prozesuan zeuden sagardoak, ontziratzeko puntuan zeuden sagardoak...), 28.090 determinaziorekin.
Era berean, zentzumen-analisiari dagokionean, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturara nahiz Gorenak zigilura bideratutako sagardo naturalaren 478 bat lagin dastatu dira.
Fraisoro Laborategia estatu guztian sagardo naturaletarako akreditatua dagoen dastaketa panel bakarra da. Urtero ENAC (Egiaztatze Erakunde Nazionala) entitateak ikuskatzen du bertan egindako azterketen kalitatea eta azterketa horiek zentzumen-analisien arauetara egokitzen diren egiaztatzeko. 2013an martxan jarri ondoren, 1.130 dastatze saiotik gora egin ditu gaur arte Fraisoro Ingurumen eta Nekazal Laborategiko dastatze panelak.
Nazioarteko oihartzuna
Bertako sagardoa geroz eta ezagunagoa da nazioartean, eta horri esker, Euskal Herrian ekoiztutako sagardoak erreferentziazko kokapena eskuratu du nazioarteko sagardo lehiaketetan. Baina sagardo naturalaz gain, hemengo sagardogileek ekoiztutako sagardo apardunak, izotzezkoak, lupuludunak eta hainbat zaporetakoak ere sarituak izan dira Alemanian, Norvegian nahiz Asturiasen izandako lehiaketetan. Hala, hauek izan dira bertako sagardo ekoizleek eskuratu dituzten nazioarteko sariak: Nordic International Cider Awards (NICA) 2023, Cider World’ 23, SISGA 2023 eta V. Sagardo Forum 2023.