Donostiako Euskal Jaiak abian
Descripción
Donostiako Euskal Jaiak hasiko dira gaur, Kontxako Banderaren emakumezkoen sailkapen estropadarekin. 60 jarduera antolatu dituzte, tartean igandeko Sagardo Eguna
donostia euskal sagardoa gastronomía marca sagardo egunak sidra
Ficha
- Autor: Ainara Otegi
- Fuente: Berria
- Fecha: 2023-08-30
- Clasificación: 5.2. Días de la sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-016248
Texto completo
Euskal giroa izango du Donostiak gaurtik irailaren 10era arte, Euskal Jaiak egingo baitira hirian. 60 jarduera izango dira: poesia, kirola, kultura eta gastronomia ekintzak antolatu dituzte, eta herritarrek parte hartzeko aukera izango dute.
Jaiak estropadekin hasiko dira, Kontxako Banderako emakumezkoen sailkapen estropadarekin, gaur, 18:00etan. Gizonezkoen sailkapen estropada bihar izango da, ordu berean.
Euskal Jaiek irauten duten bitartean artisautza azoka izango da Alderdi Ederren, Lur Kolektiboak antolatuta. Artisau donostiarrek sortu zuten Lur Kolektiboa, jarduera horrentzat Donostian gune propio bat sortu nahian. Lau produktu mota ikusi ahalko dira bertan: larruzkoak, zurezko jostailuak, bitxigintza eta koadernaketa.
Sagardo Eguna da Donostiako Euskal Jaietako ekitaldi nagusi eta tradizionalenetako bat. 37.a izango da aurtengoa. Larunbatean egingo dute, 11:00etan, Konstituzio plazan. Guztira 39 sagardogileren sagardoak dastatu ahalko dira, guztiak Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak. Aurreko urteko uztako sagardoa eta aurtengo sagar muztioa probatzeko aukera egongo da, Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen koordinatzaileak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez.
Edariaz gain, jatekoak ere salduko dira Sagardo Egunean, Petritegi sagardotegiko txorizo eta bakailao tortilla pintxoak, besteak beste.
Kopa izango da aurtengo berrikuntza. Kopan egingo da aurtengo sagardo dastaketa. Hamar tragok eta kristalezko kopak zortzi euro balioko dute; baina, aurtengoan, «berrerabilera sustatzeko», bi euro bueltatuko dizkiote kopa itzultzen duen bakoitzari.
Kultur ekintzetan parte hartzeko aukeraz gain, Donostiako historia oroitzeko parada eskainiko du Gaztelu Egunak. Irailaren 9an ospatuko da, 11:30ean. Bertan, 1813an sinatutako Zubietako akta gogoraraziko dute. Modu horretan, omenaldia egingo diete 1813ko abuztuaren 31n hiria suntsituta gelditu ondoren Donostia berreraikitzeaz arduratu zirenei. Elias Arruebarrena Gaztelu Eguneko antolatzaileak azaldu zuenez, egun horrek euskal jaiaren ezaugarriak biltzen ditu: «Folklorea, kultura eta festa».
Gaztelu Egunean bi omenaldi egingo dituzte: lehenengoa, Mota gaztelutik Parte Zaharrerako bidean egingo dute, 19:00etan, 1813ko hilabete horietan hil zirenei; bigarrena, berriz, hiria berreraikitzeaz arduratu zirenei, akta irakurri ondoren, Konstituzio plazan, 19:00etan. Omenaldiez gain, herri bazkarietan eta erromerietan parte hartzeko aukera edukiko dute herritarrek.
Aurtengo Euskal Jaietako kartelari dagokionez, Julen Canok diseinatu du. Canok, kartela egiteko orduan, bi gauza hartu zituen kontuan: alde batetik, jaiaren izaera euskalduna dela eta, bestetik, collage teknika tradizionala dela. Horregatik, kartela collage formatuan egitea bururatu zitzaion.