Uzta oparoa sagargileentzat, sagar osasuntsuz betetakoa
Descripción
Udako eguraldi euritsuak mesede egin die sagarrei. Iazko sagardoak baino alkohol gutxiago izango du aurtengoak, orokorrean
manzana local euskal sagardoa marca manzana para sidra manzana cosecha
Ficha
- Autor: Amaia Jimenez Larrea
- Fuente: Berria
- Fecha: 2023-09-23
- Clasificación: 1.3. Manzana
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-016276
Texto completo
Euskal Sagardoak eta haren parte diren bazkideek asteartean aurkeztu zuten sagar uzta berria. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako sagasti gehienetan hasiak dira sagarrak biltzen, eta horretan ariko dira azarora bitarte. Hala ere, sagar motaren, zonaren, sagarraren heldutasun puntuaren eta sagardogileen gustuaren araberakoak izango dira bilketa garaiak. Aurtengo uzta «oparoa» izan dela aipatu zuten ordezkariek, udako eguraldi euritsua dela medio. Bestalde, aleak handiak eta osasuntsuak direla adierazi zuten.
Iazko uzta txikia izan zen, eta aurreikusita zegoen aurtengoa handiagoa izatea. Alkohol gutxiagoko sagardoa lortuko dela uste dute Euskal Sagardoan: «Horrek sagardogileari lan egiteko aukera ematen dio, gustuko sagar motetatik aukeratzeko edukiko baitu, bai gezak eta baita gaziak ere».
Sei milioi kilo pasatxo jasoko direla uste dute, gutxi gorabehera. «Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan», gehitu zuten Jatorri Deiturako ordezkariek. Hori horrela, sagarzaleen eta sagardotegien arteko akordioak sinatzen ari dira, elkarlana luzerako izan dadin.
106 sagar mota onartzen ditu Euskal Sagardoak, eta horietatik 24 dira gehien erabiltzen direnak. Sagar garratzak, gezak eta gazi-gezak bere modura nahasten ditu sagardotegi bakoitzak, lortu nahi duen sagardoaren arabera.
Sagasti berriak
Euskal Sagardoko 250 sagargileetatik 150 hektarea produkzioan sartu berriak dira. Sagasti berrien ehunekorik handiena Gipuzkoan dago, ordezkarien hitzetan. Bertako foru aldundiak emandako diru laguntza bati esker sartu dira gehienak. Bizkaian eta Araban ere badaude sagasti berri batzuk. Helburua da sagargile eta sagasti gehiago sortzen jarraitzea.
Jatorri izenaren sorreran, helburu argi bat finkatu zuten: hamabost urtean Euskal Herriko sagardo guztia bertako sagarrarekin egitea, eta hori lortzeko egiten dute lan geroztik. Hala ere, sagasti txikietan jarri dute arreta, bertan dagoen errelebo faltak ez baitie asko laguntzen: «Sagastiak zaintzeko eta sagarra biltzeko jendea falta da horrelako kasuetan; baserrietan lan egiteko geroz eta jende gazte gutxiago dago», aipatu zuten. Gehitu zuten administrazioarekin elkarlanean lan egingo zutela arazo horri aurre egiteko.
Urtero legez, sagar uzta jasotzeko garaia hasi berri dela ospatzeko, Astigarragan (Gipuzkoa) Sagar Uzta festa antolatu dute. Ostegunean hasi zen, eta bihar amaituko dute. Biharkoa izango da egun nagusia. 11:30etik 14:00etara egingo dute sagarraren azoka, eta sagardogintzako lanak erakutsiko dituzte.